Asteburuko proposamenak

Erromeriaren «aurpegi guztiak»

Bizkaiko Erromeria Eguna ospatuko dute etzi, lehendabiziko aldiz, Durangon. 30 taldek baino gehiagok parte hartuko dute bertan.

Errenteriako Erromeria Eguneko argazki bat. Aurten 25 urte bete ditu. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako Erromeria Eguneko argazki bat. Aurten 25 urte bete ditu. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
2025eko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendi puntan, ermita baten alboan, trikitia eta panderoa jo eta dantzan aritzea erromeria da; herriko plaza dantzan jartzea txistua jota soilik ere erromeria da; eta erromeria ere bada herriko jaietan gaueko ordu txikiak arte gitarra, bateria eta guzti abestiak jotzen dituen taldeak egiten duena. Erromeriaren «aurpegi guztiak» batzeko helburuz sortu dute Bizkaiko Erromeria Eguna, eta etzi ospatuko dute lehen aldiz, Durangon (Bizkaia).

Behar batetik abiatu zen eguna, Jon Gomez antolatzailearen arabera: «Ikusten genuen erromeriaren formatu musikal guztiak bateratuko zituen egun baten beharra. Horrela sortu genuen Bizkaiko Erromeria Eguna: erromeriaren aurpegi edo kontzeptu guztiak batuko ditugu».

Izan ere, erromeria kontzeptua aldatuz joan da, eta garaian garaiko gizartera egokitzen. Baina aldaketak aldaketa, erromeria tradizionalak ere «bizi-bizirik» daude, Gomezen hitzetan: «Guk geuk ikusi dugu: formatu musikalei begiratuta, garai berrietara egokitzen jakin du erromeriak; baina garaian garaira egokitze horrek ez du esan nahi aurreko formatuak, betikoak, tradizionalak edo sinpleak desagertu direnik. Bizi-bizirik daude oraindik». Horiek guztiak elkartzeko eguna izango da larunbatekoa.

30 taldetik gora elkartuko ditu festak, eta horietatik herenak herrikoak bertakoak izango dira, gutxi gorabehera: txistulari elkarte bi, trikitilari elkarte bi, irrintzilari talde bat, txalapartari talde bi, hiru dantza talde... Durango euskal kulturaren arnasgune dela erakutsi nahi dute: «Durango asko lotzen da Durangoko Azokarekin, baina erakutsi nahi dugu Durango kulturaren hiriburua dela, ez bakarrik abenduko zubi horretan; urte osoan ere Durangok kultur bizitasun eta egitura handia daukala». Hori izan da lehen aldia bertan antolatzeko arrazoietako bat. 

Adin eta gustu guztientzako jaia izatea nahi dute, eta, Bizkaitik ez ezik, Euskal Herri osotik ere jendea joatera animatu du Gomezek. Izan ere, ez da zertan dantzaria edo musikaria izan Erromeria Egunaz gozatzeko: «Modu aktiboan eta pasiboan gozatzeko modua egongo da. Hau da, modu batean zein bestean, publiko guztientzako jaia izango da». 

Jaia baino gehiago

Erromeria jaiarekin lotzen da beti, eta jaia ere bada, noski. Baina pauso bat aurrera joan nahi dute: larunbatean Durangon bilduko direnei jaiak «ekarpen kultural bat» egitea ere nahi dutela adierazi du Gomezek. «Nahi dugu ez izatea jai ludiko huts bat, edo ikuskizunen errenkada bat; datorrena joan dadila etxera zerbait ikasi duela esanez, edo gairen bati buruzko gogoeta eginda». Horretarako, ikuskizunez gain, hitzaldi, tailer eta ikastaroak ere antolatu dituzte.

11:30ean hasiko dira hitzaldiekin, Musika eskolan. Dantzan.eus sareko sortzaile Gari Otamendik eta Oier Araolazak emango dute lehenengoa. Musikari, dantzari, ikerlari eta antropologoak dira biak, eta Korrotik pikutara izeneko hitzaldi dantzatua egingo dute. Bertan, dantzak plazetan izan duen bilakaera aztertuko dute, modu praktikoan: nola pasatu zen bikotekako dantzetatik taldeka dantza egitera, debekatuta egon ziren pasodoble eta balsak...

Jarraian, Gontzal Carrasco trikitilariak hartuko du hitza. Trikitiak iruditeria kolektiboan izan duen bilakaerari buruz mintzatuko da: Italiatik nola iritsi zen, trikitiaren boom urteetan nola zabaldu zen, eta gaur egunean nola dagoen. Azkenik, Ane Albisu ikerlariak tailer bat emango du: Zer eta nola jantzi. Azalduko du buruko zapia, txapela edo gerrikoa nola jantzi, abarkak nola lotu... «Askotan ez ditugulako egoki janzten», zehaztu du Gomezek.

Aurrera begira, asmoa da eskualdez eskualde aldatuz joatea Bizkaiko Erromeria Eguna, herri bakoitzeko beharretara egokituz. «Antolatzaileon asmoa da urtero egitea. Beraz, esan dezakegu Bizkaiko Erromeria Eguna luzarorako etorri dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.