ATZEKOZ AURRERA. Haizea Cosgaya. Irakaslea

«Esaten ez dena garrantzitsuagoa da esaten dena baino»

Kaixomaitia harremanetarako webguneak antolatutako kontaketa erotikoen III. lehiaketako irabazlea da Haizea Cosgaya. Saria irabazteak gehiago idazteko indarra eman diola aitortu du.

MAIALEN ANDRES  / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Oraindik ere sinetsi ezinda dago Haizea Cosgaya (Barakaldo, Bizkaia, 1979), «pozak zoratzen». Izan ere, Kaixomatiak antolatutako kontaketa erotikoen III. lehiaketako kontakizun onenaren saria jaso zuen larubatean, Hats lurrina kontakizunari esker. Aurretik ez zuen inoiz kontakizun erotikorik idatzi: irailean egindako ikastaro bateko irakasleak animatuta eman zuen izena.

Lehenengo aldia izan da kontakizun erotiko bat idatzi duzuna?

Bai, eta, gainera, aurretik ez nintzen literatura erotikoa irakurtzekoa. Orain dela hilabete batzuk hasi nintzen. Egia da nik beti irudimen handia izan dudala, eta dibertigarria iruditu zait horrelako zerbait idaztea.

Nolatan animatu zinen, bada, lehiaketan izena ematera?

Irakasleentzako ikastaro bat egiten ari nintzen, eta bertako irakasgaietako bat idazketa zen. Irakasgaiko lehenengo idazkia entregatu nuenean, irakasleak idazten jarraitzeko esan zidan, ondo egiten nuelako. Horrek indarra eman zidan lehiaketara aurkezteko. Barakaldoko maitasun gutunen lehiaketara eta Kaixomaitiako lehiaketara aurkeztu nintzen.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Protagonistetako baten generoa ez zehaztea erabaki nuen, irakurleak imajina zezan. Protagonistarekin zailegia egin zitzaidan, eta bigarren pertsonaiarekin egin dut hori. Dibertigarria izan da irakurle bakoitzak pertsonaia hori nola imajinatu duen ikustea.

Zure kontakizunean naturak protagonismo handia du.

Bai, asko ezagutzen dudan ingurune bat da, kontakizuneko kobazulora askotan joan naiz, eta ondo ezagutzen dut. Kontatzen ditudan modukoak dira lekuak errealitatean ere. Niretzat berezia da leku hori, eta hori erakutsi nahi izan dut.

Erraza izan da alde erotikoa aurkitzea mendira joatea bezalako ekintza arrunt bati?

Puntu erotiko hori lortzea ez zait hain zaila egin. Zailagoa egin zait koherentzia lortzea ideia ezberdinen artean. Idazkia luzeagoa zen hasieran, eta gauza batzuk laburtu edo kendu behar izan ditut.

Eta kontakizunaren mamiari mantentzea lortu zenuen?

Esango nuke baietz. Nire zatirik gustukoenak hasiera eta bukaera dira. Usaimenarekin egiten dudan jolasa, bai hasieran eta bai bukaeran, hori da gehien gustatzen zaidana, zentzumenekin aritzea. Hortik dator izenburua: Hats lurrina. Ez zen erraza izan izenburua aukeratzea.

Orain dela gutxi hasi zara literatura erotikoa irakurtzen eta idazten, baina zer izan behar luke kontakizun erotiko on batek, zure ustez?

Gutxi irakurri dut, baina askotan pornografikoaren eta erotikoaren artean pauso txiki bat dago, eta oreka mantendu behar dela uste dut. esaten ez dena garrantzitsuagoa daesaten dena baino.Hala ere, esan beharra dago nork bere gustuak dituela.

Idazten jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, dudarik gabe. Alabei esan nien: «Irabazten badut, ordenagailu eramangarri bat erosiko dut», eta orain behartuta nago ordenagailu eramangarri bat erostera!

Literatura erotikoa edo beste zerbait?

Denetatik. Buruan beste kontakizun bat dut, baina beste hiruzpalau ideia ere baditut buruan bueltaka, literatura erotikotik guztiz aldenduta daudenak.

Zer esango zenioke idazten ausartzen ez den bati, idazten hasteko?

Zalantzarik gabe, anima dadila. Niri lankide batek esan dit gaur: «Niri beti gustatu izan zait poesia idaztea», eta lasai asko idazteko gomendatu diot. Denok dugu zerbait idazteko eta esateko, eta momentu egokia bilatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.