Bilboko Aste Nagusia

Esfortzu kolektibo bat giroari eusteko

Konpartsek gainditu dute Ticket Bairen lehenengo urtea: atzerapenak eragin ditu, baina ondo moldatu dira, oro har. «Bizkaiko Foru Aldundiak erronka jarri digu, eta guk erantzun».

Hor Dago Abanteko konpartsakideak, gaurko bazkarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hor Dago Abanteko konpartsakideak, gaurko bazkarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko abuztuaren 29a
17:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusten ari dira oraindik. Baina Marijaia erreko duten egunaren bezperan, agerikoa da akidura. Denak dirudi ahulagoa, konpartsakideen aldarteak batik bat, eta usainak baino ez du indarra hartu Bilboko Areatzako txosnagunean. Eta, zortzi eguneko lan alimalekoagatik eta aurreko hilabeteetako planifikazioagatik nekatuta egonda ere, irribarretsu hitz egiten dute konpartsakideek Aste Nagusiaz. Bat egin dute balorazioan: ondo joan da, pozik daude. Bat egin dute, orobat, susmoan: jende gehiago ibili da. Bat etorri ziren, festak hastear zirela, aurtengo kezka nagusia zein zen, eta bat etorri dira festak bukatzear diren honetan ere, nabarmen trankilago: Ticket Baik ez ditu herri jaiak suntsitu, nahiz eta buruhausteak eragin dituen. «Bizkaiko Foru Aldundiak erronka jarri digu, eta guk erantzun», laburbildu du Iñaki Jubeto Hor Dago Abanteko kideak.

Sistema berriarekin «espero baino hobeto» moldatu direla onartu du Jubetok. «Oso ondo antolatu gara. Zalantza genuen ea nola egingo genuen, eta ,azkenean, sistemak berak markatu digu erritmoa eta bidea». Baina balorazio onak ez ditu sistema berriarekin adiskidetu. «Konpartsakideak gara, ez tabernariak», egin du ñabardura Abanteko Koldo Calladok, «eta txandak egin dituen jendeari azalpenak eman behar izan dizkiegu nola erabili jakin zezaten».

«Agian uste baino errazago joan da, baina, hala ere, ez gaude ados Ticket Bairekin», ziurtatu du Txinparta Feministako Anna Vegak, eta antzera mintzatu da Piztiak konpartsako Ziortza Larreategi Gomez ere: «nahiko ondo» ibili direla uste du, baina sistemak «erritmoa asko moteldu du», dena den. «Ohituta gaude kontuak arin egiten, buruz, jendetza biltzen da eta». Hark ere gogorarazi du ez direla ostalaritzako profesionalak. «Ez dugu esperientziarik, txosnetako barrak luzeak dira, eta jende asko batzen da jai esparruan». Kaixo konpartsako Ioritz Varona Montesek uste du zeregin hori bideragarria izan daitekeela goizeko txandetan, baina ez gauekoetan. «Atzerapauso bat da, beste gauza bat gehitu behar diozu-eta gaueko kaosari; erraza da salmenta terminala erabiltzen ikastea, baina  beste eginbehar bat da».

«Ticket Baik asko moteldu du erritmoa. Ohituta gaude kontuak arin egiten, buruz, jendetza biltzen da eta»

ZIORTZA LARREATEGI GOMEZ Piztiak konpartsako kidea

Baina Kaixokoentzat aurtengo Aste Nagusia ez da Ticket Bairen Aste Nagusia soilik izango. Konpartsa horretakoa izan da-eta aurtengo txupinera, Ainhoa Urrejola. Horrek aparteko lana eskatzen die konpartsakideei, eta egitekoen zerrenda luzatu: jendea behar baitute Arriaga atzealdeko konpartsek batera antolatutako jardueretarako —Kaixo, Kaskagorri eta Paya daude, zehazki, eremu horretan—, Bilboko Konpartsen Federazioaren ekintzetarako, eta, aurten, jendea behar izan dute, halaber, txupinerarekin eta pregoilariarekin batera egoteko. «Ez dugu arazorik izan horretarako jendea lortzeko», argitu du konpartsakideak, eta nabarmendu txupinera norbere konpartsakoa izateak harrotasun apur bat eragiten duela. «Desberdin bizi duzu jaia; animoak ematen dizkizu».

Titia eroso emateko

Txinparta Feminista konpartsa gazteak oraindik ez du txupinerarik izan; oraingoz, beste gauza batzuek pizten diete harrotasuna. Hirugarren urtez ari dira parte hartzen Aste Nagusian, bigarrenez ipini dute txosna, eta urtetik urtera gauzak hobeto egiten ari direla iruditzen zaio Vegari. Borroka transfeminista aldarrikatzen dute, eta hari lekua egiten ari direla uste du konpartsakideak. Hain zuzen ere, ikuspegi transfeminista horretan oinarrituta, aurten titia edo biberoia eroso emateko leku bat taxutu dute txosnaren eremuaren barruan, jendetzatik aparte: Teta Toki. Harrera ona izan du, eta jendeak erabili egin du. «Gainera, Txikigunea jarri dugu aurten ere; azkenean, jaiak guztientzat dira eta».

Horretarako ere denbora hartzen baitute konpartsa guztietako kideek: hausnartzeko zer egin duten ondo, zeri eutsi behar dioten, eta zer hobetu beharko litzatekeen hurrengo jaietan. Larreategi Gomezek argi dauka: «Txupinazoa garbia izatea nahiko genuke. Eskertuko genuke, konpartsek hilabeteetako lana egin eta gero, gu eta edonor garbi ateratzea plazatik, eta festaz gozatu ahal izatea. Bestalde, udaltzainek kaleko saltzaileekin duten jarrera ere aldatu beharrekoa da».

«Zabaldu beharra dago konpartsetan jendea behar dela, txandalariak... Gihar horrek ematen du modua jai ereduari eusteko»

KOLDO CALLADO Hor Dago Abante konpartsako kidea

Kutsu ezkorragoa du Abanteko kideen hausnarketak. Jubetoren ustez, konpartsen federazioak irizpide batzuk aldatu beharko lituzke etorkizunera begira. «Txanda larregi jartzen dizkigute, eta gero ez ditugu betetzen: hori nolabait konpondu beharko litzateke, ez dauka-eta zentzurik gauza bat antolatzeak gero jendeak ez badu erantzuten». Hari mutur horri tiraka, Calladok gehitu du festan ibiltzea inportantea dela, baina gogorarazi konpartsei ere hauspoa eman behar zaiela. «Zabaldu beharra dago konpartsetan jendea behar dela, txandalariak... Gihar horrek ematen du modua jai ereduari eusteko». Eusten ari dira oraindik, baina agerikoa da akidura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA