Telesailak

Espetxeko hormetatik harago

Jonah Lynn polizia erretiratua Pennsylvaniako herri txiki batera joango da bizimodu lasaiago baten bila. Han, ordea, argitu gabe geratutako kasu batekin egingo du topo: bi haurren desagerpena eta Jurek Walter hiltzailearekin lotura duen auzi ilun bat.

'Nocturne' telesaileko fotograma bat. APPLE TV
'Nocturne' telesaileko fotograma bat. APPLE TV
gaizka izagirre
2026ko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apple TVren telesailekin paradoxa bitxi bat gertatzen da: katalogoa kalitate handiko ekoizpenez betea dago —Severance, Ted Lasso, Slow Horses, Pachinko, Black Bird, For All Mankind, The Studio, Pluribus edo Widow’s Bay, besteak beste—, baina horietako askok ez dute lortzen publiko zabalaren arreta bereganatzea. Bikainak izan arren, plataformako telesail asko oharkabean pasatzen dira.

Nocturne hautagai ona da zerrenda horretan sartzeko. Generoaren ohiko osagaiak erabiltzen dituen arren, thriller heldua, iluna eta zorrotza da.

Paradoxa are deigarriagoa da telesailak lehen mailako aktoreak dituelako, eta AEBtako telebistako zuzendari errespetatuenetako baten parte hartzea: Timothy Van Pattenena. Haren zuzendaritza lanak azken hamarkadetako telesail garrantzitsuenetako batzuk zeharkatzen ditu, hala nola The Sopranos, The Wire, Boardwalk Empire eta Game of Thrones.

Lehen begiratuan, Nocturne-ren premisa ez da bereziki berritzailea. Liev Schreiberrek Jonah Lynnena egiten du, iragan konplexua duen polizia erretiratu batena. Zubi baten inguruan hilzorian dagoen haur bat agertzen denean, egungo poliziaburuak (Bill Camp) Jonahi laguntza eskatuko dio. Izan ere, duela hiru urte desagertutako bi anai-arreben kasua ikertu zuen, baina auzia argitu gabe geratu zen. Orain, haurretako bat bizirik agertu ondoren, haren arreba oraindik desagertua aurkitzea izango da lehentasuna.

Jonah ziur dago kasuak lotura duela Jurek Walterrekin (Stephen Graham). Walter segurtasun handiko espetxe batean dago giltzapetuta, garuneko osasun arazoak dituztenen hegalean. Saga Bauer (Zazie Beetz) FBIko agenteak, Jonahren alaba adoptatuak, kriminalarengana hurbildu beharko du hark zer dakien eta haren eragina noraino iristen den jakiteko.

Lehen atalak ikusi orduko, The Silence of the Lambs filma etorriko zaio ikusleari gogora. Jurek Walterrek eta Hannibal Lecterrek badute ezaugarri komun bat: elkarrizketak menderatzeko eta solaskideak psikologikoki manipulatzeko gaitasuna. True Detective-ren oihartzunak ere antzematen dira, giro desolatuan eta paisaietan, adibidez.

Muinean, gaizkiari buruzko istorio bat aurkituko du ikusleak, baina baita doluari, erruari, aitatasunari eta galdutakoa berreskuratzeko ezintasunari buruzkoa ere. Arazoa da batzuetan narrazioaren txoko guztiak tragedia berri batekin betetzeko joera duela, eta horrek istorioa gehiegi zamatu eta tentsio dramatikoa lausotzen duela. Thriller psikologikoaren kodeak alde batera utzi gabe ere, dramak neurriz gaindi hartzen du protagonismoa.

Genero kriminalean behin eta berriz erabilitako osagaiak biltzen ditu: iraganak atsekabetutako detektibea, serieko hiltzaile manipulatzailea, desagertutako haurra eta sekretuz beteriko ikerketa. Ez du ekarpen bereziki berritzailerik egiten, baina ez du, ordea, horregatik erakargarritasuna galtzen.

Aktoreen lana bikaina da, eta suspensea sortzeko duen gaitasuna, oso eraginkorra. Stephen Grahamen interpretazio kezkagarriak, Liev Schreiberrek protagonistari ematen dion neurritasunak eta Zazie Beetzen presentziak oinarri sendoa eskaintzen diote istorioari. Haien lanari esker, gehiegi korapilatzeko joera duen gidoiaren ahuleziak orekatu egiten dira.

Ez da generoaren arauak berrasmatzeagatik gogoratuko den telesail bat, baina ez du horren beharrik ere. Thriller psikologiko ilun baten bila dabilen ikuslearentzat proposamen ezin hobea da.

Eta, Apple TVren beste hainbat ekoizpenekin gertatzen den bezala, litekeena da merezi duen arreta baino txikiagoa jasotzea.

'NOCTURNE'

  • Sortzailea. Timothy Van Patten. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Liev Schreiber, Zazie Beetz, Stephen Graham eta Bill Camp.
  • Non ikusi. Apple TV.

  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.

  • Generoa. Thrillerra, drama.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA