Estoldetan taldeko kideak

Lander Alkorta eta Oihan Finke: «Gure musika eskaintzeko gogo eta ilusio izugarria dugu. Hau beste maila bat da»

Gasteiztarrek ere badute presentzia txosnetako oholtzan. Besteak beste, Estoldetan bikote gazte eta hasiberriak joko du bihar. Asko entseatu dute.

Lander Alkorta eta Oihan Finke, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lander Alkorta eta Oihan Finke, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lander Alkorta Martinez de Lafuente (Gasteiz, 2008) eta Oihan Finke Larrañaga (Gasteiz, 2008) bikoteak osatzen dute Estoldetan musika taldea. Gasteizko txosna batzordeak antolatutako Gtx txapelketan Gazte saria irabazi zuten, eta, horri esker, txosnetan jotzeko aukera izango dute bihar (20:00, Gazte karpan).

Aurretik ezagutzen al zenuten elkar?

OIHAN FINKE LARRAÑAGA: Hasieran, bakoitzak bere lagun taldea zuen, baina batu egin eginen. Orain, kuadrillakoak gara.

Lagunak, eta kideak.

LANDER ALKORTA MARTINEZ DE LA FUENTE: Nire kuadrillan musika talde bat sortu genuen. Lau pertsona ginen, baina azkenerako taldeak ez zuen behar adinako fundamenturik. Estoldetan proiektua sortzea aukeratu genuen.

Noiz izan zen hori?

FINKE: 2022a edo 2023a izango zen elkarrekin jotzen hasi ginenean. Baina Estoldetan berriagoa da. Gure jendaurreko lehen kontzertua maiatzean izan zen, Jimmy Jazzen, Gtx banda lehiaketan.

Nolakoa da Estoldetan?

FINKE: Rock musika gustatzen zaigu, eta hori egiten saiatzen gara. Nahiko rock gogorra. Berri Txarrak da gure erreferenteetako bat.

Bateria, gitarra eta ahotsak. Nahikoa da?

ALKORTA: Gutxi gara, eta horrek protagonismo handia ematen die instrumentuei. Bakoitzak daukan guztia eman behar du dena ondo eta indartsu entzun dadin.

Gutxi izatea abantaila edo desabantaila da?

ALKORTA: Nire ustez, sekulako abantaila da. Gitarraren zatiaz bera arduratzen da, eta gero nik bateriaren zatia egiten dut. Bi zati bakarrik izanda, erraza da elkartzea. Ahotsei dagokienez, biok batera egiten ditugu letrak.

FINKE: Oso gustuko dut dinamika hau. Batek ideia bat eramaten du, besteari erakutsi, eta bion artean fintzen dugu. Azkenerako, bi gara, lagunak gara, oso modu antzekoan pentsatzen dugu, eta gauzak erraz ateratzen dira.

Zer esangura du Gasteizko festetan jotzeko aukera izateak?

FINKE: Sekulakoa da. Euskal Herriko festa ezagunenetarikoak dira, jende pila bat elkartzen da, giro mundiala sortzen da, eta oso talde handiak daude. Eta guk, orain dela gutxi hasi garen 16 urteko bi nerabek halako aukera izatea paregabea iruditzen zait. Oso pozik nago.

ALKORTA: Oholtza gainera igo eta gure musika eskaintzeko gogo eta ilusio izugarria dugu. Hau beste maila bat da.

Nola bizi dituzue Gasteizko festak?

ALKORTA: Aurten guztiz aldatu zaigu plana: atera gara parrandan, baina pasatu gabe, eta goizero-goizero lokalera joan gara entseatzera. Gaurtik aurrera beste kontu bat izango da.

FINKE: Normalean, arratsalde edo iluntzean lagunekin elkartzen gara, afaldu, eta atera, ez dakit zer ordura arte. Txosnetan ibiltzen gara. Goizean lo egiten dugu.

Zein musika talde entzun nahiko zenukete aurten?

ALKORTA: Zea Mays, Fermin Muguruza, Arene 6... Gorka Urbizuk ere joko du txosnetan.

FINKE: Mildeo entzuteko gogoa dut. Gtx lehiaketa irabazi zuten. Oso soinu berezia dute, gustatzen zaiguna, eta entzun nahi ditugu.

Beste musika taldeei jarraitzea garrantzitsua da?

ALKORTA: Gu asko ibiltzen gara Errekaleorren, eta han kontzertu asko egiten dira. Grabatutako musika ere asko entzuten dugu. Gustuko dugun zerbait topatzean, besteari erakusten diogu. Horrela ibiltzen gara.

FINKE: Melomano samarrak gara. Azkenean, musika entzuteak ideiak ematen dizkizu konposatzeko, eta erremintak ematen dizkizu horiek gauzatzeko. Baina musika entzun baino nahiago dut jo. Asko entseatzen dugu. Sinetsita gaude entseguek dakartzatela aurrerapenak.

lotsabako

Festetako egunik onena? FINKE: 4.a. 
Kontzertu baten ostean, zer? FINKE: Besarkatu eta ospatu. 
Entzulerik finenak? ALKORTA: Lagunak eta senitartekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.