Eta hala bazan edo ez bazan...

1982an ireki zuten Donostiako Hontza liburu denda, eta atzo itxi. Saiatu diren arren, ez dute aurkitu eroslerik. Barrua mugituta, baina herritarrei eskerrak emanez igaro dute azken eguna.

Iraia Elias aktorea eta Oier Guillan idazlea, atzo, Donostiako Hontza liburu dendan, testu bat irakurtzen. JON URBE / JOKU
Iraia Elias aktorea eta Oier Guillan idazlea, atzo, Donostiako Hontza liburu dendan, testu bat irakurtzen. JON URBE / JOKU
unai zubeldia
Donostia
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1982an hasi ziren, bazen behin... kontatuz, baina atzo amaitu zuten ipuina, sar dadila kalabazan eta atera dadila herriko plazan esanez. Azken berrogeitaka urteotan horixe izan baita Donostiako Hontza liburu denda: kulturaren plaza txiki bat, herritar askoren txoko kutuna, abenturaz betetako ipuin luze bat. Baina amaitu da bidaia. Besarkadak ageri ziren azken kapituluan, agurrak, «iritsi da!» urduriak, liburuei egindako azken laztanak... Aspaldiko lagunen bisita artean, goizean goizetik poz txiki asko izan zituzten liburu dendako arduradunek, baina tristurarik ere izan zuen egunak. 

(ID_15949612) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-03-31, Donostia. Donostiako Hontza liburudendak ateak itxi ditu eta herritarrekin igaro nahi du...
Herritarrak, atzo, Hontza liburu dendan, azken mezuak idazten. JON URBE / FOKU

«Salgai» kartela aspalditik ari zen atarian kolpeka. Duela hiru urte eta erdi hartu zuen erretiroa Ramon Tatiegik, eta iritsi zaio arnasa hartzeko garaia Esther Moiuari ere. Bi horiek arduratu dira dendaz urte hauetan guztietan, beste kide batzuekin batera. Hil kanpairik ez zuten jo nahi, eta azken hilabeteotan saiatu dira erosleren bat aurkitzen, baina ezin. Liburuak zehaztuta zeukan amaierako data: 2026ko martxoaren 31. 

Kazetari artean, estu

«Barrua mugituta», atzo Tatiegik kasu handiagoa egin behar izan zien kazetariei, liburuei baino. «Baina tira, hemen igaro dut martxo oso-osoa, eta pixkanaka agurtu ditugu aspaldi ikusi gabeko bezeroak». «Harrituta» daude jendearen esker hitzekin. «Ez genekien halako hutsunea betetzen genuenik». Emozio saltsa horretan, itxaropenaren atea zabalik dauka Tatiegik. «Nork daki; hutsune hori, agian, norbaitek beteko du oraindik, lekua bai baitago gurearen antzeko proiektu batentzat: Donostian, Gipuzkoan, liburu denda txiki bat, euskara eta euskal kultura zainduko dituena. Oso zaila izango da, baina...».

«Ez genekien halako hutsunea betetzen genuenik. Nork daki; hutsune hori, agian, norbaitek beteko du oraindik, lekua bai baitago gurearen antzeko proiektu batentzat»

RAMON TATIEGI Donostiako Hontza liburu dendaren arduraduna

Oier Guillan idazle, kazetari eta antzerkigilearentzat, «toki berezia» da Hontza. «Liburuzaleok maite dugu liburu artean ibiltzea, espazio fisikoetan egotea, eta espazio hori goxoa, abegitsua eta ondo antolatua denean, estimu handikoa izaten da beti». «Hitzen topaleku» gisa definitu du Guillanek bere «txoko kutuna». «Jose Luis Otamendi idazleak esaten zuen hitzek beti norbaitengana eramaten gaituztela, eta horixe bera gertatu zaigu guri Hontzarekin: mundua piztu digu txoko honek».

Herritarren idazle sena ere piztu zuen atzo Hontzak. Txoko txiki bat prestatu zuten nahi zuenak zerbait idatz zezan, eta mezu goxoz bete zen mahaia. «Liburuak bizitza dira»; «Hontzak begiak irekita jarraituko du»; «Mila esker partekatutako eta irakurritako abenturengatik»... eta besarkadak, negar malkoak eta hasperenak izan ziren gero.

Kantari, irakurtzen...

Arratsaldean, gitarra lagun, Martxa baten lehen notak abestuz agurtu zuen Hontza Imanol Irizar HABE liburutegiko arduradunak; David de Jorge sukaldariak bidalitako mezu elektronikoa irakurri zuen Tatiegik; hitza hartu zuten Guillanek eta Iraia Elias aktoreak —«ontzat ematen dugu Hontza»—, goxo aritu ziren Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez... eta kapituluz kapitulu dantzan ibili ziren sentimenduak. «1991n erosi nuen lehen liburua datorkit gogora», azaldu zuen Canok. «Joan Mari Irigoienen Denborak ez zuen nora izan zen». 35 urte geroago, beldurtuta dago. «Ez dakigulako zer jarriko duten hemen. Territorio fisikoak, sinbolikoak galtzen ari gara pixkanaka. Donostialdean euskaldun asko dago, baina ez dago euskaltzale kapitalistarik; dirua daukaten horiek ez daukate euskal ekosisteman inbertitzeko fede eta gogo handirik».

«Hasierako toki bat izan zen guretzat. Hontzak sekulako garrantzia izan du nire heziketa literarioan; deskubrimendu handi bat izan zen»

EIDER RODRIGUEZ Idazlea

Eider Rodriguez idazlea ere penatuta dago. «Unibertsoa baino askoz gehiago kabitzen baitzen liburu denda honetan». Errenteriarra autobusez joaten zen Donostiara. «Hasierako toki bat izan zen guretzat. Hontzak sekulako garrantzia izan du nire heziketa literarioan; deskubrimendu handi bat izan zen». 

(ID_15949608) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-03-31, Donostia. Donostiako Hontza liburudendak ateak itxi ditu eta herritarrekin igaro nahi du...
Eider Rodriguez idazlea eta Esther Moiua Hontza liburu dendaren arduraduna, atzo, hizketan. JON URBE / FOKU

Herritarren joan-etorrian, nahi ez zuen protagonismoa hartuta ibili zen Esther Moiua goizean goizetik. Atzera begira jarrita, gogoan du «beldur pixka batekin» ekin ziotela bideari, 1982an. «Baina gazteak ginen, eta aurrera egin genuen, animoz beteta, ikasteko prest». 43 urte eta erdi joan dira ordutik. «Eta sentimendu gazi-gozoak ditut». 

Jendeak gauza asko eman dizkio Moiuari. «Irribarreak, aipamen txikiak, elkarrizketak...». Liburu dendatik kanpoko bizimodua ezagutzera doa orain. «Eskerrik asko denoi, bene-benetan. Eta, zuen baimenarekin, eskaera bat ere bai: jarraitu irakurtzen, paperean irakurtzen, liburutegietara joaten, liburuekin saltsan ibiltzen... Ez ahaztu: beste mundu batzuk ezagutzeko bidaideak dira liburuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA