Objektua lehenengo, pausalekua hurrena, eta eszenatokia azkena: txapela, burua eta mundua. Ez du besterik behar hura ordena horretan jarri nahi duenak. Txapela da Txapelarte erakusketaren funtsa. «Gure nortasunaren ikono bat omentzen duen erakusketa ibiltaria», antolatzaileek azaldu dutenez. Donostiako San Martin auzo elkarteak Kapelaren Ibilbidea programaren barruan atondutako erakusketa bat da, eta Tolosako (Gipuzkoa) Topicen izango du azken geralekua. Azaroaren 11n, San Martin egunez, enkantera aterako dituzte txapel guztiak, Minbiziaren Aurkako Elkartearen alde.
Badaudelako txapela jartzeko manerak, eta badaudelako txapela ikustekoak eta erakustekoak ere: joko hori proposatzen du erakusketak. Tolosako Boinas Elosegui enpresako txapel bana oinarri hartuta, nahieran itxuraldatu dituzte hainbat diziplinatako artistek: kolorez jantzi, tankeraz aldatu, eta mezuz josi.

Anheloko bi diseinatzaileek koloretako luma naturalekin atondutakoak minbiziari buruzko mezu bat darama barnean. Burdinazko sare batekin babestu du Iñigo Aristegi eskultoreak berea, eta berdea da Elena Arrese artistarena, jasangarritasuna eta ingurumena omendu nahi izan dituelako, hondakinetatik berreskuratutako eta birziklatutako elementuak erabilita. Miguel Balliacherena, berriz, gorria da, eta «orban basatiz» dago beteta.
Musika doinuz apaindu dituzte eurenak Maria Berasarte eta Alex Ubago abeslariek, eta sinatu egin dituzte eurenak Martin Berasategi sukaldariak eta Realeko jokalariek. Paperezko paparrekoekin dotoretu du Giovanna Bittante diseinatzaile italiarrak berea: «Guztiok gara txapeldunak erronkaz eta zailtasunez betetako bizitza honetan, baina baita sorpresaz eta zorion uneez betetakoan ere».

Hogei txapel daude orotara ikusgai. Mikel Casalena ilustrazio bat da, eta mirespenezko keinu bat egin nahi izan dio txapelaren erabilera femenino eta sofistikatuari. Eduardo Txillida Belzunzek zuri-beltzez margotu du berea, eta forma abstraktuekin apaindu. Santiago Egurbide Kantauri itsasoko olatuak txapel batean biltzen saiatu da, eta Oihana Hernaizek Antonio Elosegi txapel egilea eta Cristobal Balentziaga diseinatzailea uztartu nahi izan ditu bere txapel lumadunean.
Kiribilduta aurkeztu dute eurena Jon Martin bertsolariak eta Beñat Krolem artistak, eta diseinu ikusgarria eta berezia lortu du Idoia Lizeaga bitxigileak: babarrun beltz, zuri eta arreekin brodatu du txapela, eta Ornithogalum arabicum lore kristalizatuekin apaindu. Charo Casteres diseinatzaileak teilatu itxura eman dio bereari. Arrazoia: «Txapelak babesten gaitu hotzetik, berotik, haizetik, eguzkitik, zirimiritik… Bizi garen etxearen errematea da, gure gorputzarena, gure adimenarena... Babestu beharreko lekurik preziatuena, non gure ideiak eta pentsamenduak sortzen diren, inguruan jirabiraka dabiltzan txoritxoak bezala». Beraz, jarri buruan, eta ibili munduan.
