Eta orain buelta Atharratzera

Euskarabenturaren zortzigarren espedizioa malko eta besarkada artean amaitu da, Algortan, Getxon. Antolatzaileek arrakastatsutzat jo dute, baina ohartarazi dute hurrengo urteko ekitaldia ez dagoela erabat bermatuta.

Euskarabentura espedizioan parte hartu duten gazteak, gaur, Algortako elizako eskaileretan, Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskarabentura espedizioan parte hartu duten gazteak, gaur Algortako elizako eskaileretan, Getxon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2026ko uztailaren 31
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bihar bertan hasiko nuke ibilbidea aurkako norabidean, Atharratzera bueltan». Aimar Lopez gazte gasteiztarrak indartsu amaitu du aurtengo Euskarabentura espedizioa. Hilabete osoan igotako aldapek eta lehen astean jasandako beroak baino arrasto sakonagoa utzi diote lagunek, bizitako esperientziek eta ezaguturiko txokoek: «Lagun bat dut etorri ala ez zalantzan dabilena, eta argi dut etortzeko aholkatuko diodala».

Algortako (Getxo, Bizkaia) plazan amaitu da Euskarabentura espedizioaren zortzigarren ekitaldia, eta azken metro horietan Lopezek alboan izan ditu Mikel Sierra billabonatarra eta June Uriarte sopeloztarra. Biek esan dute haiek ere gustura egingo luketela 650 kilometroko bidea atzera ekialderantz, eta haiek entzunda erraza da sinesten, bat baitatoz esatean esperientziaren gauzarik onena «taldean izandako giro bikaina» izan dela.

«Oso azkar igaro da, azkarregi. Bikaina izan da hilabete osoan gure adineko jendearekin euskaraz lasai asko mintzatu ahal izatea»

JUNE URIARTE Jzioquitarra

«Oso-oso ondo pasatu dugu. Espero nuen baino hobea izan da. Izugarria da hainbat euskalki eta Euskal Herriko hainbeste txoko ezagutu ahal izatea», esan du Sierrak pozez. Uriartek ere onartu du bere aurreikuspenak hobetu dituela esperientziak: «Oso azkar igaro da, azkarregi. Bikaina izan da hilabete osoan gure adineko jendearekin euskaraz lasai asko mintzatu ahal izatea».

Euskarabentura
Alaitz Elizburu eta Irune de la Maza Euskarabenturako koordinatzaileei eginiko omenaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU

Dagoeneko ohitura bihurtu denez, uztailaren 31n Algortako plaza malko, besarkada eta emozio sumendi bilakatu da. Uztailaren 1ean bideari ekin zioten 130 jzioquitarrak zanpantzarren soinuari jarraiki iritsi dira helmugara. Bertan zituzten zain gurasoak, eta haiek txalo artean egin diete ongietorria gazteei. «Ura, ura, Euskarabentura!», «Azterketak euskaraz!» eta «Euskal Herrian euskaraz!» aho batez oihukatuz erantzun diete.

Omenaldi hunkigarria

Multzo osoa Muxikebarri kultur aretora sartu da, eta bertan zirrara are handiagoa izan da. Agur ekitaldi ofiziala alaia, hunkigarria eta motibagarria izan da, eta bi protagonista izan ditu: hainbat urtean koordinatzaile jardun ondoren, Alaitz Elizburuk eta Irune de la Mazak ardura hori utziko dute, eta merezitako omenaldia jaso dute. 

Euskarabentura
Euskarabenturan parte hartu duten 'jzioquitar' batzuk gaur, elkar agurtzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Elastiko urdina erantziko dute, baina Euskarabenturako elkartekide bilakatuko dira, eta urte osoko isilpeko lanean murgilduko dira. «Proiektuaren oinarri eta ardatz izan zarete», aitortu die Libe Martinez de Rituerto koordinatzaile taldeko kideak, eta egitasmoaren «benetako altxorra» diren pertsonen parte izatea eskertu die. Txapel bana jantzi diete, txalo zaparrada baten epelean.

«Aurtengo aldiak babesle berriei esker egin du aurrera, eta oso eskertuta gaude. Baina babesle berriek atea zabalik dute, eta behar ditugu»

LIBE MARTINEZ DE RITUERTO Euskarabenturako koordinatzaile taldeko kidea

Azken eguna ekitaldi arrakastatsu baten ginga izan da; hala baloratu du Martinez de Rituertok: «Oso ondo joan da, gazteak fisikoki ondo prestatuta iritsi dira. Talde jatorra osatu dute». Era berean, urdinen —hau da, begiraleen— lana goratu du: «Talde bikaina osatu dute. Espedizioa haiei esker atera da aurrera».

Arrakastak, baina, ez du beti lasaitasuna bermatzen, ezta etorkizuna ere, eta Martinez de Rituertok ohartarazi du hurrengo urteetako ekitaldiak ez daudela «erabat bermatuta», eta dei egin die bultzada emateko prest leudekeen erakunde eta enpresei: «Aurtengo aldiak babesle berriei esker egin du aurrera, eta oso eskertuta gaude. Baina babesle berriek atea zabalik dute, eta behar ditugu». Antolatzaileek zehaztu dute egitasmoaren aurrekontua 300.000 eurokoa dela, aurten dirua galdu dutela, eta, babes berririk ezean, murrizketak egin beharko dituztela etorkizunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA