Etxe bat Gorka Urbizuk eta etxe berria Zeledonek. Biak izango dira protagonista aurtengo Gasteizko jaietan. Blusak, neskak eta oro har gasteiztar guztiak prest daude erronkari aurre egiteko: lo gutxi egingo dute, beharbada, baina irrikaz daude festa gogoz bizitzeko. Santiago eguna igaro ondoren eta hamar eguneko itxaronaldiaren ostean, bihar, abuztuaren 4an, abiatuko dira Gasteizko jaiak. 18:00etan, Zeledon San Migel elizatik jaitsiko da, eta haren agerpenak piztuko du festa. Aurten, bigarren urtez jarrian, Iñaki Kerejazu izango da Zeledon; 2028ra arte arituko da horretan.
Milaka gasteiztarrek kantari, saltoka eta oihuka jasoko dute Zeledon, eta hark euritakoari helduta zeharkatuko du Andre Maria Zuriaren plaza, goitik behera. Gero, San Migeleko balkoira igoko da, eta bertatik egingo du jaien hasierako agurra. Urtero bezala, plaza jendez lepo beteko da, eta aspaldi ezarritako neurria errespetatuko da aurten ere: kristalezko botilarik ez txupinazoan. Kontrolak egingo dira sarbideetan, eta osasun langileak eta suhiltzaileak prest egongo dira edozein larrialdiri erantzuteko.

18:00etan helduko da gasteiztar guztiek urte oso batez espero izan duten unea. Suziriak iragarriko du jaiak hasi direla, eta, hura entzun orduko, festazaleek zapia jarriko diote elkarri lepoan, ohitura zaharrak agintzen duen eran. Erraldoiak eta buruhandiak, Andre Maria Zuriko abade Blanca Aguillok eta Urrezko Zeledon saria jasotako Satur Garciak, Joseba Fiestrasek eta Begoña Divarrek jaurtiko dute Gasteizko jaien hasierako suziria.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi du jaietan ez dela onartuko ez indarkeria matxistarik, ez beste edonolako indarkeriarik ere: «Andre Maria Zuriaren jaiak ez dira osoak izango emakumeak erasoen biktima diren bitartean. Berdintasunean oinarritutako jaiak nahi ditugu, eta horretarako abiapuntua da erasoak inoiz ez justifikatzea. Ez dago aitzakiarik, ez alkohola, ez festa bera, ez ezer. Sexu erasoen eta indarkeria matxistaren harira, zero tolerantzia, prebentzioa eta informazioa».
Halere, erasoen aurkako protokoloa prest dago. Berrikuntzetako bat da Foru plazan egongo den puntu morearen ordutegia zabaltzea: orain arte, gaueko hamarretan ixten zen, baina aurten goizaldeko ordu bietan itxiko da. Gainera, udalaren gizarte larrialdietarako zerbitzuaren telefonoa martxan izango da 24 orduz, eraso salaketen berri jasotzeko, eta argibideak eta babesa eskaintzeko (945-13 44 44). Bestalde, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak ere arta emango du 24 orduz (633-30 96 53).
Askotariko egitaraua
Laurehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte aurtengo, publiko mota guztientzako modukoak. Denetariko ekintzak egingo dira hiriko hainbat lekutan. Horretarako, iaz baino 18.000 euro gehiago jarri dituzte: 1.100.000 euro guztira. Haurrentzako programazioa indartu dute, gainera, eta «euskarazko ekintzen presentzia %5 areagotu». Aurrekontu hori baliatuta, musika estilo askotako taldeak ekartzen ahalegindu dira antolatzaileak.
Kontzertu jendetsuenak, urtero bezala, Foru plazan, txosnetan eta Aihotz plazan izango dira. Bihartik larunbatera bitarte, hainbat talde igoko dira oholtza horietara. Hain zuzen ere, Bulegok girotuko du Foru plaza bihar. Txosnetan, berriz, Mildero, Olatz Salvador, Pluk, Akerbeltz erromeria, Guate-K eta M. Ravarino arituko dira.

Hurrengo egunetan ere askotariko eskaintza izango da leku horietan, eta estilo ugaritako taldeak ariko dira Foru plazan: Isabel Aaiun, Rozalen, Mago de Oz eta Zea Mays. Txosnetan ere askotariko taldeek joko dute: Fermin Muguruzak, Brigade Locok, Biznagak, Bizardunak taldeak, Hofek eta beste hainbatek.
EGITARAU OSOA
Aihotz plaza, beti bezala, arnasgunea izango da euskararentzat. Hala izan da aspalditik, Geu elkarteari esker. Han ere kontzertuak izango dira —asteartetik abuztuaren 8ra arte, Merina Gris, Gorka Urbizu, Izaki Gardenak eta Tatta & Denso arituko dira—, baina euskara sustatzea eta jaiez euskaraz gozatzea izango da asmo nagusia; bertsoak, Dantza Plazan eta bestelako ekintzak izango dira.
Falerina lorategian, soilik bertako talde gazteez osatutako egitarauaz gozatu ahal izango da. Egitaraua osatzeko, hautaketa bat egin dute otsailean egin zen deialdi irekian izena eman zuten 136 taldeen artean: I See Explosions, Laztana Laztana, Mirotz, Sutan Llan, Broken Salad, The Twin Rebels, Didac Jons, Skaribe, Mairu eta Bixonte Dort. Plaza Berria orkestra handien eszenatoki izango da beste urte batez, eta Prado parkea, berriz, umorearen erdigune.