Kanpaiak oraindik jo gabe, jendeak bazekien: bazetorren Zeledon. Ez da ezustekorik izan —ez dira horrelakoak gertatzen Zeledonen kasuan—: 18:00ak jo bezain azkar, San Migel elizako kanpandorretik behera abiatu da panpina. Tentsioa eta urduritasuna nagusi, baina jendeak badaki ordutegia betetzen dela. Eta Zeledon, beti bezain fidagarri, balkoian agertu da.
Zeledonen jaitsierak hunkitu egin du Andre Maria Zuriaren plaza, eta horrekin batera lehertu da 2025eko Gasteizko jaien hasiera. Abuztuaren 9ra arte, festa giroa izango da nagusi hirian. Aurten, bigarrenez, Iñaki Kerejazu da Zeledon; 23 urte igarota, iaz hartu zion lekukoa Gorka Ortiz de Urbinari. Milaka lagun bildu dira plaza inguruan, jaitsieran Zeledoni ongietorria emateko, eta une hunkigarria izan da askorentzat. Txalo artean eta begiak distiratsu, herritar askok ezin izan dute ezkutatu emozioa. Festa, berriz ere, denena bihurtu da.
Egitarau osoa
Suziriaren eztandarekin lehertu da festa. Baina jaien hasiera ofiziala baino bi ordu lehenago hasia zen beroaldia. Andre Maria Zuriaren plaza jada jendez betetzen hasia zen, eta larrialdi zerbitzuak, udaltzainak eta kontrol postuak martxan zeuden. Ohi bezala, beira, latak eta izotzak sartzea debekatu dute, eta plazako sarbideak hesitu, istripurik izan ez zedin. Ilara luzeak, irrika eta urduritasun apur bat. Goizetik parranda giroan zetozen batzuk, eta jaiaren hasiera lehen aldiz bizi izan dute beste batzuek. 16:30erako, plaza lepo beteta zegoen. Giroa beroa zen berez, eta alkohola eta musika arduratu dira tenperatura are gehiago igotzeaz.
Euskal Herriko mugimendu politikoetako kideek ere lortu dute pankartak erakustea. Urtero legez, euskal presoen askatasunaren aldeko mezuek inguratu dute plazako eskultura. Horretarako, hesia eta eskulturaren goiko zatia eskalatu behar izan dituzte. Horrez gain, Lorezainak borrokan; Independentzia. Ekin eta bultza askatasunera; Euskal Herria askatu; Sozialismoa eraiki eta beste lelo batzuk agertzen ziren pankarta erraldoiei eusten aritu dira beste asko.

Jendea, ero, oihu eta salto artean hasi da Zeledonen abestia kantatzen. Orduantxe jaurti dute suziria, arratsaldeko seietan puntuan. Jaien hasiera ofiziala iritsi da, eta protagonista nagusiak agertu dira: Gasteizko erraldoiak eta buruhandiak, Andre Maria Zuriaren abade Blanca Aguillo, eta Urrezko Zeledon saria jaso dutenak —Satur Garcia, Joseba Fiestras eta Begoña Divar—; haiek izan dira jaurtiketaren arduradunak.
Ondoren, Zeledon bera agertu da, milaka gasteiztarren aurrean. Hainbat lagunen babespean zeharkatu du plaza, 115 metroko sokatik behera jaitsiz. Panpinaren iritsierarekin, txaloak, oihuak eta emozioa nagusitu dira. Neke handiz baina irribarrez zeharkatu du plaza Kerejazuk. Eta iritsi da balkoira, izerditan, baina garaile. Behin goraino iritsita, Maider Etxebarria alkateari eta suziri jaurtitzaileei zapiak jarri dizkie, ohiturak agintzen duen bezala.
«Gora Zeledon! Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Gasteiz!», hasi da, gaur Gasteizen egin duen beroari aurre egin nahian zebiltzan milaka lagunen aurrean. «Ez dugu inolako erasorik onartuko. Gasteizek espazio seguru bat izan behar du. Ez badakizue egoten, ez etorri», adierazi du Kerejazuk. «Ongi etorri guztion Gasteizera. Gora Gasteiz plurala» ere oihukatu du, «Palestinako genozidioa gelditzeko» eskatzearekin batera. Tartean, zenbait alditan abestu du, gogotsu: «Zeledon, etxe berria egin duk; Zeledon, balkoian leiho on...».