Etxekoa kanpoan baloratu

Kepa Acero surflari getxotarra Mundakatik Afrikara egitasmoan murgilduta dabil. Orain, Mauritaniaraino joana da hango olatuen bila, haiek ezagutzera eta haietan gozatzera.

Kepa Acero noranahiko auto batekin joan da Afrikara, olatu bila. KEPA ACERO.
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Mundu osoan hamaika olaturen gainean surf egindakoa da Kepa Acero. Egiten dituen bidaiak ere asmo horri lotuta egoten dira, olatu berrien bila eta gogokoen duen kirola egitera joaten baita. Bost kontinenteetan barrena bidaiatu du, eta denetan topatu ditu olatu «itzelak», baina onenak etxean daudela dio surflari getxotarrak. «Munduan olatu asko ezagutu ditut, baina Mundakakoa bezalakorik ez dut inon ikusi», dio. Hala ere, kanpora irteten da, eta hala egin du orain ere. Baina etxe ingurutik abiatuta: Mundakatik, hain zuzen ere. Urtea hastearekin batera, Mundakatik Afrikara abentura jarri zuen martxan, asmo bikoitz batekin: Afrikako kultura askotarikoak ezagutzea eta surf egitea. Marokon ibili da lehenbiziko, eta, orain, Mendebaldeko Saharatik Mauritaniara igaroa da. «Orain hasiko da niretzat abenturarik handiena».

Mauritanian ez dago surfaren inguruko informaziorik, beraz, berak bilatu beharko ditu olatuak eta surf egiteko txokoak. Eta horixe izan du erronka orain arte egindako bidaietan ere, leku ezezagunetan surferako leku egokiak topatzea. Horretarako, Google Maps-etik begiratzen ditu baldintza egokiak bete ditzaketen guneak, eta horietara jotzen du. «Askotan ez dut topatzen nahi izaten dudana, baina, tokian-tokian, aberasgarriena da jendearekin daukazun harremana eta bidaia bera», dio. Eta orain arte ere horrela izan dela nabarmendu du.

Bidaia hasi berri du, eta orain arte ez du halako baliabideen behar handirik izan, besteak beste, bidean baitzeukan Safiko (Maroko) hondartza. «Surflarien artean oso ezaguna da, mendizale batentzat zortzimilako bat bezainbeste». Han, lagun eta ezagun ugarirekin egin zuen topo, baita Eneko anaiarekin ere. «Oso berezia izan zen momentu hori, nire bidaietan bakarrik egiten baitut surfean, eta familiarekin egoteko aukera hori oso polita izan zen». Gainera, «sekulako itsasaldia» egon zela ere oroitzen du, baita olatu «itzelak» hartu izana ere. Safi hiriko olatuek daukaten indar, potentzia, eta tuboak egiteko aukera handia ematen dute, eta halakoak topatu zituzten.

Acerok adierazi duenez, abiatu berri duen bidaian oso aberasgarria izan du orain arteko esperientzia. Baina oraindik bide luzea dauka bere noranahikoan. Hain zuzen ere, apirilera arte Afrikan ibiliko dela aurreikusten du surflari getxotarrak. Mauritaniako basamortua igaro ondoren, Senegalera joateko asmoa dauka, handik «gutxienez» Ginearaino iritsi arte. Tarte horretan guztian, orain arteko bidaiatzeko moduari helduko dio. Baina orain arte zailtasunak izan ditu, basamortuan gidatu behar izan duelako. «Senegalera iristean aldatuko da dena». Baita ingurua eta kulturak ere. Eta horietaz maiteminduta dago Acero duela lau urte egin zuen Bost Olatu Bost Kontinente egitasmoan kontinentea ezagutu zuenetik. Eta horregatik hartu du, besteak beste, bidaia hau egiteko erabakia. Lehendik ere ezagutzen zuen inguruko olatu ezezagunak bilatzeko eta horien berri eman ahal izateko. Baina itzultzean Mundakara joango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.