Donostiako Aste Nagusia

Xabi Solano: «Etzakit-ek hasierako esentziari eusten dio oraindik»

Etzakit-en itzulerak harrera oso ona izan zuen urtarrilean; horrenbestez, udan sei kontzertu egitea erabaki zuten. Gaur bertan izango dute udako azken kontzertua, Saguesen, Donostiako Aste Nagusian.

 Xabi Solano. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Xabi Solano. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hernani
2026ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilean itzuli zen oholtza gainera Etzakit musika taldea. Arrakasta eta oihartzun handiko itzulera izan da; hain zuzen, hasieran kontzertu bakarreko kontua izanagatik ere, azkenerako udako biran murgildurik aritu dira. Saguesen (Donostia) amaituko dute udako bira. Horretaz guztiaz mintzatu da Xabi Solano taldeko trikitilari eta abeslaria (Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa, 1978). 

Etzakit-en eman zenituen lehen pausoak musika munduan. Nolakoa izan zen hastapena?

Lehenengo pausoak Jon Mari Beasainekin batera eman nituen, panderoarekin eta trikitiarekin txapelketetan. Gero, EITBko pieza berrien lehiaketarako kanta batzuk prestatu nituen. Dena dela, Ander Barrenetxea bateriarekin jotzen hasi ginenean hartu zuen taldeak erromeria forma. Azkenean, Aitor Zabaleta baxu jotzailea hastearekin batera, Etzakit izena hartu genuen. Orduantxe argitaratu genuen gure lehen maketa: Gure irrintzia. 15 urte nituen orduan. Nostalgia handiz oroitzen dut dena. Garai haietan mundu berri bat ezagutzen ari ginen, musikaren mundua. Garai hartako musika urteren poderioz asko aldatu den arren, itzuli ondoren gerturatutako askok esan digu faltan sumatzen zuela musika estilo hori.

Eta oraingo Etzakit nolakoa da?

Taldea eta musika berak dira. Etzakit-ek hasierako esentziari eusten dio oraindik. Zuzenean entzun diguten askok esan digute garai bateko soinu berbera dela, eta horrek oroitzapen asko ekartzen dizkiela. Dena dela, urteak ez dira alferrik pasatu, eta gauzak hobeto egiten ditugu orain. Asko ikasi dugu ordutik, denok jarraitu baitugu musikan lanean.

Nolakoa izan zen itzulerako lehen entsegua? 

2003ko urtarrilean izan zen gure azken kontzertua, Oialumen. Beti elkarrekin egon gara, baita taldea desegin ondoren ere; urtero egiten genuen bazkariren bat edo beste. Gainera, askotan eskatu izan digute itzultzeko. Orain arte «zergatik ba?» izan da gure galdera. Oraingo honetan, galdera «zergatik ez?» izan da. Esne Beltza utzi genuen, eta iruditu zitaigun elkartzea aukera ona zela; azkenean, elkarrekin oso ondo pasatzen dugu. 

Berehala agertu da Etzakit-en soinua, ala denbora behar izan duzue?

Ez, justu kontrakoa. Hasi bezain pronto lortu genuen lehengo soinua izatea. Azken batean, zortzi urtean 1.500 kontzertu baino gehiago eman genituen elkarrekin. Hori ez da galtzen hola eta hola. 

Oialumen hasi duzue itzulera. Zergatik da hain berezia zuentzat?

Oialumen genuen entsegurako lokala, eta bertan izan zen gure lehen kontzertua. Are gehiago, Oialumek jarri zion taldeari izena. Lehen kontzertu hartan, gure izenaz galdetu zigutenean, «etzakit» erantzun genien, ez genekielako zein izen jarri. Horrela aurkeztu ziguten, eta izen hori mantendu dugu ordutik. 

Zer oroitzen duzu Oialumeko azken kontzertu hartaz?

Zirrara handiz gogoratzen dut. Lagun asko etorri ziren, eta oroitzapen oso onak ditut. Agur borobila izan zen. Itzulera ere bertan egin genuen, oso polita izan zen. Oialumen, urteetan egindako lagun pilo bat egon ziren gurekin. Kolaborazioak ere asko izan ziren. Magia sortu zen gau hartan, 2000. urtera itzuli ginela zirudien eta. Gainera, itzulerak harrera oso ona izan du. Berez kontzertu bakarra izan behar zuen; dena dela, azkenean hiru egun izan genituen urtarrilean, eta beste sei uda honetan. 

Zer izan da zailena berriro laurak erritmo berean jartzeko?

Hasieratik bagenekien erritmo bera izatea ezinezkoa izango zela. 23 urteren ostean, taldekideen errealitate pertsonala erabat aldatu da, familia, lana eta bizimodua direla eta. Hau guk nahi genuelako egin dugu. Horregatik, gurera moldatzeko askatasuna izan dugu. 

Egoera pertsonala ez ezik, testuinguru politiko eta soziala ere aldatu da. Horrek gaur egungo Etzakit baldintzatu du?

Politikari eta gizarteari buruz asko abesten dugu, eta duela urte batzuk kantuetan azaltzen genuen testuinguruak berdin jarraitzen du, zoritxarrez. Beraz, oraindik ere zeresan handia dute Etzakit-en kantu askok.

Euskal folkloreari, trikitiari eta erromeria soinuari loturik al daude gaur egungo gazteak?

Orain kristoren indarra hartzen ari da. Duela gutxi Aristerrazun izan ginen jotzen, eta gazte pila bat zebilen fandango eta arin-arinak dantzatzen. Antza, asteburuero izaten da horrela. Gainera, Etzakit-en kantu asko entzuten dira oraindik txosnetan eta irratian; horrek poztu egiten gaitu. Gure kontzertuetan, adibidez, 30 urte baino gehiagokoak dira nagusi; dena dela, gazte asko etortzen direla ikusten dugu.

Donostiako Aste Nagusian, Saguesko zortzi kontzertuetatik bi besterik ez dira euskaraz.  

Tristea da, oso tristea. Uste dut horrek alderantziz izan beharko lukeela. Kanpokoari tokia egin behar zaio, baina bertakoak leku gehiago izan behar du, Euskal Herrian gaude eta. Egia da, guk aukera asko izan ditugula uda honetan batetik bestera aritzeko: Iruñean, Gasteizen… Baina talde askoz gehiago daude, eta denei egin behar zaie lekua. Gainera, herri bateko eta besteko euskara entzutearen aldekoa naiz. 

Sagues ideal bat imajinatuko bazenu, nolako plaza izatea gustatuko litzaizuke?

Denok elkarrekin prestatzea gustatuko litzaidake. Txosnek eta udalak, denen artean, herritarren gusturako zeozer antolatzea. Hori bai, zortzitik bi euskaraz badira, alderantziz izatea nahiko nuke: euskarazko sei. 

LOTSABAKO

Artillaria bazina, zeri emango zenioke su?
Euskararen kontra dabilen guztiari.

Amestutako kolaborazio bat?
Bruce Springsteenekin aritzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA