ATZEKOZ AURRERA

Euriak ere ahaztu du bidea

Eguraldia lagun, jendetza batu da Armentian, San Prudentzio eguna ospatzeko. Perretxiko eta gazta saltzaileek ohartarazi dute lehortearen zantzuak nabaritzen hasi direla.

Baselizaren inguruko zelaiak eta salmenta postuak lepo bete ziren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Esan izan da bide guztiak Erromara doazela, baina Gasteizen, San Prudentzio egunean, bide guztiek Armentia dute helmuga. Erromesen pare, tropelka zihoan jendea goizean goiz Sendako ibilbidean aurrera. Norabide berean zihoazen gehienak, hegoalderantz; baina bazen kontrako bidean zihoanik ere. Gutxi batzuk baino ez ziren, dena den. Eduardo Gonzalez zen horietako bat. «Goizean goiz lehen osteratxoa egitea gustatzen zait; ez da eguerdiko jendetzarik egoten, eta erosoa da erosketak egiteko». Mañeko gozotegiko poltsa zeraman eskuetan. Euskal pastela eta erroskillak erosi zituen.

Carmenek ere ongi ezagutzen du bidea, egunero egiten baitu, ibilian-ibilian. Apirilaren 28an, ordea, bidea bera izanagatik ere, joan-etorriak beste xarma bat izaten du. «Gaurkoaren pareko egunetan, gozoagoa izaten da», zehaztu zuen, barrez, eskuetan poltsa bete gozo zeramala. Ez da gutxiagorako, hiriaren erdigunea eta Arabako zaindariaren omenezko baselizaren arteko hiru kilometroko bidea egiteak «bekatua» izaten baitu sari San Prudentzio egunean: talo, sagardo eta pastel itxurako bekatua. «Ospakizunerako eguna da eta!».

Horregatik, akaso, batzuk mezetarako bidea egiten dute aurrena. Badaezpada, zaindariari bisita egitea lagungarri izango zaielakoan. Beste batzuk ohiturari jarraituz joaten dira baselizara, agintariak bezala. Eta, hain zuzen ere, horixe gogorarazi zioten protestan ari ziren Tuvisako langileek hauteskunde giroan murgilduta zeuden politikariei: haietaz eta haien lan baldintzez ez ahazteko. Edonola ere, jendetza bildu zen basilika inguruan beste urte batez.

Zintzurrak eta larreak, idor

Salmenta postuak txukun-txukun jarrita zeuden ordurako, eta jende oldea iristeko zain ziren denak. Bai baitzekiten erosle goiztiarrak salbuespenak izaten direla, eta gehienak eguerdirako bertaratzen direla. Pozik eta irrikaz zeuden denak, halere, urteko salmenta egun garrantzitsua izaten baita Armentiako azokakoa. Hala aitortu zuen Ekaitz Otxoak, Gorbeialdeko gazta saltzaileak: «Ezagutzen ditudanen artean, gehien saltzen dugun egunetako bat izaten da gaurkoa. Beraz, espero dugu aurten ere dena ongi joatea».

Goierriko talogileak, bestalde, hasiak ziren diru kutxa betetzen. Goizean goizetik, haiena zen ilara luzeena zuen janari postua; dozenaka lagun zeuden zain, eguzki galgatan, haien txanda noiz iritsiko. Izan ere, goizak aurrera egin ahala, gosea nabari zen bertaratutakoen artean. Joseba Ramirez de Maeztuk eta Malen Goikoetxeak, hain justu, ez zuten zain egon nahi izan, eta nahiago izan zuten ondoko talogileei erosi. Baselizaren aurreko zelaian eseri ziren, sagardo edalontzi banarekin, mokaduaz gozatzeko. «Sargori honekin zintzurra ere erraz lehortzen da eta!». Ez zen guztiz oskarbi eguerdian, baina bero egiten zuen.

Armentiako zelaia berde zegoen, dotore, egun handirako xehe-xehe moztuta. Ez zen lehortearen zantzurik ikusten hartan. Perretxikozaleek, ordea, nabaritu zuten basoak ihartzen hasiak direla. «Lehorte handia dago; espero dezagun datorren astean euria egingo duela, eta kanpainari behar bezala ekingo diogula», azpimarratu zuen Lolak, Delicias del Bosque perretxiko saltzaileak. Arabako perretxiko kiloa 46 euroan zuen salgai.

Larreak ere behar baino idorrago daude garaiotan, Gorka Flores Arbizuko (Nafarroa) Poxtiñeneko gaztagileak nabarmendu duenez. Eta horrek eragin zuzena du hark ekoizten dituen produktuetan: «Ganaduak jateko gutxiago duenez, guk ere esne gutxiago biltzen dugu». Pentsuaren kostuak ere nabarmen igo zaizkie azkenaldian, eta, ondorioz, hark ere gaztaren prezioa zertxobait igo behar izan duela aitortu du. Pozik da jendearen erantzunarekin, dena den. «Eutsi beharko diogu!».

Gauzak zer diren: urteetan euria uxatu nahian aritu ondotik, santu pixontziari ur eskean dabiltza orain denak. Baita karakolak ere; askok ia zer diren ere ez dute jakingo lapikoan sartzerako. Euriak ere ahaztu baitu Armentiarako bidea jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.