Kalifornian jaio zen Arlette Ocafrain (San Frantzisko, Kalifornia, 1967), baina haurra zela Donazaharrera (Nafarroa Beherea) mugitu zen haren familia. Bertan ikasi zituen bai euskara, bai euskal dantza, bai euskal kultura. Bordelen (Okzitania) egin zituen ikasketak, eta lehen lanak eraman zuen Parisera. Ia 30 urte daramatza hango euskal etxeko kide izaten.
Nola egin zenuen topo Parisko euskal etxearekin?
Hiru hilabetez egon nintzen hiriko enpresa batean lanean, eta, hilabete horietan, Parisko euskal etxean egon nintzen bizitzen. Hamar urteren ostean, Parisera itzuli nintzen, lanera, eta euskal etxeko koruan abesten hasi nintzen, bai eta jarduerak antolatzen ere. Pixkanaka zuzendaritzan sartu nintzen, eta hala egin ditut hogei urte.
70 urte beteko ditu aurten euskal etxeak. Nola bizi duzue urteurrena?
Inportantea da guretzat, zeren eta transmisioa nola egin pentsatu behar dugu. Oraingo gazteek ez dute ezagutu euskal etxearen sorrera, ez nortzuk sortu zuten, ezta nola sortu zuten ere. Ez dakite historia guztia, eta garrantzitsua da hori helaraztea. Gazte anitz behar dugu, eta horien bitartez transmisioa egin.

Zer behar izan du komunitateak hainbeste urtez bizirik irauteko?
Alde garrantzitsuenetako bat aterpetxea izan da. Gazteentzat da, eta bertan egon daitezke urtebetez. Ikasketak egiten ari direnak zein lehenengo lana lortu dutenak izaten dira gehienak. Bestalde, Gernika korua daukagu, eta Gazteria izeneko dantza taldea.
Gauzak asko aldatu al dira 70 urtean?
Bai, baina beharrak ere ez direlako berdinak. Duela 61 urte, jendea ez zen asteburuero Euskal Herrira joaten; urtean behin joaten ziren, gehienez ere. Beraz, elkarretaratze horiek garrantzitsuagoak ziren, euren bizi soziala bertan egiten baitzuten. Orain ezberdina da: jendea dantzatzera, abestera edota euskara ikastera etortzen da euskal etxera, eta ez horrenbeste euskal jendearekin elkartzera.

Zer-nolako balioa dauka euskal etxeak Parisen?
Ezaugarri komunen bat dutenak eta hori sustatu nahi dutenak biltzen dira euskal etxean. Parisen bakoitzak bere lana eta bizitza du, eta askok ez dute eremu euskaldun batean lan egiten. Are, aste guztian ez dute euskaldunik ikusten, ezta euskara erabiltzen ere. Hortaz, euskal etxea uharte bat da etxean bezala sentitzeko Parisen egon arren. Anitzetan ez dakigu hona etortzen direnek zertan egiten duten lan, baina ez du inporta. Nik hori maite dut.
Zein da gaur egun euskal etxeak duen erronka nagusia?
Leku handi bat dugu gauzak egiteko, baina dirua eta denbora behar da horretarako. Duela bospasei urte errango nuen gazteak etortzea dela erronka, baina pandemiaz geroztik badugu anitz gazte.

Nola transmititzen dira euskara eta euskal kultura Euskal Herritik kanpo?
Parisen erraza da, zeren eta Euskal Herritik gertu dago, eta hona etortzen diren anitz Euskal Herrian sortuak dira. Ez da Argentinan edo San Frantziskon bezala; Parisen aski erraza da. Hizkuntza anitz interesgarria da, denetarik entzuten baita. Asko Euskal Herrian bizi ziren, baina ez zuten euskaraz ikasi; beraz, Parisera etorritakoan ikasi dute euskaraz. Beste batzuk, berriz, ez dira euskaldunak, baina euskara ikasi nahi dute. Eta, kulturari dagokionez, aski erraza da jakitea zer egiten den Euskal Herrian, harreman zuzena baitugu hangoekin.
Urriaren 4an ospatuko dituzue 70 urteak. Zer prestatu duzue?
Dantza eta musika izango da nagusiki. Hitzaldi bat ere izango dugu euskal etxearen historia azaltzeko. Mahai inguru bat egingo dugu, eta lehengo presidenteak mintzatuko dira: besteak beste, oroitzapenez, momentu inportanteenez eta zailtasunez arituko dira. Tartean izango da Allande Boutin kazetaria. Ondoren, koruak kantatuko du, eta erakusketa bat ere izango da lehengo eta oraingo argazkiekin. Bideoak ere egin ditugu, elkarrizketa formatuan. Lehengo jendea, presidenteak eta beste agertuko dira, baita lehenbiziko sortzaileak ere. Horietako bat da Joana Davant. Duela urtebete egin genion elkarrizketa, eta zoragarria izan zen, batez ere jakiteko nola sortu zuten euskal etxea, eta nola egin zuten jendea eta dirua biltzeko.
Nola irudikatzen duzu euskal etxea hemendik 70 urtera?
Biziko dela espero dut. Kanbiatuko dela ere uste dut. Behar du, gainera, bizitza eta gizartea aldatuz doazen heinean hau ere aldatu egin behar baita. Badakit Joana Davantek sortu zuenean ez zuela espero horrela segituko zuenik; beraz, nik ere ez dakit, baina espero dut bide beretik jarraitzea.
LOTSABAKO
Euskal etxea hitz batean?
Elkartasuna.Parisko lekurik euskaldunena?
Frontoia. Garai batean bertan biltzen ziren euskaldunak.