Euskal kulturak blaituko ditu Bilboko kaleak Aste Santuan. Bilbo Basque Fest jaialdia egingo dute, urtero legez, eta hiriko zenbait txokotarako jarduera eta ikuskizun mordoa antolatu dituzte: zuzeneko ikuskizunak, kontzertuak, tailerrak... Atzo arratsaldean hasi zen, Anje Duhaldek eta Niko Etxartek Azkuna zentroan emandako kontzertuarekin. Gauean, Kafe Antzokian jarraitu zuen festak, Txarly Usher musikariaren eta ChulerĂa, Joder! taldearen rock doinuen artean.
Atzo ez bezala, goizean goizetik jarduera ugari izango dira gaur. 11:00etatik 13:00etara, herri kirolen tailerrak egingo dira haurrentzat eta familientzat, Areatzako kaian —Euskal Kulturaren Plaza izena jarri diote eremu horri—. Horrez gain, aldi berean eta toki berean, tamaina errealeko Gargantuaz gozatu ahal izango dute txikienek. Arrauna gustuko dutenek edota probatu nahi dutenek ere izango dute kirolaz disfrutatzeko aukera, Pio Baroja pantalanean. Gainera, bi txanda egingo dituzte: 11:30etik 13:30era bata, eta 16:30etik 18:30era bestea.Â
Urtero-urtero hiriko alde zaharra girotzen ibiltzen den taldeak ere parte hartuko du aurtengo aldian: Hortzmuga Teatroa. Anfitrioiak ikuskizuna emango dute Zazpikaleetan. Besteak beste, erraldoien kalejirak eta zuzeneko erakustaldiek osatuko dute emanaldien zerrenda.
Bihar eta etzi jarduera berberak egingo dituzte, eta ordutegi bera izango dute guztiek. Aldaketa batzuk baino ez dira egongo kontzertuei dagokienez. Iparraldeko doinuek inauguratu zuten kontzertuen zerrenda, atzo. Gaur, ostera, musikari eta talde hauek izango dira musika guneetan: Olaia Inziartek Azkuna zentroan joko du, 19:00etan; Gar taldea Bilborocken arituko da, 20:00etan; Neomak taldea, Areatzako kaian, 21:00etan; eta John Dealer & The Coconuts, Bellum eta Mirotz Kafe Antzokian izango dira, 22:00etan hasita.
Bihar, berriz, Marenek kantatuko du Azkuna zentroan, 19:00etan; Donostiako Mugan taldeak Bilborocken, 20:00etan; Korrontzi taldeak Mundua dantzan ikuskizun berria emango du Areatzako kaian, 21:00etan hasita; eta The Rockabilly Pack eta Crazy Jumpers taldeak Kafe Antzokian izango dira, 22:00etan.
Jaialdiari amaiera emateko, kontzertu hauek izango dira etzi: Bisai taldeak Bilborocken joko du, 20:00etan; Anne Etxegoien Areatzako kaian arituko da, 21:00etan; eta The Cherry Boppers & Patricia Reckless entzuteko aukera izango da Kafe Antzokian, 22:00etan; horien ostean, The Allnighters taldeak joko du.
Jarduera horietaz gain, izango da besterik: gaur, bihar eta etzi, Paul Urkijoren Gaua filma proiektatuko dute BBK aretoan, 19:00etan. Jatorrizko bertsioan emango dute, euskaraz, eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu. Gainera, lehen aldiz, Bilbo Basque Fest saria emango dute, 18:30ean, Areatzako kaian.
Kultur hiria
Bilbo Basque Festek «kultura, musika, tradizioa eta sormena» biltzen dituela azaldu du Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak. Gaineratu du aurtengo aldiak «identitatea eta funtsa» berreskuratu dituela: «nor garen eta hori nola kontatu nahi dugun erreibindikatzen du». Hala, musika programazioan jarri du arreta, eta zera azpimarratu: «Emakumeek eszenatokian presentzia izatearen alde egin dugu».Â
Lau egunez, musikak, tailerrek eta ikuskizunek hartuko dute Bilbo, besteak beste, eta, horri esker, hiri «biziduna, aktiboa eta sutsua» bihurtuko da, Claverren ustez, «bai herritarrentzat, bai bisitarientzat».