Tradizio handiko ekitaldia da Irungo Euskal Jira. 1928. urtean hasi ziren irundarrak jai hori ospatzen, bere garaian San Martzial mendira egiten zuten igoera batekin. Harrezkeroztik, aldaketa asko izan ditu Euskal Jirak, eta, 1979. urtetik, desfile bat egiten dute, besteak beste, Irungo kaleetan. Gaur hasiko da 45. Euskal Jira, eta igandera arte iraungo du. Urteetan aldaketak egon diren moduan, aurten ere izango dira. Jon Indakoetxea batzordeko kidearen ustez, aldaketak «beharrezkoak» dira bizirauteko.
Euskal kultura sustatzea du helburu ekintzak. «Euskal Herri osoan beharrezkoa da gure kultura eta izaera sustatzea, eta Irunen antzera gertatzen da. Hiri handi bat gara, eta ezin dugu ahaztu zein diren gure sustraiak», adierazi du Indakoetxeak. Horretarako, azokak, dantzak, musika, kirola... denetarik izango da Irunen. «Urdanibia plaza da Euskal Jiraren erdigunea, baina beste hainbat auzotan ekintzak programatzeko saiakera egin dugu». Halere, ez dira garairik onenak Irungo Euskal Jirarentzat. «Iaz momentu txar bat igaro genuen, baina aurten aurrera goaz, eta gogo horrek oraingoa indarrez hartzea eragin du», azaldu du batzordeko kideak.
Desfilea da Euskal Jirako momenturik garrantzitsuena. Urtero, larunbat arratsaldean, baserritarren gurdiak Irungo Letxunborro hiribidetik Urdanibia plazara joaten dira. Aurten, larunbat goizean egingo dute ibilbide hori. «Euskal Jirak bizirautea nahi badugu, aldaketak beharrezkoak dira. Aurten, goizean egingo dugu desfilea, arratsaldean ahalik eta jende gehien Urdanibia plazan bateratzeko asmoarekin». Gurdien atzean musika eta dantza taldeak izaten dira. Bihar, bederatzi musika talde eta beste hainbeste dantza talde izango dira.
Gaur, buruhandi eta erraldoiekin hasiko da Euskal Jira. Irungo hainbat txoko girotuko dituzte, eta Urdanibia plazan amaituko dute. Ondoren, txistulariek hartuko dute lekukoa. 18:00etan txosna irekiko dute, eta, ondoren, kontzertuak izango dira: 20:30ean, Matraka elektrotxaranga, eta 22:30ean, Eztanda erromeria.
«Musikatik gastronomiaraino»
Bihar, desfilea baino lehen, artisau azoka irekiko dute Ospitale Zaharrean. «Artisau azokan, berriz, baserritarrek beren barazkiak saltzeko aukera izaten dute. Euskal Jirak euskal kultura osoa biltzen du, musikatik gastronomiaraino». Desfilea 11:00etan hasiko da, eta, ondoren, bertan parte hartuko duten gurdiak 12:45etik 17:00etara izango dira ikusgai Urdanibia plazan. «Desfilea Urdanibia plazara iristen denean, denen artean abesten dugu, eta ondoren dantza taldeak igotzen dira oholtzara, beren ikuskizunak eskaintzeko».
Bazkaltzeko geldialdia egingo dute 14:30ean. Santiagoko frontoian herri bazkaria antolatu dute, eta bertan, janaria ez ezik, musikariak eta bertsolariak ere ez dira faltako. Bazkalostean, Urdanibia plazan berriro ere dantza ikuskizunak izango dira, eta gau partean, 20:00etan, Muxutruk erromeriak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak. DJ Aitana Grandesek itxiko du gaua, 23:30etik 01:30era.
Larunbata da Euskal Jirako egun handia, baina igandean festak Urdanibia plazan jarraituko du. «Igandean pentatloia izango dugu, Gipuzkoako Txapelketa».