Euskal musika eta dantza protagonista Jaialdiaren laugarren egunean, 'Festara' ekitaldian

Egin du laugarren eguna Jaialdiak. Orain arte baino lasaiago joan da. Goizean, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere agenda instituzionalarekin jarraitu du, eta, besteak beste, Morris Hill hilerrian eta Boiseko Ikastolan izan da.

Boiseko Jaialdiaren laugarren eguna. NAGORE ARIN
Nagore Arin.
2025eko abuztuaren 2a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Festara ospakizuna izan da ekitaldirik garrantzitsuena. Atzo bezala, milaka ikus-entzule bildu dira Idaho Central Arena gunean, eta sutsuki jarraitu dituzte euskal musika eta dantza ardatz zituzten kultur emanaldiak. Hainbat talderen erakustaldi laburrez gozatu du publikoak, hala Euskal Herritik etorritako taldeenez nola Boisekoenez bertakoez.

Kanpoan, aurrera egin du jaiak; Basque Block gunean bereziki. Ostirala izanik, iragan egunetan baino jende gehiago bildu da egun osoan, eta hori nabarmen sumatu da, kasurako, jana eta edana hartzeko ilaretan. Bestela, trikiti, pandero, danbor eta txistu doinuek ez dute etenik izan gaur ere: orain arte bezala, han-hemenka sortu dira kontzertu inprobisatuak, eta jendeak gogotsu erantzun die guztiei.

Gaur, are jende gehiago espero da oraindik. Hiriaren erdigunetik Expo Idaho gunera lekualdatuko da ospakizuna, kanpoaldera, eta, bertan, emanaldi askotarikoez gozatzeko aukera izango dute bisitariek: besteak beste, Tio Teronen Semeak Euskal Herriko dantza taldearen ikuskizunaz, Oinkari Basque Dancers Boiseko dantza taldearen emanaldiaz, bertso saioez, herri kirolez eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.