Euskalgintzaren parkea

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean jarriko dute Kilometroetako bosgarren gunea, etzi. Parkean euskararen alde egiten den lana ezagutarazteko iragarki bat kaleratu dute.

Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak eta hainbat langile, iragarkiaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Andoain
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen eta ikastolen aldeko jai erraldoia izaten da Kilometroak jaia. Aurten, Andoaini egokitu zaio txanda; igandean izango da. Hain justu, euskal kultura sendotzen lan berezia egiten du herriko kanpoaldean dagoen Martin Ugalde kultur parkeak. Dituzten helburuak berberak izanda, elkarlanean aritu dira biak, eta festako gune bat parkean bertan jarriko dute. Parkean egiten den lana ezagutarazteko, iragarki bat kaleratu dute.

«Euskaraz bizi den enpresa multzo handi bat dago hemen», esan du iragarkiaren aurkezpenean Ainara Lasak, BERRIAko marketin arduradunak. Parkearen hastapenetik euskararen unibertsoari lekua ematen lan egin dutela esan du Joanmari Larrartek, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Euskal kulturgintzak urrats gehiago eta sendoak egitea jomugan izanda, betiere. Xede hori kontuan izanda sortu da parkearen eta Kilometroen arteko elkarlana. «Elkarri laguntzea da egin dezakegun gauzarik onena. Proiektuak ahalik eta indartsuenak izan, eta bihar herri hau gaur baino euskaldunagoa izateko», gaineratu du.

Andoaingo Aita Larramendi ikastolako lehendakari Arantxa Irigorasek esker ona adierazi dio parkeari. «Herrian harribitxi bat dugu, eta zuek zarete». Parkeko lana, Andoainen ez ezik, mundura zabaldu behar dela eta hizkuntza gutxituentzat Martin Ugalde «eredu» dela uste du. Horregatik, ibilaldiari hasiera emateko zinta mozteko lana parkeari eskainiko diote. Bisita berezi bat ere antolatu dute: Finlandiar talde bat etorriko da, lekua bertatik bertara ezagutzera eta jaian parte hartzera.

Arantza Manterola Kilometroen Kultur elkarteko lehendakariak esan du pozten dela jaiak parkearen irudia erakusteko balio badu.

Bosgarren gunea jarriko dute Martin Ugalde kultur parkean. Egitarau betea osatu dute egun osorako. Bertsolariekin ekingo diote egunari, eta abesten jarriko dute jendea kantujiran. Nazioen Mundua herri ekimenaren eskutik, herri kirolen erakustaldi bat antolatu dute eguerdirako, eta hizkuntz jarrerari buruzko hitzaldi bat ere egingo dute. Gero, Jon Maiak Gazta zati bat dokumentala aurkeztuko du. Bazkaldu eta gero, Bertsolharitza ipuin kontaketa izango da, eta euskal kantu txapelketan aritutako kantariek abestuko dute. Beira taldearen emanaldiarekin emango diote amaiera egunari.

Erredakzioa, kalera

Martin Ugalde kultur parkeko erakundeen lana ezagutzeko, erakusmahaiak jarriko dituzte. BERRIA taldeak ere izango du lekua. Urtero bezala, aurten ere taldearen eta Kilometroen artean hitzarmena sinatu dute. Berria.info-ko erredakzioa kalera aterako da etzi, eta egunarenjarraipen berezia egingo dute. Horretaz gain, hor biltzen direnek euren aurpegiekin egunkariko azal pertsonalizatua egin ahal izango dute, eta www.mauka.eu atarian izena emanez gero, opari batekin joango dira etxera.

Zer eguraldi egingo ote duen galdezka pasatzen dute urtea antolatzaileek. Iganderako, eguraldi ona «ziurtatuta» dagoela jakinarazi dute, eta guztiei egin diete gonbita festara joateko eta Martin Ugalde kultur parkea gertutik ezagutzeko.

Martin Ugaldekoiragarkia ikusi nahiizanez gero, sartu webgune honetan:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.