Gipuzkoako ikastolen festa egin zuten atzo, Elgoibarren (Gipuzkoa), Salto-saltoka lelopean, milaka euskaltzalerekin. Eta antolatzaileak «oso gustura» daude urriko lehen igandean bizi izan zenarekin. «Kristoren giroa izan genuen, nahiz eta eguraldiak ez lagundu. Eguraldiaren gazi-gozoa alde batera utzita, gustura gelditu ginen», adierazi du Iera Larrañagak, Elgoibar ikastolako Kilometroetako koordinatzaileak.
Eguerdirako 10.000 herritar inguru bildu ziren herriko guneetan. Eta, antolatzaileen arabera, 15.000 lagun bildu ziren «puntu gorenean». Festa aurrera eramateko, ezinbestekoak izan ziren boluntarioak. Izan ere, 1.100 boluntario aritu ziren laguntzen. Antolakuntza ona nabarmendu du Larrañagak: «Aurretik batzordeka antolatu ginen. Batzorde bakoitzak zer lan egin behar zuen bazekien. Ostiralerako dena muntatua genuen, larunbaterako ukitu batzuk baino ez ziren gelditzen, eta igandean jaiari oso pozik ekin genion».

Jaiaren inguruko alorrek ondo funtzionatu zutela azaldu du aurtengo Kilometroen koordinatzaileak. «Herritarrek garraio publikoa asko erabili zuten. Hartara, ez zen auto ilararik izan errepidean, eta aparkalekuetan ere ez zen arazorik izan. Gainera, jendeak aipatu zuen komunak oso txukun zeudela; baziren horiek garbitzeaz arduratzen zirenak».
Larrañagari, bestalde, nabarmentzekoa iruditzen zaio gazteen erronkan parte hartze handia izan zela, aurreko Kilometroetan baino handiagoa. «23 ikastolatako gazteek hartu zuten parte. Gazteak oso ondo ibili ziren herrian zehar, erronkako probak egiten».

Gastronomiaren aldetik, bestalde, taloek «sekulako arrakasta» izan zutela aipatu du Larrañagak. Jangelan, berriz, 300 herritarrek bazkaldu zuten.
Arlo guztiak aintzat hartuta, beraz, balantze ona egin dute antolatzaileek. Elgoibar Ikastolan 940 ikasle inguru daude, 617 familia. «Nahiz eta jaiotze tasa beherantz doan, indartsu gaude», gaineratu du Larrañagak.
Ekitaldi ofizialeko hitzak
Kilometroen hasierako ekitaldian, Ainhoa Lendinez kazetari eta Elgoibar ikastolako ikasle ohiak egin zituen lehen hitzak; Euskal Gorrak elkarteko Ianire Alonsok keinu hizkuntzara itzuli zuen ekitaldia. Elgoibar ikastolako lehendakari Olatz Astigarragak esan zuen urte «oso berezia» izan dela beraientzat: «Euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatzea eta zabaltzea izan da gure nahia, eta hori ez da egun bakarreko jaialdi baten bidez soilik egiten, baizik eta urte osoan Kilometroak herrian eragile izan dadin lan eginez». Elkarlanean eta euskararen erabilera sustatuz jardun dute azkeneko hilabeteetan Elgoibar ikastolako arduradunek. «Alde batetik, ikastola gisa, kooperatiba gisa eta herri ekimen gisa, gure arteko lankidetzan eta parte hartze aktiboan sinesten dugu, eta horri balioa eman eta sustatu dugu; eta, bestetik, Kilometroen urtea baliatu nahi izan dugu euskararen erabilera handitzeko. Ez euskararen alde gehiago egoteko, baizik eta euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko. Horretan, elkarri lagundu diogu euskara hautatzen, eta elkarren babesean salto hori egiteko baldintzak sortu ditugu».

Hitz horiei jarraituz, Larrañagak uste du atzo urrats bat egin zutela. Baina egin behar direla gehiago. «Kilometroen amaieran esan genuen bezala, lehen urratsa egin dugu, baina aurrerantzean urratsak egiten jarraitu behar dugu».
Elgoibar ikastolak, bestalde, omenaldia egin zion atzo Maritxu Loiolari —«funtsezkoa izan zen Elgoibar ikastolaren sorreran»— eta Aspanogi elkarteari. Ia 30 urtez haur minbizidunen eta haien familien ondoan izan da erakunde hori, eta haien lana nabarmendu zuen ikastolako lehendakariak: «Elkarte horrek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu».
Aitor Elizaran Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak ekitaldian Palestinako haurrei egin zien keinua, lehen hitzetan. Ikastolen lanaren garrantzia nabarmendu zuen gero: «Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu. Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, bai, baina argi daukagu hori ez dela gure kokalekua. Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea dira ikastolak. Eta hori da gaur aldarrikatu nahi duguna. Izan ere, Kilometroak, euskararen eta euskal kulturaren jaia izateaz gainera, aldarrikapen jaia ere bada, ikastolen aldarrikapen jaia».

Ekitaldian parte hartu zuten Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere.
2026an, Lazkaon
Irantzu Amundarain Lazkaoko (Gipuzkoa) San Benito ikastolako lehendakariak lekukoa hartu zuen atzo Olatz Astigarragaren eskutik, datorren urtean Lazkaon ospatuko baitute Kilometroak jaia. Amundarainek eskerrak eman zizkien Elgoibar ikastolako langileei egindako harreragatik, emandako laguntzagatik eta urte osoan eskainitakoagatik. 2026ko urriaren 4an egingo dute 50. Kilometroak. 1977an, lehen Kilometroen festa Lazkaon eta Beasainen egin zen. «Guztiak gonbidatu nahi ditugu datorren urtean Lazkaon elkar ikustera».
Elgoibar ikastolako Kilometroen koordinatzaileak azaldu du apiriletik elkarlanean aritu direla Lazkaokoekin. «Transmisioan aritu gara haiekin, eta ia etxekoak ditugu. Gustura ibili dira gurekin, eta gu ere bai haiekin».