Txosnako bozgorailuek Chill Mafiaren eta J Martinaren kantuak elkarren segidan aireratu dituztenean, orduantxe aditu da batere autotunerik gabeko beste doinu bat Taconeraren ertz batean, Oinez Txokoan. Txaloak batetik, erritmoa markatuz bezala, eta, gainean, hainbat ahots bat eginda, Ikusi mendizaleak abestia intonatzen. Ehundik gora lagun dira, kamiseta laranjak soinean. Eta, dudarik balitz, segituan egin dute ohartarazpena haiek guztiek, ozen eta alai: «Ura, ura, Euskarabentura!». Aurtengo Euskarabenturako 126 kideak dira. Kantuan eta indarrez beterik sartu dira Taconerako arbolen gerizpera. Hain justu, Abaurregaina eta Larrasoaña (Nafarroa) atzean utzita egin dute geldialdia Iruñean jzioquitarrek —hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei—, noiz-eta San Fermin egunaren biharamunean, espedizioa abiatu zutenetik astebete joan denean.
Beste behin, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak harrera egin diete egitasmoko kideei. «Urtero eta preseski sanferminetan kolore fosforeszente hau ikustea oso polita da. Kolorea ematen diozue hiriari, eta ez soilik kamisetekin, baita zuen euskararekin ere, zuen euskarekin, batzuen eta besteen euskalki eta azentuekin. Eskerrik asko, eta ongi etorri», nabarmendu die gazteei Euskarabideko zuzendari Jabi Arakamak, gobernuaren izenean.
Herritarren Partaidetza eta Euskara zinegotzi Aitziber Campion mintzatu da udalaren izenean. «Ziurrenik, hemendik urte batzuetara atzera begiratzen duzuenean, beti-betiko gogoratuko duzue abentura hau, eta guretzat luxu bat da oroitzapen horietan gure hiria eta munduko festarik hoberenak ere izatea!».

Jzioquitarrek zintzo aditu dituzte Arakamaren eta Campionen hitzak, eta txalo zaparrada batekin erantzun dute hitzaldiaren hondarrean. Hala eta guztiz, ordurako, baten bati disimulatu ezinezkoa izan zaio hurrengo jarduerarako presa: bazkaria zuten zain. «Bokatak ere euskaraz jan!», xaxatu ditu gazteak Campionek.
Festak, diferente
Hain zuzen, bertantxe egin dute bazkaltzeko etena Euskarabenturakoek. Taldetan antolatu eta biribilak osatuaz lurrean eserita, gazte gehienak lasai ederrean izan dira bokatak jasotzeko esperoan, umorez, eta elkarrekin solasean. Jostalariagorik ere izan da, dena dela. «Egingo dugu jolasen bat bitartean?», galdetu dio batak besteari, zutik. Eta Tiktokerako bideo bat grabatzeko ere baliatu dute tartea zenbaitek. Eszena horiek guztiak bistara, detaile bat ere antzeman daiteke, aise: espedizioa abiatu berritan izan zitzaketen lotsa eta erreparoa galtzen hasiak dira jadanik.
Dudak eta kezkak ere izaten baitira sarri, hizkuntzari loturikoak batik bat. Askori, aurrez inoiz eduki gabeko aukera bat jartzen die eskura Euskarabenturak: 24 orduz euskaraz mintzatzeko abagune bat. Zona erdaldunagoetan bizi diren partaideen artean ohikoa da hori, baita euskararen arnasguneetan bizi izanagatik familia erdaldunak dituztenen artean ere, adibidez. Esate baterako, Elena Sarasola Donapaleukoa da (Nafarroa Beherea), eta ikastetxe elebidun batean ikasten du egun —bi ikasgai baizik ez ditu euskaraz egiten—. Dioenez, abenturan izena emateko garaian duda franko izan zuen bere euskara «aski ona» izanen ote zen. Orain, zortzi egun igarota, halako izurik ez du batere. «Ontsa naiz!».
Ikusi gehiago
Dagoeneko hainbat esperientzia gogoangarri izan dituzte jzioquitarrek. Xiberoots musika taldeak larunbatean emandako kontzertua nabarmendu dute batzuek, eta atzo iluntzean egin zuten masaje tailerra ekarri du gogora besteren batek. Hori bakarrik ez, partaideetako askorentzat Euskarabenturarekin batera eginikoa izan da Iruñeko sanferminetarako lehenbiziko bisita. «Gero txupito besta egingo dugu?», esan dio txantxetan gazte batek monitore bati txilioka.
Jon Villanueva Etxaide Arrosadiko partaidea da; sanferminei dagokienez, kasu berezia da harena. Bai hark eta bai abenturan parte hartzen ari den beste kide nafarren batek zapi gorria dute jarria egunotan. «Baina hau da azken eguna; 14an berriz hartuko dut, Gaixoa ni kantatzeko, eta listo», argitu du, umorez. Iradoki duenez, aspaldiko txupinazorik bereziena izan da aurtengoa harentzat. Sakelako bat utzi zioten streaming bidez ikusi ahal izateko, eta, aldi berean, bere telefonoarekin bere burua grabatu zuen, selfie estiloan, erreakzioa erregistratua geldi zedin. Eta litekeena da bideo hori Abao komunikazio agentzia Primeran plataformarako ekoizten ari den piezetako batean azaltzea —lau saio ekoitziko dituzte osotara, eta lehenbizikoa ostegunean sareratuko dute—.
Hamar urte atzera
Gazte andana Taconerara iritsi orduko, Areta Loreak eta Ane Pedruzok erne-erne behatu diete gazteei, eta mimoz mintzatu dira antolatzaile eta langileekin. Halako kariño bat suma dakieke begiradetan; ez zoriz. Haiek izan ziren orain dela hamar urte Euskarabentura egitasmoa abian jartzeko hazia erein zutenetako bi. 2018an jarri zuten martxan aurrenekoz, baina 2015ean hasi zen proiektua borborka. «Boiseko jaialdian izan ginen euskalgintzaren inguruko hainbat lagun, eta, hizketan hasita, ikusi genuen bazegoela euskararen inguruan horrelako zerbait egiteko beharra», kontatu du Pedruzok.
Ikusi gehiago
Gaur egun, ez batak ez besteak ez dute espedizioaren antolaketan bete-betean parte hartzen, baina haren ingurumarietan dira halere. Pozik eta hurbiletik ikusi dituzte egitasmoak eginiko urratsak —Lorea: «Ematen du orain bere kabuz ibiltzen dela»—. Are, hainbatetan aitortua dute: urteren batean gustura «infiltratuko» lirateke kamiseta laranjakoen artean, «esperientziaz gozatzeko».