Ikus-entzunezkoak

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio ikus-entzunezkoak indartzeko

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute eskaera egiteko, eta erdibideko zuzenketa bat adostu dute. PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira, eta soilik Voxek bozkatu du aurka. Legebiltzarrak «ontzat» jo du Primeran plataforma sortu izana.

Jasone Agirre EH BIlduko legebiltzarkidea, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
urtzi urkizu
2023ko urriaren 26a
12:18
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio indartu dezala ikus-entzunezkoen alorra, eta sistema gisa funtzionatzeko eta egituratzeko dauden aukerak aztertu eta garatu ditzala. «Sorkuntzan, ekoizpenean eta hedapenean ditugun baliabide guztiak elkarreraginean jarriz». EH Bilduren mozio bat izan da akordioaren abiapuntua, eta erdibideko zuzenketa adostu dute EH Bilduk berak, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Lau taldeen aldeko botoekin onartu dute, eta PP eta Ciudadanos abstenitu egin dira. Vox izan da kontra bozkatu duen bakarra.

Legebiltzarrak «ontzat» jo du EITBk Primeran plataforma martxan jarri izana. «Euskarazko eta euskal ikus-entzunezko edukietarako irismena erraztu, ingurune digitalean euskararen presentzia handitu, eta euskarazko ikus-entzunezkoen arloan zabaltzen duen aro berriak euskararen biziberritzean lagunduko du», esaten du lau talde politikoek sinatutako testuak.

Bestalde, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio ikus-entzunezko alorreko sorkuntza eta ekoizpen independenterako laguntzak eta tresnak garatuz, inbertsioa handituz eta hobekuntzak txertatuz joateko, «urteroko sorkuntza eta ekoizpena aberastuz joan dadin».
Erdibideko zuzenketaren azken puntuan, Eusko Legebiltzarrak EITB taldeari egin dio erreferentzia: «Legebiltzarrak EITBri eskatzen dio orain arte bezala bere zerbitzuen doakotasuna bermatzeko, eta bere kanal eta euskarrietan lan zinematografiko nabarmenak, lehen mailako fikziozko lanak, dokumentalak eta gaurkotasunezko animazioko lanak eskaintzen jarraitzeko».

Azken alor horri lotuta, Administrazioan Euskaraz taldeak datu esanguratsu bat eman du asteon sare sozialetan: 2021eko martxotik hona, ETB1ek soilik atzerriko zazpi film eman ditu euskarara bikoiztuta: 2021ean, lau film; iaz, bi; eta aurten, bakar bat: Akatsik gabe (Flawless). Zinta hori uztailaren 23an eman zuen ETB1ek.

«Faxismoari aurre eginez»
EH Bildu koalizioak nabarmendu du «akordio zabala» sustatu duela euskal ikus-entzunezkoen alorra indartzeko eta egituratzeko. Ekinaldiaren aurkezpenean, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Primeran plataformak ilusioa piztu duela. «Aukera hau aprobetxatu behar dugu Primeran akuilu izan dadin, plataforma horrek aro berri bat zabaldu dezakeelako, besteak beste, gazteak erakarri eta fidelizatzeko eta euskarazko edukiak ahalik eta euskarri gehienetan zabaltzeko».

Ikus-entzunezkoen gaineko akordioa testuinguruan jarri du Agirrek: «Askatasunak kolokan daude egun, eta euskararen aurkako oldarraldi bete-betean gaudela, euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz eta kontsumituz aurre egin beharko diogu egoera horri. Euskarazko edukiak ikusten eta entzuten ere aurre egiten zaio faxismoari». Herri gisa bizirik irauteko, euskarazko ikus-entzunezko sektore indartsua behar dela gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.