Telesailak

Ez da istripu bat: politika da

'Dirty Business' telesailak Erresuma Batuko ingurumen eskandalu erraldoi bat azaleratzen du. Benetako gertaeretan oinarrituta dago, eta bi erretiratuk enpresa erraldoi baten aurka abiatutako ikerketa da istorioaren abiapuntua.

'Dirty Business' telesaileko bi aktore protagonistak. MOVISTAR PLUS
'Dirty Business' telesaileko bi aktore protagonistak. MOVISTAR PLUS
gaizka izagirre
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hau ez da istripu bat: politika da». David Thewlis aktoreak antzeztutako Ashley Smith pertsonaiak lehen atalaren amaieran esaten duen esaldiak laburbiltzen du Dirty Business (Negozio zikina) telesailaren muina. Kutsaduraren arrastoa ez baita uretan bakarrik ageri: erakundeen isiltasunean, bulegoetako ate itxietan eta egia estaltzeko osatutako diskurtsoetan ere zabaltzen da. Amorrua, frustrazioa, tristura eta harridura izango ditu ikusleak bidelagun telesail osoan, gertakariek aurrera egin ahala.

Toxic Town telesailak eta Dark Waters filmak salatutako kutsadura kasu larrien ildotik, baina Mr Bates vs The Post Office miniserie britainiarraren tonu eta estilotik gertuago, Dirty Business benetako gertaeretan oinarritzen da, eta Erresuma Batuko azken hamarkadetako ingurumen eskandalurik handienetako bat sorberritzen du. Joseph Bullmanek sortu eta zuzendutako lan honek ardatzean du zer-nolako garrantzia duten kazetaritzak eta herritarren ekimenak erakundeen erantzukizuna, korporazio handien boterea eta botere abusuak agerian uzteko orduan. Hondamendi ekologiko baten giza alderdia erakusten duen thriller dramatiko zorrotza da; ur zerbitzu publikoen erantzukizunari buruzko eztabaida ere mahai gainean jarriko duena.

Oxfordshire konderrian, ibai batean, milaka arrain hilik agertzeak bi erretiraturen jakin-mina piztuko du, eta gertatutakoa ikertzea erabakiko dute. Ashley Smith (David Thewlis) detektibe ohia da; Peter Hammond (Jason Watkins), berriz, biologiako irakasle erretiratua, datuetan ereduak antzemateko eta isuriekin lotutako gorabeherak aztertzeko gaitasun aparta duena.

Istorio nagusiarekin batera, Preen familiaren tragedia kontatuko duen beste hari narratibo bat garatuko da. Tarteka, narrazioak 1999ra egiten du atzera: Devon konderriko hondartza batean bainatu ondoren familiako alaba txikiak E. coli bakterioak eragindako infekzio hilgarria hartu zuen garaira. Datuen, txostenen eta erantzukizun lausoen artean azaldutakoa giza tragedia bihurtuko da bat-batean. Preenen istorioak gogoraraziko du hondamendi ekologiko bakoitzaren atzean badirela izen-abizenak eta sekula itzuliko ez diren bizitzak.

Formaren argi-ilunak

Formalki, berezia da telesaila. Bullmanek sorberritze dramatikoak eta benetako irudiak uztartzen ditu, fikzioaren hurbiltasuna dokumentuaren gordintasunarekin nahastuz. Antzeztutako eszenek protagonisten bizipen pertsonaletara hurbiltzen gaituzte; irudi dokumentalek, berriz, gertatutakoa testuinguru politiko eta instituzional zabalago batean kokatzen dute. Bi erregistroen arteko joan-etorriak sinesgarritasuna eta indar bisuala ematen dizkio kontakizunari, baina ez dio beti mesederik egiten erritmoari. Zenbaitetan, informazio eta datu gehiegi pilatzen dira denbora gutxian, eta azalpen teknikoek narrazioaren tentsioa apaltzen dute. Istorioan aurrera egin beharrean, informazioaren pisuaren azpian geratzeko arriskua du ikusleak.

Hala ere, benetako irudiek indar berezia dute, batez ere isuriek ibaiak eta kostaldeak kutsatzen dituztenean. Paisaia ederraren eta ur kutsatuaren arteko kontrasteak zauri bat irekitzen du pantailan.

Telesailak argi erakusten du ingurumen hondamendiak ez direla beti istripu jakinen ondorio hutsak. Lehen atalean esandako hitzek —«Hau ez da istripu bat: politika da»— gero eta oihartzun handiagoa hartzen dute istorioak aurrera egin ahala.

'dirtY business'

  • Sortzailea. Joseph Bullman. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. David Thewlis, Jason Watkins, Asim Chaudhry eta Posy Sterling.
  • Non ikusi. Movistar Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA