Eibartar gasteiztartua da Juan Sagastizabal margolaria (Eibar, Gipuzkoa, 1952). Araban igaro du bere ibilbide artistiko osoa, eta hiriburuko Zuloa liburu dendan dago ikusgai bere azken erakusketa, Elegia entomologikoa izenekoa. Bere estudioan sartzea bost hamarkadako artelanak biltzen dituen museo batean sartzea bezalakoa da: elkarrizketan, obra bati edo estilo jakin bati buruz mintzo denean, zutik jarri da, eta koadro pila baten atzetik edo liburu meta baten azpitik atera ditu erakutsi nahi zituen adibideak. Abian dituen proiektuez eta bizitza osoko artelanez hitz egin du BERRIArekin.
Intsektuak eta natura ditu ardatz zure azken erakusketak. Natura beti izan al da inspirazio zure lanerako?
Baietz esango nuke. Natura inspirazio eta ideia iturri da artista gehienentzat. Ni margolari abstraktu izaten hasi nintzen, baina, abstrakzio horretan ere, esango nuke naturan inspiraturiko elementuak zeudela, bazuela naturaren gomuta bat. [Karpeta bat atera du, duela 40 urteko artelanen argazkiekin] Hemen txiki ikusten dituzun bi metroko artelan hauek abstraktuak dira, baina zuhaitzekin orbelak edo basoa oroitarazten duten testura bat dute, udazkeneko basoa, hori da. Beraz, bai, natura beti izan dut inspirazio; eta, gaia natura ez denean ere, bertatik ideiak atera daitezke artelan batean ñabardurak edo konponbideak txertatzeko.
Hasierak aipatu dituzunez, goazen hasierara. «Margolari autodidakta» gisa definitu izan duzu zeure burua. Nola ikasi zenuen margotzen?
Berez, ikasketaz aparejadorea naiz. Horretarako ikasi nuen, baina pintura beti izan dut gustuko, txiki-txikitatik. Nire amaren lehengusina batek margotzeko zaletasuna zuen, eta oso ongi margotzen zekien. Ni liluratuta geratzen nintzen hura margotzen ikusten, eta, apur bat bera imitatzen, pintatzen hasi nintzen ni ere. Beraz, afizio hori beti izan dut.

Gero, ordea, familiari Arte Ederrak ikasi nahi nuela adierazi nionean, «ez, hori ez, horretatik ezin da inor bizi», esan zidaten; ez zuten nahi ni margolari izatea. Tira, beste garai batzuk ziren. Aparejadore bilakatu nintzen, beraz, baina bi urte horretan lan egin ondoren, argi neukan hori ez zela niretzako ogibidea.
Zorte handia izan nuen, sostengatzen ninduen bikotekidea nuelako garai hartan, egun nire emazte dena. «Tira, ba, egin nahi duzuna!», esan zidan hark, eta orduan hasi nintzen profesionalki margotzen, bizibidea ateratzeko orotariko lanak egiten nituen bitartean. Arkeologia Museorako marrazkiak egiten nituen, etxean pintura klaseak ematen nituen, baita ikastoletan ere... Akademia bat ere izan nuen lagun batekin, eta halakoak.
Eta noiz egin zenuen pinturari osoki dedikatzeko urratsa?
50 urterekin edo izan zen hori; orduan erabaki nuen soilik margotzea. Baina familiaren laguntza eta sostengua dudalako egin ahal izan dut nik hori, bestela ezingo nuke bizimodua atera honetatik.
Nolakoak izan ziren lehen hamarkada horiek, Arabako Artisten Elkartean, margolaritza bestelako lanekin uztartzen?
Nik profesionalki margolari izateko erabakia hartu nuenean, ibilbidearen hasieran ziren beste artista askorekin harremana egin nuen, eta horietako askok nolabaiteko elkarte bat sortu nahi genuen, erakundeekin bitartekaritza lana egin ahal izateko, Gasteizko Udalari eta Arabako Aldundiari gure proposamenak eta kezkak helarazteko.
«Familiak ez zuen nahi ni margolari izatea, baina gerora emaztearen sostengua izan nuen, eta horri esker naiz egun pintore profesionala»
Udalak ez zigun kasu handirik egin, baina aldundiak bai, eta horri esker erakusketa kolektibo asko egin genituen, ez soilik Euskal Herrian, baita Espainia osoan ere. Ongi funtzionatu zuen kontuak, amaitu zen arte, dena amaitzen den legez. Baina, tira, hor nire hastapenetan aukera izan nuen estudioa partekatzeko, hala nola Fernando Illana, Iñaki Cerrajería, Daniel Castillejo eta Gustavo Almarcha artistekin.
Besteengandik ikasteko aukera izan zen zuretzat?
Bai, noski. Beste artistak lanean ikusteko aukera nuen, eta gauza asko partekatzekoa. Elkarri bisita egiten genion, aholkuak ematen genizkion batak besteari, eta bai, aurrera egiteko eta ikasteko modu ona izan zen.
Hain zuzen ere, zure estiloak eboluzio nabarmena izan du urteen joanean. Nolakoa izan da bilakaera hori, eta zer du atzean?
Hasieran, saiatzen nintzen margotzerakoan gogoa hutsik uzten, prozesua ahalik eta naturalena izan zedin. Kaosa antolatzen saiatzea bezalakoa zen, pentsatu gabe margotzen nuen, bulkada hutsez. Nolabait esateko, ideiarik gabe margotzen saiatzen nintzen, baina hori oso zaila da. Orduan, oso testura nahasiak ateratzen ziren, esanahi argirik ez zutenak. Azkenerako, materialak bortxatzen nituen: erre egiten nituen, marratu, zuloak egin... Azken finean, esango nuke hasiera batean nire apeten eta aldarteen oso mendekoa nintzela, artista gisa.
Garai horietan, nire estiloa oso formalista zen, baina baita oso espresionista eta adierazkorra ere. Horrek oso ezeroso uzten ninduen, margotzeko orduan sufritu egiten nuelako inpresioa nuen. [Katalogo zahar bat hartu du, bertako artelanak erakusteko] Hemen ikusten duzun bezala, garai hartako artelan hau zulaturiko hilarri baten antzekoa da, eta pinturatik eskulturara nindoan sentsazioa nuen. Nik ez nuen eskultura egin nahi, eta pentsatu nuen, «honetan sartu nintzen pintura gustuko dudalako, eta nire ideiak eta bulkadak horretara bideratuko ditut». Orduan hasi nintzen nire margoentzako gai edo motibo konkretuen bila.
Non aurkitu zenuen lehen sormen krisi horri erantzuteko materiala?
Saiakera askoren ondoren, azkenean haurrak izan ziren nire salbazioa. Izan ere, garai hartan nire alabak txikiak ziren, eta nire bizitzaren atal garrantzitsuak. Garai hartan ohikoa zen haurren argazkiak atera eta albumetan antolatzea, eta hortik sortu zitzaidan inspirazioa. Haurrak protagonista ziren erakusketa bat antolatu nuen Amarika Aretoan, Haurtxo pirata izenekoa, eta hori izan zen nire lehen erakusketa figuratiboa. Pintura naturalistara lerratzen hasi nintzen orduan, baina oraindik ere estilo oso espresionistarekin.

Ondoren, beste etapa batean, haurraren figura bidaiatzera bidaltzea erabaki nuen, eta Jitoan izeneko erakusketa bat egin nuen. Koadro hau duzu adibide: ume bat da, itsasoan, txalupan, ilargiari begira. Hor, jada, haurraren pertsonaia aldatuz joan zen, ez zen jada hain karikatura, errealistagoa baizik. Hor hasi nintzen Rafa Lafuenterekin anatomia eskoletara joaten. Erakusketa gehiago egin nituen haurren eta nerabeen gaiaren inguruan.
Giza gorputzetik zomorroetara nola igaro zinen?
Hementxe bertan hasi nintzen zomorroak aurkitzen, parketik sartzen zitzaizkidan, orain, udazkenean, batez ere. Harrapatzen nituen, eta margotzen hasi nintzen. Garai hartan ez genuen ez argazki makina digitalik ez horrelako kristorik; nik zomorroa taula baten gainean jartzen nuen, eta luparekin begiratzen nion adi-adi, gero margolana egiteko.
«Ez naiz gai helburu jakin batekin margotzeko: margolanak berarekin eramaten nau, eta helburua gaia jorratu ahala aurkitzen dut»
Orain darabildan teknika oso ezberdina da: basora edo mendira joaten naiz, argazkiak ateratzen ditut, eta horiek inspirazio gisa erabiltzen ditut. Argazki bateko paisaia aukeratzen dut, beste bateko loreak, beste bateko intsektuak... Hain zuzen ere, garai bateko intsektuen koadroei antzeko estiloa eman nahi izatetik sortu zen orain Zuloan dagoen erakusketa: hondoko paisaia aldatu nahi izan nien. Uste nuen horrela ez zirela hain dramatikoak izango, baina kontrakoa, are dramatikoago bilakatu ziren, egungo testuinguruarekin harreman handiagoa baitute orain: gero eta intsektu gutxiago daude, eta, agian horregatik, inoiz baino deigarriagoak zaizkit.
Azken bilduma horrek salaketa edo kritika puntu bat ere badu, beraz. Gizartean eragiteko tresna ere bada artea?
Ez gaitezen tronpa: egia esanda, oso zaila da. Ni, behintzat, ez naiz sekula gai izan kontzeptu edo salaketa jakin bat buruan izanik artea egiteko. Saiatu nintzen bere garaian arte kritikoa egiten, baina ez zait irteten. Margolanak berak berarekin eramaten nau, eta helburua gaia jorratu ahala aurkitzen dut. Oraingo honetan, koadroen errepasoa egitean, nire helburua ez zen intsektuen desagerpenaren salaketa egitea, baina horrela suertatu zen.
Zuloa dendako erakusketaz gain, beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Ba, bai. Arteen eta Ofizioen Eskolan beste erakusketa bat prestatzeko eskatu didate; azaroaren 20an inauguratuko da. Ez da oso ohikoa. Egun, normalena da obrak izatea eta ez jakitea non demontre sartu. Badaude erakusketarako tokiak, baina pinturak ez du bereziki jendea erakartzen.
«Normalena da obrak izatea eta ez jakitea non demontre sartu. Badaude erakusketetarako tokiak, baina pinturak ez du bereziki jendea erakartzen»
Posible al da, beraz, egun margolari izatetik bizitzea Euskal Herrian?
Arabako egoera ezagutzen dut nik batez ere, eta hor erantzuna ezezkoa da. Aurreko belaunaldi bateko artistek egin ahal izan zuten hori, baina gauzak asko aldatu dira. Ez da soilik artea ez dela saltzen, jendea egun ez da erakusketak ikustera ere joaten. Lehen, agian eskaintza hainbestekoa ez zelako, jendea erakusketetara joaten zen, baina egun oso jende gutxi bertaratzen da. Esango nuke gazteen interesak beste ildo batekoak direla.
Zer aholku emango zenioke artista izan nahi duen baina argi ez duen gazte bati?
Neuk ere ez dut argi, ez nuke jakingo zer aholkatu. Nire senidea balitz, agian esango nioke: «Hobe ez». Agian esango niokeena da, talentua baino gehiago, ahalegina dela garrantzitsuena, eta ahalegin eskerga egiteko prest egon behar duela. Ahalegintzen bada, mereziko du; bestela, ez.