Sagar ekoizlea eta Lurramako ugazama

Elena Agerre: «Ez genuke amildegi bat ukan behar laborantzan ari garen guti horien eta gizarte osoaren artean»

2023an, sagar ekoizpena hasi zuen Baigorrin. Lurramako ugazama da aurten, eta familiaz kanpoko transmisioari buruz gogoetatzeko eta erantzun kolektiboak atzemateko premia sentitu du.

Elena Agerre, Lurraman, azaroaren 7an. NAHIA GARAT
Elena Agerre, Lurraman, azaroaren 7an. NAHIA GARAT
Xalbat Alzugaray
2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hiru urte landatu zituen lehen sagarrondoak Elena Agerrek (Bidarrai, Nafarroa Beherea, 1985). Familiaz kanpoko transmisio bat eraman behar izan du Baigorrin etxaldearen eta lurren kausitzeko. Egun, mahastizain gazte baten etxaldeko lur batzuk eta erretretara joan den laborari baten behitegiak baliatzen ditu sagarrak ekoizteko eta biltegiratzeko. «Ezohiko» transmisioa jaso behar izan du, familian ez baitu laboraririk, eta, beraz, hutsetik hasi behar izan baitu lanbidean plantatzeko. 

Zer zailtasun atzeman zenituen sagarrondoak landatzeko proiektua martxan emateko?

Zailtasun anitz dira. Hutsetik abiatzen bazara, dena sortu behar duzu: makinak erosi behar dituzu, landaketak egin eta azpiegitura atzeman. Familiaz kanpoko transmisioak ditu zailtasun horiek sortzen. Horrekin batera, gauza batzuk onartu behar dituzu. Ez zara sekula zure lurren jabe izanen, laborantza lurrak biziki guti saltzen baitira. Gainera, onartu behar duzu zure laneko tresna alokatua duzula eta hori ez duzula bortxaz transmitituko haurrei.

Lurramaren aurtengo aldian, transmisioaren gaia aztertuko duzue, hain zuzen ere.

Ez naiz Lurramaren antolaketaren barne, baina ugazama izateko galdegin didate, nik bizitako transmisio mota hori, familiaz kanpokoa, lagundu behar delako segidarik gabeko etxaldeak transmititu nahi badira. Ni ez naiz laborari alaba, ez nuen lurrik, hutsetik abiatu behar izan naiz, eta eskualdean guti ikusten den ekoizpen bat plantan eman dut.

«Hutsetik abiatzen bazara, dena sortu behar duzu: makinak erosi behar dituzu, landaketak egin, eta azpiegitura atzeman. Familiaz kanpoko transmisioak ditu zailtasun horiek sortzen»

Familiaz kanpoko transmisioak egin beharko dira etxalde hutsak transmititzeko?

Erantzun eta gogoeta kolektiboak behar dira galderari erantzuteko. Laborantzatik kanpo jiten den jendeari transmisioa erraztu behar zaio. Horretarako, hainbat mailatan indar egin beharko litzateke. Errate baterako, herrietako hautetsiek dituzte hobekien ezagutzen segidarik gabeko etxaldeak, eta ahalbidetu lezakete jende berria laborantzan integratzea. Horrekin batera, etxaldea uztera doan jendeak ere ausardia handiagoa ukan behar luke familia barneko transmisioetarik harat joateko.

Laborarien ongizatea ere jokoan sartzen da transmisio garaian?

Behin etxaldea martxan emanik, laborariok ahanzten dugu nola bizi garen. Ez badugu, guti gorabeheiti, bizitza normala egiten, ez dugu nahiko ondorengoak hori jasan dezan. Errealitate zaila dugu, ekonomikoki eta moralki ez baita errealitatea errazten ari. Egiazko desafioa da laborariok bizi jasangarria ukaitea.

Lan baldintza okerrei lotua da bizi duzuen errealitatea?

Lan baldintza oker horien konpentsatzeko tresnak behar dira atzeman. Gure eguneroko errealitatea hobetzeko gogoetak eramaten ditugu, eta gizartean horiek integratzeko indarra egin behar da. Ez genuke amildegi bat ukan behar laborantzan ari garen guti horien eta gizarte osoaren artean: biak osoki konektatu behar dira.

«Laborantzaren geroaren galdera ez da bakarrik laborarien artekoa izan behar: gizarte auzi bat da»

Erakunde publikoek ere borondatea falta dutela sumatzen duzu?

Laborantzaren geroaren galdera ez da bakarrik laborarien artekoa izan behar: gizarte auzi bat da. Badakigu zer garrantzi duen laborantzak lurralde osoan, izan ingurumenaren babesean, izan biztanleriaren jateko maneran. Beraz, interesgarria da aterabide proposamenak laborariek gogoeta ditzaten, baina argi dut: sostengua, laguntza teknikoa, ekonomikoa eta politikoa gizarteak laborantzaren auzia barneratu ondotik jinen da.

Lurraman Euskal Herriko lurralde guzietarik jinen da jendea gai horiez hausnartzera. Ipar Euskal Herritik haratagoko errealitateak ezagutzeko parada irekiko dizu?

Egia da ez ditudala batere ezagutzen gainerateko lurraldeetako errealitateak, eta gogoa dut erranen dutena aditzeko. Ugazaitaren [Iñaki Intxausti] etxaldea joan nintzen bisitatzera, bere lurraldea eta dituen problematikak ezagutzeko. Ohartu naiz laborantzaren errealitatea ez dela batere errazagoa Hegoaldean, eta entzun nahi dut hango hautetsiak politikoki nola aritzen diren auziaz. Ipar Euskal Herriko errealitatea ikusirik, Hegoaldeko ekoizleak eta laborariak ohar daitezke laborantzak funtsezko rola jokatzen duela lurralde antolaketan.

Zuen arteko sare bat sortzeko parada izan daiteke, bide batez?

Hegoaldeko talde batzuk aski erregularki heldu zaizkigu, haientzat errealitate berezia baita hemengoa. Alde politikoa interesatzen zait, hango hautetsiek ez dutelako hemengo errealitatea ezagutzen, eta uste dut elkar ezagutzak hautu politiko batzuk erraztuko dituela: hori izan daiteke etorkizun polita.

LOTSABAKO

Lurramako zer egun duzu gustukoena?
Ostiral egun osoa eta gaua, egun horretan ezagutzen baitugu gomitatu dugun lurraldea.

Lurramako apairu bat hautatuko bazenu?
Ostiral eguerdikoa.

Fruitu ekoizle ez bazina, zer izanen zinateke?
Artzain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.