Asteburuko proposamenak

«Ezin delako beste aldera begiratu»

Duela hamar urte abiatu zuen Bixi Bixi elkarteak Gora Herriak jaialdi internazionalista Pasai Donibanen. Aurten Palestina omenduko dute, «halabeharrez».

Gora Herriak jaialdiaren 2023ko aldiaren argazki bat. OARSOALDEKO HITZA
Gora Herriak jaialdiaren 2023ko aldiaren argazki bat. OARSOALDEKO HITZA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak daramatza Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Bixi Bixi elkarteak bere izenari men eginez kultura ekitaldiak antolatzen. Hamar urte dira Gora Herriak jaialdia lehendabizikoz egin zutenetik. Jaialdi «internazionalista» gisa definitu du elkarteko Xabier Alegriak, eta banan-banan zerrendatu ditu urte horietan omendutako herriak: «Kubarekin hasi ginen, nola ez; eta ondoren, Portugal, Sahara, Kurdistan, Afrikako migrazioak, Irlanda, Argentina eta Abya Yala [Amerika] omendu genituen». Aurten jaialdiaren bederatzigarren aldia egingo dute, eta Palestina izango dute hizpide, «halabeharrez, han gertatzen ari den genozidioa ikusita palestinarrei ahotsa ematea dagokigulako guztioi; ezin delako beste aldera begiratu». Duela bi aste hasi zuten jaialdia, eta ekainaren 13ra arte luzatuko da.

Elkartasunak gizartea «hobetzen» duela eta «Euskal Herriko borrokak» munduko beste zenbait txokotako borrokekin lotura bat duela sinetsita abiatu zuten Bixi Bixi elkartekoek Gora Herriak jaialdia. Elkartea kulturgintzan lanean aritzen da urte osoan, baina jaialdi hori «bereziki» zaintzen dute. «Are gehiago aurten». Urtero herri bat omentzen dute, eta herri horren aukeraketa ez da ausaz egiten, «hautu politiko bat» izaten da: «Duela urte batzuk Portugal hautatu genuen Donibanek herrialde horrekin zor bat zuelako. Portugaldar asko iritsi ziren gugana, bakailaoaren arrantzaren bitartez, eta zerbait zor genien, besarkada bat gutxienez. Eta gauza bera sahararrekin eta Abya Yalako biztanleekin ere». Aurten, bide beretik, ezinbestekoa iruditu zaie jaialdia Palestinaren bueltan antolatzea: «Egunero genozidio hori ikusita ezin dugu beste aldera begiratu. Gu guztioi dagokigu Palestinari ahotsa ematea». Hain zuzen ere, palestinarrak jasaten ari diren sufrimenduari erreparatuz, erabaki dute «jai kutsua» kentzea aurtengo jaialdiari. Halere, palestinar erresistentzia omentzeko hamaika ekintza antolatu dituzte. 

Jaialdiaren ohiko formatua izango du aurtengoak ere: bost hitzaldi eta gainerako ekitaldiak. Bost hitzaldi horien bitartez, jaialdiaren ardatza den herriaren inguruan arituko dira, eta aurkezpenak egingo dituzte. Jada eginak dituzte horietako bi, eta geratzen diren hiruretako lehena gaur arratsaldean egingo dute. Bertan, Dabid Lazkanoiturburuk Tareq Baconiren Hamás liburuaren aurkezpena egingo du. Horren bitartez, Hamas taldearen historian eta ezaugarrietan sakonduko du. Datorren astelehenean Diana Xamsen, Nadia Nemeh Shomalyren eta Ainara Lertxundiren txanda izango da. Lehenengoa Gazako idazlea da; bigarrena, aktibista palestinarra eta Bermeoko (Bizkaia) alkatea; eta azkena, kazetaria. Bada, hiruren artean Palestinako emakumeen erresistentziaz arituko dira. Eta azken hitzaldia datorren asteazkenean egingo dute, ekainaren 10ean. Genozidioa gelditu! Elkartasun eraginkorrari begirako gakoak izena ipini dioten solasaldian, Europako biztanleek «egin dezaketenaz eta egin behar dutenaz» hausnartuko dute Ibon Meñikak (Gernika-Palestina), Julenek (BDZ Mugimendua), Mahmud al-Xaerrek (idazle palestinarra) eta Mark Nicholsonek (Erresuma Batuko Palestine Action taldea).

Artearen garrantzia

Hitzaldiez gain, aparteko egitaraua antolatu dute. Gaur bertan Julen Gabiria itzultzaileak berak itzulitako Joe Saccoren Palestinari buruzko komiki trilogia aurkeztuko die Lizeoko DBH 4ko ikasleei. Komikiaren edukiaz ez ezik, Palestinaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatuko dira. Eta datorren asteartean Porrotx eta Zapotxin pailazoek haurrentzako tailerra eta ikuskizuna egingo dituzte herriko plazan.

Musikak muga guztiak gainditzen dituela erakutsiko dute hainbat ekintzatan. Igandean egingo dute Gora Herriak jaialdiaren ekitaldi nagusia, 18:00etan, Juanba Berasategi aretoan: Sol Band Gaza, Olatz Salvador, Jon Maia eta Iker Lauroba oholtzaratuko dira. Eta ekainaren 11n, poesia irakurraldi musikatua egingo dute. Mohammed el-Kurd poetaren Rifqa, Palestinaren ahotsa liburua errezitatuko dute Xalba Ramirezek, Eider Bebobidek —Rifqa euskaratu du— eta Peru Galvetek. 

Jaialdiaren egun handia datorren asteko larunbata izango da, eta egun osoko egitaraua osatu dute. Goizean mobilizazioa egingo dute, Palestinarekiko elkartasun kalejira bat Santiago plazatik Meipira. Bi horma irudi inauguratuko dituzte, eta jarraian, herri bazkaria egingo dute. Bertan Palestinako janaria jango dute. Bazkalostean izango da ekitaldi nagusia: herriko dantzari gazteenek eta Palestinako dantzari batek agurra egingo dute, eta Palestinako Nur eta Ahmed abeslariek, kantaldia. Eguna amaitzeko, Koiuntura + Arte taldeak emanaldia egingo du, eta horren ostean kantaldia egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE