Bilboko Aste Nagusia

Ezin utzi txapligua leherrarazteari

Bilboko aurreko Aste Nagusietako hogei txupinera inguru bildu dira Areatzako omenaldian. Kontatu dutenez, orain beste era batera bizi dituzte jaiak.

Txupinera izandakoak suziriak pizten, gaur, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Txupinera izandakoak suziriak pizten, gaur, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsa liteke erraz topatzeko modukoak direla gorriz jantzitako hogei bat andre. Baina ez dago txupineren arrastorik, behintzat, Marijaiarekin argazkia ateratzeko zain daudenek osatu duten ilara luzean, sukalkia ere ez dira kozinatzen ari, eta ez daude, noski, DYAk itsasadarraren ertzean antolatu duen sorospen ikastaroan ere. Erribera kaletik heldu dira azkenean, elkarri sorbaldatik oratuta eta saltoka, eta Areatzako zubiaren muturrean gelditu, elkar besarkatzeko.

Txupinera izandakoek berriro soineratzen dute uniformea Bilboko Aste Nagusiko ostegunean, konpartsek urtero egiten dieten omenaldirako. Eta ekintza errepikatua izanagatik, txupinera aspaldi izandako eta omenaldi andana batean egondako horiek eutsi egiten diote betiko aldarteari: aurten ere, irribarretsu eta hunkituta daude gorriz jantzitako emakumeak.

Konpartsakideak suziri multzoa prestatzen ari diren bitartean, jende mordo bat gerturatu da txupinera ohiengana. Anabasa horretan, patxadaz ari dira berbetan Txori Barroteko Olatz Agirre eta Gogorregiko Josune Bañales. Txupinera izan ziren urteko oroitzapenez, akaso? Agirreri ez zaio asko kostatuko haiek akordura ekartzea, iaz izan baitzuen suziria botatzeko ardura. «Nik hurbil-hurbil daukat. Aurten, txandetara bueltatu naiz, errealitatera. Iaz, laino batean banengo moduan egon nintzen».

«Nik hurbil-hurbil daukat. Aurten, txandetara bueltatu naiz, errealitatera. Iaz, laino batean banengo moduan egon nintzen»

OLATZ AGIRRE Txori Barroteko konpartsakidea eta iazko Aste Nagusiko txupinera

Bañales 1994an izan zen txupinera, artean Gogorregi Bilboko Konpartsen Federazioko kide zela. Gogoan du esperientziak aldatu egin ziola Aste Nagusia bizi izateko modua. «Aurretik, jaiak gauez baino ez nituen ezagutzen, eta ikusi nuen egunez zenbat gauza dauden, eta zenbat ekintza prestatzen dituzten». Jendearen berotasuna ere ez du ahaztu. «Hori oso polita da».

Haien «etxea»

Gogorregiko konpartsakideak nabarmendu duenez, «ilusioa» pizten die urtero biltzeak. Zer moduz dauden jakiteko aprobetxatzen dute eguna, aspaldiko denborez hitz egiteko, baita parrandarako ere, Giselle Felli Kranba konpartsako kideak onartu duenez. Izan ere, Zazpikaleetan pote batzuk hartzen ibili dira omenaldiaren aurretik, eta asmoa dute suziriak bota eta gero jaten eta edaten segitzeko. Felli 2016an izan zen txupinera, eta esperientziak lagundu egin dio konpartsakide izatea gehiago baloratzen. «Ze, azkenean, gure leku ohikoa Areatzako gune hau da. Hemendik atera, eta beste giro batzuk ezagutzen dituzu, txupinera garen heinean Aste Nagusiko irudi bat baikara, bilbotar denona, baina, Areatzara etortzen garenean, geure etxetxoan gaude, eta gustura».

Txupinerak, giro ederrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Txupinerak, giro ederrean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Fellirekin batera daude Mekaueneko Patricia Lezama eta Askapeñako Ane Ortiz; Lezamak 2011n jantzi zuen aurrenekoz traje gorria, eta Ortizek 2017an. Baina omenaldira bildu ez direnak ere gogoan izan ditu Fellik: 2023an zendutako Lurdes Luque aipatu du, Satorrak konpartsako kide eta 2002ko txupinera izandakoa.

Prestatu dituzte suziriak, banatu dituzte horiek pizteko metxak, eta ilaran jarri dira txupinera guztiak. Laino zuri mardul batek estali ditu inguruak, eta txalo zaparrada batek hartu du burrunbaren lekukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA