Abentura neurtzeko moduak eta moduak daude. Helmugaren izenak ematen dio askotan handitasuna, eta bidearen izanak beste askotan edertasuna. Distantzia eta bitartekoak ere badira neurgailuak. Zailtasunak eta korapiloak ere badira bidaideak. Eta bidaideak urtebete eta 3 urteko umeak badira, pentsatzekoa da zailtasunak eta korapiloak gehiago izan litezkeela (edo ez). Parentesi barruko edo ez horri segika antolatu zuten euren abentura Mikel Gomezek eta Bego Carrandik, eta egingarria dela erakutsi. Gurpil gainean egin dute bidaia, eta gurpil gainean atera zaie: 1.200 kilometro eta beste horrenbeste abentura. Kontakizun hori izan da BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazlea.
Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean jaso dute irabazleek saria: zeharkaldi bat Val Mairan, Italiako Piemonte eskualdean, Mendiak eta Herriak elkartearen eskutik. Sari banaketan izan dira Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria eta Garo Azkue Mendiak eta Herriak elkarteko kidea. Ikai Vans enpresak emandako bigarren saria ere banatu dute —Inge Goenagak irabazi du, Nieves Gorostiaga amonarekin Afrikara egindako bidaia baten kontakizunari esker: Belaunaldien arteko bidaia Afrikan—.
Suitzan barrena egindako familia bidaiaren kronika da irabazlea. Mikel Gomez eta Bego Carrandi, Elai eta Elurrekin batera: 1.119,4 kilometro, 38 egunetan. «Proba egitera joan ginen, bueltan etorri beharko genuela ere aukeren artean izanda», azaldu du Gomezek. Jendeak egindako harrera nabarmendu du Carrandik, eta halako bidaien «sekretua» kontatu du Gomezek: «Bertako familien etxeetan egon gara [Warmshower etxeetan], eta horrek bidaia errazten du logistikari dagokionez. Askotan, afaria prestatzen dizute, lotarako leku bat eskaini, umeekin egon, gomendioak eman... Horrek bidaia asko merkatzen du». Herrialde bat ezagutzeko «modu polita» dela nabarmendu du Carrandik: «Bertako jendearekin harremanetan jartzeko modu bat da, eta umeek hori ikusten dute». Modu horretan ezagutu dituzte familiak, haien etxeak, eta baita gaztelu bikain bat ere: Chateau de Montolivet, Passinsen (Frantzia). «Hori mundiala izan zen. Azkeneko gaua zen. Jabeari idatzi genionean, uste genuen txantxetan zebilela, baina, ez, benetako gaztelu bat zen. Ezin genuen sinetsi. Non gaude? Ederra izan zen».
Siesta eta siesta artean
Elkarlanean osatutako kronika bat izan da haiena: Gomezek idatzi eta Carrandik irakurri. «Elai txikiaren siestak baliatzen nituen idazteko. Baneukan halako errutina bat ezarrita. Nekatuta egon arren, haren berrogei minutuko siesta horietan idazten nuen. Eta asko gozatu dut. Eskerrak lehiaketari, bestela ez nuen halakorik idatziko. Beti idatzi izan dut bidaietan, oharren bat, sinple-sinple, baina bi umerekin joanda, pentsatzen nuen nekatuta egongo nintzela ezer idazteko, baina jakin genuenean lehiaketa hau zegoela, eta parte hartzea erabaki genuen», azaldu du Gomezek. «Disfrutatu egiten du idazten, eta irakurtzen», argitu du Carrandi bikotekideak.
Kronikari bat jaio da, beraz. «Eta ez nekien», esan du Gomezek, txantxetan. Hurrengo bidaia dute jomugan. Ez dakite nora eta noiz, baina badakite familian eta gurpil gainean izango dela. Hori baita beraien abentura.Â