Familiak eta beste saurio batzuk

Dinosauroen 120 erreplika inguru bildu ditu 'Dino Expo XXL' erakusketak Bilboko Bizkaia Arenan. Ostiralean zabaldu zuten, eta bihar itxiko dute. Milaka bisitari erakarri ditu orain artean.

'Dino Expo XXL' izeneko erakusketa, gaur, Bilbo Arenan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Dino Expo XXL' izeneko erakusketa, gaur, Bilbo Arenan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko martxoaren 7a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez dira benetakoak». Izuaren izuz garrasi egiten ari diren zortzi urte inguruko umeek ere badakite hainbeste, noski, baina zergatik egin uko indar betez eta, batez ere, gurasoen errietarik jaso gabe, garrasi egiteko plazerari? Guztira, 120 dinosauro baino gehiagoren benetako eskalako erreplikak bildu ditu Dino Expo XXL erakusketa ibiltariak Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenako kantxan. Ostiralean ireki zituen ateak, eta bihar izango du azken eguna —desagertzea?—, baina milaka bisitari jaso ditu denbora tarte horretan. Zenbait dinosauro mugitu egiten dira, gainera. Eta orro ere egiten dute batzuek. Horregatik, bisitari txikienetako batzuek, badaezpada gurasoen magalean babes hartuta, behin eta berriz errepikatzen diote baieztapen horixe bera, entzuteko prest dirudien edonori, haien begiradan behin betiko konfirmazioa ikusi nahian bezala. «Ez dira benetakoak».

Baina izan ziren inoiz. Eta hori da saurio erraldoi horiek pizten duten liluraren motiboetako bat. Irudien alboan kokatutako karteletan zehazten denez, esaterako, bederatzi metroko altuera izan zuten Paralititan izeneko saurioek, eta ia bi tona har zitzaketen Liopleurodon izeneko itsas narrasti haragijale erraldoiek. Pteranodon-a ez da, berez, dinosauro bat, baina bai hortzik gabeko musker erraldoi hegalari bat. Eta, noski, datu gehiagoren beharrik gabe ere, bisitariak berehala ohartu dira piztia horien izenak ahots goraz ahoskatzearen gozamenaz. Allosaurus. Corythoraptor. Apatosaurus. Brachiosaurus. Triceratops. Sarcosuchus. Eta, noski, saurioen arteko saurioena den Tyrannosaurus.

«Zergatik gustatzen zaizkidan dinosauroak? Guaiak dira!»

LAUREN MURPHY Erakusketako bisitaria

«Zergatik gustatzen zaizkidan?». Tyrannosaurus rex espeziearen gorputz osoko mozorroa jantzita daramatela egin dute bisita Lauren Murphyk eta haren familiak. Kalifornian jaio zen, baina urteak daramatza Euskal Herrian, eta, haren ustez, begien bistakoa da erantzuna. «Guaiak dira!». Eta garatuago eman du erantzuna gero. «Milaka urte egin zituzten hemen, eta oraindik ere bizirik daude haietako batzuk: krokodiloak eta kaimanak, esate baterako». 

Semeari egindako urtebetetze opari bat izan da bisitarako aitzakia Lexuri Lopezentzat. Gustatu zaie erakusketa, baina luze egin zaie sarrerako ilarasauroa. «Ia ordubete eman dugu hor kanpoan».

Bi fosil

Hondar artean fosilak bilatzeko aukera izan dute umeek, baita dinosauro batzuen gainera igotzekoa ere, 3 euro gehiago ordainduz gero. Dinosauroentzako kaioletan eta, are, dinosauroen matrailen barruan ere atera dituzte argazkiak. Denda bat ere jarri dute erakusketan, besteak beste, dinosauro panpinak, dinosauro betaurrekoak eta dinosauro itxurako heldulekua duten koloretako ezpata argitsuak saltzeko.

Dinosauro berpiztuen artean, euskara izan da desagertu dena. Bilboko Udalak utzitako aretoan, erakusketaren antolatzaileek bi hitz —fosilak?— baino ez dituzte jarri euskaraz: «sarrera» atarietako batean, eta «irteera», beste atarian. Eta, bi horiek ere, dinosauro irudiekin apainduta, baina gaztelerazko hitzen azpian, eta tamaina txikiagoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.