Festaren bihotzetik hasi da frekuentzia

Aurten Herri Sanferminen San Frantzisko gunean egiten ditu zuzenekoak Euskalerria Irratiak. Bi orduko saioa da, eta politikariak, kirolariak eta argazkilariak gonbidatu ditu

Oier Sanjurjo, Osasunako kapitaina, Sanfermintza saiora gonbidatu zuten, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Eguna goibel esnatu zen. Eguraldi hotzak ez zuen kalera ateratzeko gonbitik egiten. Baina sanferminak ez dira etxean igarotzekoak; are gutxiago, kalean urte osoan ikusten ez diren ekitaldiak daudenean. Aurreko urteetan ez bezala, Zaldi Zuriaren egoitza utzi eta festaren erdigunetik Sanfermintza irratsaioa egiten du Euskalerria Irratiak eguerdi oro. Horrela, irratia entzuteko ez ezik, saioa osorik zuzenean ikusteko aukera du herritarrak. Hori dela eta, plazatik igarotzen diren askok geraleku zuten atzo San Frantziskon kokatutako oholtza.

Festak egunerokotasunetik aldentzea eskatzen duen bezala, ohiko tokitik kanpo egiten du saioa irratiak. Bederen festek irauten duten bitartean. Hala, freskotasuna irabazten du. Uztailaren 7an jarri zuen martxan programa, eta, atzo, egunero legez, eguerdian eman zion hasiera.

Orotariko gonbidatuak

Eguneko egitaraua azalduta, entzierroari buruzko solasaldia hasi zen. Egunero, bi korrikalari gerturatzen dira gonbidatu; atzo, Xabier Santamaria eta Unai Pastorri egokitu zitzaien. Lehenengoa, San Domingoko korrikalaria da, eta, bigarrena, Unai Pastor, Estafetan ibilitakoa.

Urrunean, peñen eta txarangen musiken doinuak entzuten ziren, Sanfermintza saioa are gehiago girotuz. Baina irratiaren programazioak ere musika eskaintza bazuen. Pello Belaskoain eta Josu Lizarraga izan ziren lehenengo musikariak Etzakilarena fanfarrearen eskutik.

Festaren beste ikuspuntu bat Ion Orzaiz BERRIAko kazetariak ekarri zuen. Sanferminetan lan egitea egokitu zaio, beste hainbat kazetari bezala. Erraza al zaio berari festa eta kazetari lana uztartzea? «Gozamen puntu bat badu», erantzun zien Euskalerria Irratiko kazetariei.

Politikaren tartean, Maider Beloki Iruñeko Kultur arloko zinegotzia gerturatu zen festen balorazioa egitera. Ilusio handien Oier Sanjurjo Osasunako jokalariaren bisitak piztu zuen, batez ere etxeko txikienen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.