Zinema zuzendaria eta dokumentalgilea

Marco Potiomkin: «Fokua beti toki berean jarriz, argia ere beti berari kentzen diozu: emakumeari»

Goldatu elkartearen eskutik, Potiomkinek zuzendutako ‘Flores bajo el hielo’ film margotua emango dute gaur Donostian. Frankismoaren kontra borrokatu ziren emakume anonimo batzuen bizitza kontatu du.

Marco Potiomkin zine zuzendaria eta dokumentalgilea. POTIOMKINEK UTZITAKOA
POTIOMKINEK UTZITAKOA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsik gabekoen ahotsak eta mututu zituztenen hitzak margotu ditu: frankismoaren kontra borrokatu ziren emakumezkoenak. Flores bajo el hielo film berezia ondu du Marco Calvo Lafarga Potiomkin-ek (Huesca, Espainia, 1972). Goldatu elkarteak gonbidatuta, Bilbon eman zuten atzo, eta Donostian emango dute gaur, Trueba zinema aretoan, 19:00etan.

Berezia da zure abizena.

Ez da abizena. Ezizen gisa erabiltzen dut. Pentsa, Huescako Pirinioetako herrixka batekoa naiz. Han ez zegoen ez filmotekarik, ez filmik ikusteko aukerarik. 1980ko hamarkadan, zinema mutua gustatzen zitzaidan. Lagunek barre egiten zidaten. Zaragozako Unibertsitatera iritsi nintzenean hasi nintzen filmotekara joaten, Alemaniako espresionismoa eta Errusiako zinemagintza ezagutzen. Potiomkin korazatuaren kamiseta bat ere eramaten nuen soinean. Madrilera zinemagintza ikastera joan nintzenean, izen hori hartu nuen. Hogei urteren ondoren, jada ezin dut atzera egin.

Flores bajo el hielo (Loreak izozpean). Zer lore dira eta zer izotz da?

Anarkismo kontuetan aditua zen historialari bat ezagutu nuen duela urte asko. Hark zioen Espainiak, estatu kolpearen, gerraren eta diktaduraren ondorioz, glaziazio bat jasan zuela. Mendeak eta mendeak egin zutela atzera. Eta glaziazioaren ideia horri helduta, emakumeak protagonista dituen pelikula bat izanda, eta ni Pirinioetakoa naizenez, bada han lore bat edelweiss izena duena. Lore horren ezaugarria da 3.000 metroan eta zeropeko 20 graduan ere bizirik irauten duela. Eta pelikula hau ez da biktimei buruzkoa bakarrik: emakume erresistenteei eta borrokalariei buruzkoa ere bada. Hortik datorkio izena.

'Flores bajo el hielo' filmeko bi emakume, haien irudiekin. MARCO POTIEMKIN
'Flores bajo el hielo' filmeko bi emakume, haien irudiekin. MARCO POTIEMKIN
Eta «margotutako irudien» bidez eman duzue horren berri. Zer da hori?

Pelikula hamar urteko lanaren emaitza da. Hasiera-hasieratik, pelikula esperimentala izan da. Inoiz ez da halakorik egin. Nik beti maite izan ditut komikiak eta nobela grafikoa, eta horregatik da pelikularen estetika horren berezia. Mikroipunez osatutako mosaiko bat da. Margotuta dago. 30 artista grafikok parte hartu dute, eta bakoitzak emakumezko protagonista bat margotu du. Ez dago animatuta, margotuta dago. Erronka zera izan da: muntatzearen bidez, mugimendu itxura ematea; jendea zineman sartu eta hamar minutura marrazkiak ikusten ari dela ahaztea. Irudi bakoitza komiki baten bineta bat litzateke. Eta ez dago mugimendurik, baina jendeak ikusten du, eta amaitzean zera dio: «Ez nago seguru mugimendurik bazegoen edo ez». Hori da lorpena.

Baina protagonistak benetakoak dira?

Dokumental bat da, eta dokumentalaren definizioa hori da: bere burua irudikatzen duen pertsona bat dago beti. Elkarrizketen eta testigantzen dokumental asko daude, baina guk ihes egin nahi izan diogu horri, nahiz eta oinarri-oinarrian elkarrizketa horiek dauden. Testigantza horiek errespetatu ditugu, eta ahotsak eta soinuak margotu dizkiegu. Ahots nagusia beti emakumezko batena da: 80-90 urte dituena, eta diktaduraren kontra borrokatu dena —baten bat hila da jada, tamalez—.

«Aitortzarik gabekoa aitortu, ikusezina ikusarazi...». Nola egiten da hori?

Protagonistak emakumezkoak izango zirela erabaki genuenean, aurretik egin ez zen guztia kontuan hartuz egin genuen. Alegia, emakumezkoen errelatorik ez zegoen, eta niri hori harrigarria egiten zitzaidan. Hori da sistema frankistak nahi zuena: emakume horiek desagerraraztea. Fokua beti toki berean jartzen duzunean, argia ere beti berari kentzen diozu: emakumeari. 

Filmak asko bidaiatu du, sariak ere irabazi ditu, baina bidea ez da erraza izan, ezta?

Espainiako politikak eskuinera egindako biratze horrek ez zigun batere mesederik egin aurkeztu genuenean. Publikoak ziren hainbat gune itxi egin zituzten, eta ezin izan genuen pelikula erakutsi. Ekoiztetxeek eta zinema munduak ere, oro har, ez zuten begi onez ikusi egiten ari ginena: erotuta geundela uste zuten. Banatzaileen ateak jo eta jo aritu nintzen, eta ezezkoak baino ez nituen jaso. Memoria historikoari buruzko istorio bat, protagonista gisa emakumeak zituena, margotua, eta luzea: esaten zuten horrek ez zuela inolako interesik. Zorionez, huts egin zuten.

Hori bada oraindik halakoen beharra dagoen seinale?

Ni historialaria naiz, izatez. Historia garaikidea ikasi nuen, eta nire hezkuntza prozesu guztian ez nuen landu gai hau. XX. mendea ez genuen landu, ezta karreran ere. Nola prestatuko ditugu ongi historialariak eta ikertzaileak ez badute XX. mendea ikasten? Bistakoa da hemen erabaki politiko bat egon zela, trantsizio eredugarri horretan itun bat egon zela: amore emateko eta demokraziaren alde borrokatu zirenen jarduna isilarazteko. Izugarria da nik nire hezkuntza prozesuan hori guztia ez ikustea eta ikastea, baina are izugarriagoa da nire alabari beste horrenbeste gertatzea. Eta 17 urte dauzka. Jende gazteari lapurtu egin diote euren iraganik hurbilekoena ezagutzeko aukera.

LOTSaBAKO

Erreferentziazko zinemagile bat?
Basilio Martin Patino. Frankismo garaian zinema egin zuen, eta pelikula zoragarri bat ere bai: Queridísimos verdugos.

Erreferentziazko dokumental bat?
El silencio de otros, Almudena Carracedorena.

Zure filmeko emakumezko bat?
Zeika Viñuales eta haren ama Lorenza Sarsa. Sekulako istorioa dute. Esate baterako, Ponzan sareak Zeikaren argazki bat erabiltzen zuen igarobaimen eta pasahitz gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA