Gabon kanten diskoa

Eguberrietako abestiekin disko bat prestatzen ari dira Juantxo Zeberio pianista eta haren jazz laukotea, Sustraien Ahotsa abesbatzarekin batera. Diskoa grabatu berri dute.

Basque Christmas Songs diskoan, txikitatik etxean eta kalean entzundako abestiak aurki daitezke. MAIDER OLEAGA.
Ainhitze Ruiz.
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Eguberri Umama-Basque Christmas Songs izena du Juantxo Zeberio pianista tolosarraren gidaritzapean grabatutako diskoak. Zeberiok jazz laukotea osatzen du Gonzalo Tejada, Hasier Oleaga eta Mikel Anduezarekin batera. Jazz laukoteak Sustraien Ahotsa abesbatzarekin batera grabatu berri du diskoa. Grabaketa joan den astean amaitu zuten, Donostiako Elkar estudioetan. Umama!!! (2003) eta Umama 2 (2007) diskoak kaleratu ondoren, segida horren hirugarrena izango da Basque Christmas Songs diskoa. Aurreko bi diskoek errepertorio askotarikoa izan zuten, euskal kantuak, munduko folklorea eta beste hainbat motatako kantak izan ziren. Oraingoan, berriz, Gabon kantak aukeratu dituzte. «Betidanik izan dut gogoa Gabon kantekin zerbait egiteko», esan du Zeberio konpositoreak.

Eguberri Umama - Basque Christmas Songs lan berri honetarako, txiki-txikitatik etxean eta kalean entzun eta abestu dituzten Gabon kantak hartu dituzte lehengai gisa. «Gabon kantak gauza zikliko bat dira, urtero etortzen zaizkigu gogora garai bateko kanta batzuk, oso bereziak izaten direnak. Azken batean denoi etortzen zaizkigu txikitako oroitzapenak Gabon kantekin».

«Oraindik ere, urtea joan, urtea etorri, Eguberri guztietan, Tolosaldean beti irteten gara familiarekin edo lagunekin kantuan aritzera», esan du Zeberiok. Eta hauxe gaineratu: «Hori horrela izanda, gogoa neukan disko entzungarri bat egiteko, Gabon egunean edozeinek bere etxean gustura entzun dezakeen disko bat».

Urtebeteko prozesua

«Duela urtebete hasi nintzen lanean,ideiak antolatuz, aukeratuta neuzkan kantuak ordenatuz eta moldaketa berriak eginez», argitu du musikariak. Diskoaren prozesua luzea izan da, kantuak aukeratu, abesbatzarako moldaketak idatzi, entseguak egin... «Esan daiteke urtebete inguruko prozesua izan dela».

«Taldearen erronka nagusia, abestiak gure modura ekarri, gure kolorez jantzi eta gure estetikan murgiltzea izan da», dio konpositoreak.

Eduki aldetik, guztira hamar abesti aurki daitezke diskoan. Horietatik sei Sustrai Ahotsa abesbatzaren helduen abesbatzarekin grabatutakoak dira, biSustraien Ahotsa haurren abesbatzarekin grabatutakoak, Inazio Mokoroaren kanta erlijioso bat eta, azkenik, disko honetarako propio egindako abesti bat.

Grabaketa egin eta CDa kaleratu ahal izateko, jarraitzaileen laguntza behar izan dute. Horretarako, gaur egun modan dagoen finantzaketa kolektiboaren sistema erabili dute Verkami web orrian jarraitzaileek ekarpenak egiteko txokoa jarrita. Emandako laguntzaren truke sari edo konpentsazioak eman dituzte. Finantzaketa mota horrek bi helburu ditu, Zeberioren ustez; «alde batetik dirua lortzea, eta, bestetik jarraitzaileen konpromiso eta inplikazio prozesu bat izatea». Laguntza ematen duten jarraitzaileak diskoaren parte izatera sartzen dira; «azken batean, babesa eman digutenek disko honen aldeko apustua egin dute, eta hainbat lagun gure alboan daudela sentitu dugu, oso polita izan da», gaineratu du.

Euskal Gabon kantak maite dituztenek, Eguberri aurretik izango dute diskoa eskuratzeko aukera. Abendua eta urtarrila bitartean ere hiru kontzertu emango dituzte: abenduaren 13an, Tolosan; abenduaren 15ean, Hondarribian eta urtarrilaren 2an, Donostian, Antzoki Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.