Etxea ez dira lau horma, edo ez hori bakarrik, behintzat. Etxea memoria da, usaina eta jendea objektuz inguratuta. Objektu bakoitzak funtzio jakin bat betetzen du, baina alda dakizkioke bai forma eta bai erabilera. Hain zuzen ere, manka bat birdiseinatu du Nora Gondat Unzalu diseinatzaileak (Pasai Antxo, Gipuzkoa, 2000), eta, hala, Hau Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketaren irabazlea Batu izeneko lanarekin.
Nolakoa zen hasierako manka hura?
Bakoitzak aukera zeukan bere manka aurkitzeko, alegia, ez genuen fisikoki denek manka bera ikusi. Batzuk museoan jarri zituzten ikusgai, baina ni ezin izan nintzen joan. Aitaren koaderno batean topatu nituen diseinu batzuk, eta hortik hartu nuen nire manka eredua. Oso zuhurra zen, monumentala eta tradizionala. Euskal kultura oso agerian ikusten den altzari bat da, antzinako euskal garai jakin bat oroitarazten duena.
Eta nola eratu zenuen Batu?
Deialdi bat egiten dute produktu bat azalduz, eta hura birdiseinatzeko eskatzen dute. Urtero aldatzen da objektua, baina beti izaten da Euskal Herrian tradizionalki garrantzitsua izan zen elementu bat. Gure aita asko ibiltzen zen taillan, eta zortea izan nuen garajean bazeukalako karpeta bat altzari sorta handi batekin. Ez da deialdira aurkezten naizen lehendabiziko aldia, duela hiru urte ere parte hartu bainuen. Batu sortzeko argi eduki behar nuen zer eraldatu nahi nuen: alde funtzionala eta estetikoa aldatzeaz gain, alde soziala ere landu nahi nuen.
Alde soziala?
Bai, bi ildo nagusi neuzkan. Alde batetik, argi neukan nire produktuak gainean eduki behar zituela euskal kultura eta sinbologia jakin hori. Manka, hain zuzen ere, horrek bereizten du beste leku batzuetako armairu itxi horietatik, zeren badira mankak hemendik kanpo ere. Baina gureek zigilu gisako bat dute, euskal zigilu gisako bat. Garrantzitsua zen produktu berrian hori agertzea. Eta, beste alde batetik, sozialki zerbait eragitea nahi nuen. Diseinatzaile hegoamerikar baten testu bat aurkitu nuen, eta han esaten zuenez, garai bakoitzeko gizartea eta familia nola egituratuta zeuden erakusten dute altzariek.
Adibidez?
Bada, aitzinako etxe burgesetako objektuak oso zurrunak ziren, ez zituzten mugitzen, eta logelek ere oso funtzio espezifikoa izaten zuten. Alegia, familia nuklearraren funtzioetara egokitzen ziren objektuak. Garaiak aldatu ahala, gizartea ulertzeko modua ere aldatu egiten da, eta etxeei beti eragiten die aldaketa horrek. Hortaz, logelak aldatzen dira, horien funtzioak ere bai, eta azkenerako, altzariak ere aldatu egiten dira.
Eta nolakoa da zuk diseinatu duzun produktua?
Nahiko sinplea da, baina ikusi nuen elementu asko aldatu gabe ere molda zitekeela mankaren zurruntasun hori. Moldagarria izatea nahi nuen, eta pentsatzen hasi nintzen nik nire etxean nolako mugikortasuna eduki nahiko nukeen. Lagunak kafe bat hartzera gonbidatzen ditudanean, askotan lurrean eseri behar izaten dugu, askotan ez delako aulki nahikoa izaten. Ideia sinple horretatik abiatuta, pentsatu nuen aldaketa txiki batek sekulako mesedea egin zezakeela. Eta horrela sortu nuen manka berria: desmuntatu egiten da, eta esertzeko bi toki eskaintzen ditu. Horrek ere egiten dio erreferentzia egungo gizarteari, zure familia nuklearrekoa ez den jendea gonbidatzen baituzu etxera, eta jende horrek ere izan dezake toki bat zure etxean. Lehen, Manka jangeletan egoten zen gehienbat, platerak eta sukaldeko tresneria jasotzeko.

Eta epaileei, gustatu.
Bai, hori ematen du. Nik aurkeztu dudana memoria bat izan da, eta hor kontatzen dut nolakoa izan den diseinua sortzeko prozesu guztia: zergatik eman diodan erabilera hori eta zer eragin nahi dudan. Amaieran, azken produktua erakutsi behar zen txosten horretan.
Maiz egiten dituzu halako diseinu lanak?
Diseinu industriala ikasi nuen, baina erosoago nago ilustrazioaren eta diseinu grafikoaren munduan. Ez daukat formakuntzarik horretan, baina mundu horretan sartzen ari naiz pixkanaka, eta geroz eta maizago aritzen naiz horrelako lantxoak egiten.
Zergatik deitu diozu Batu?
Bi esanahi ditu izenak. Batetik, erreferentzia egiten dio batze horri, objektuaren funtzioa hori delako: lagunekin batzea eta giro goxoa sortzea. Eta, bestetik, batu eta desplegatu egiten delako, gorde egiten delako.
Saria irabazi izanak zer ekarriko dizu aitzinera begira?
Esango nuke errekonozimendu pixka bat eman didala sariak. Hasieran uste nuen bazitekeela jendeari ez gustatzea, baina epaileei gustatu zitzaien, eta oso polita da hori niretzat. Etorkizunean ez dakit, akaso balioko du beste proiektu batzuetan parte hartzeko, baina ez bakarrik saria jaso dudalako, baizik eta ikusi dudalako horrelako lanek ekarpena egin dezaketela.
LOTSABAKO
Etxeko zer altzari birdiseinatuko zenuke?
Sofa, denbora asko pasatzen baitut han.Zure etxeko altzari kuttuna?
Nire aulkia, txikitatik izan da nire-nirea.