Garapenari bidea ematen

Duela zortzi bat urte hasi zen Garabide Elkartea hizkuntza komunitate gutxituekin truke programak egiten; handik dator Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua.

Araitz Muguruza.
Eskoriatza
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Herri batek galdetu behar du zer daukan beste herriekin partekatzeko». Jon Sarasua Garabide elkarteko kideak egin du galdera, elkartearen nondik norakoak azaltzeko; erantzuna ere segidan bota du: «Herrena izan arren, Euskal Herriak hizkuntzaren prozesuan egindako bidea dauka». Hori abiapuntu hartuta sortu zuten Garabide elkartea, «euskararen nazioartekotasuna garatzeko» helburu garbiarekin. Handik ekin zioten truke programei, orain dela zortzi urte. Hilabeteko egonaldi horiekiaztik hiru hilabeteko bihurtu dira. Orain dela pare bat astetik Eskoriatzan (Gipuzkoa) bilduta daude hizkuntz komunitate gutxituetako eta Garabideko kideak. Hizkuntzak biziberritzeko lan ildoak ari dira ikasten..

Herrien arteko zubigintza du helburu Garabidek. Erakunde gaztea eta txikia dela azaldu du Sarasuak. «Orain urte batzuk hasi ginen lanean. Ohartu ginen,hainbat herrialderekin izandako harremanen ondoren, gure ekarpen handiena prestakuntza zegoela, badagoelako oro har, hizkuntz komunitateetan gabezia bat hizkuntzaren ulermen global bat edukitzeko eta estrategiak artikulatzeko». Bide horretan, euskararen herri modura egin den azken 50 urteetako bidea «pertinentea» dela dio. Handik etorri zitzaien graduondokoaren ideia, «berehalaxe», haren hitzetan. Argi utzi nahi izan du, ordea, aditu tituluak ez duela titulazio izaera. «Gehiago da estrategien inguruko prestakuntza bat jasotzea, titulu bat baino».

Etengabe partekatzen dituzte ideiak klaseetan, eta askotan orain arte egin diren gauzak «zalantzan» jartzen dituztela dio Sarasuak. «Inspiratu egiten gaituzte». Iaz hemezortzi laguneko taldea izan zuten. Orduan ikasitakoak orain beren herrietan martxan jarri dituztela dio; izan ere, urte osoan izaten dituzte harremanak. Aitortu du, halaber, iazko kurtsoak elkarteak uste zuen baino «eragin handiagoa» izan zuela ikasleengan.

Elkarbizitza bizian

Iaz ondutako harremanen bidez hautatu dituzte aurtengo ikasleak. «Gu ez gara curriculumak-eta eskatzen ibili, beraiek hautatu dituzte ikasleak». Ikastaro sakona da, 450 ordu dituelako. Ordu horiek denak, hala ere, ez dituzte gelan igaroko, gelatik kanpo ere izango dute-eta zer ikusi eta zer ikasi. «Hizkuntzaren garapenean protagonista izan direnekin eta izaten ari direnekin ere elkartuko gara», argitu du Sarasuak. BERRIA, Euskaltzaindia edo Tafallako ikastola izango dira, besteak beste, ezagutuko dituzten lekuetako batzuk.

Ikastaroa hasi zenetik sortu den giroa «oso polita» da Sarasuaren aburuz. Ohitura, jatorri eta adin askotarikoak dira, eta aurten, lehenengoz, bertako etxeetan daude bizitzen. Eskoriatza, inondik ere, erabat nazioartekotu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA