Duela hamabi urtetik bizi da Araban Jano Montaña Gorgal (Madril, 1990). Arabako Errioxako Lantziego herrian bizi izan da urte askoan, eta, hortaz, ondotxo daki Euskal Herriko garraio publikoari buruzko informazioa aurkitzea zein zaila den. Webgune zaharkituak, Google Mapsen agertzen ez diren ibilbideak, informazio okerrak... Arazo horiei erantzuteko, bere programatzaile trebeziak erabilita sortu zuen Sarebus izeneko webgunea, eta bertan bildu ditu Hego Euskal Herriko autobus zerbitzu guztien ibilbide eta ordutegiak.
Noiz konturatu zinen 'Sarebus'-en moduko plataforma bat behar zela?
Nik banekien arazo bat bazela, Lantziegon bizi bainaiz, eta hara joateko Arababusen autobusak ez dira Google Mapsen agertzen. Horrek jada zenbait zailtasun sortzen zizkidan Guardiara edo Gasteizera joateko orduan, eta sarri lagunekin autoan joan behar izaten nuen. Baina Sarebus sortzeko ideia nire egungo bikotekidearekin Zarautzen izandako pasadizo batek eman zidan.
Autobusa hartu nahi genuen, baina geltokiko makina matxuraturik zegoen. Hamar bat pertsona egongo ginen han, guztiok autobuserako txartela erosi nahian, baina inork ere ez zuen lortzen. Zergatik? Internet bidez ia ezinezkoa zelako txartela erostea. Googlen edo Mapsen bilatzen genuen, eta nabigatzaileak behar ez zen orrialde batera edo PDF dokumentu batera bideratzen gintuen. Pesa autobusen webgunea aurkituta ere, oso zaharkitua eta traketsa, eta inork ere ez zuen txartela erostea lortzen.
Azkenean, bertako neska batek lagundu zigun, eta lortu genuen txartela erostea. Baina ni programatzailea naiz, eta eskandalagarria iruditu zitzaidan XXI. mendean hain zaila izatea garraio publikoaren ordutegiak topatu eta txartel bat erostea. Orduan hasi zen ernatzen Sarebus-en moduko plataforma bat sortzeko ideia.
Nola sortu zenuten webgunea?
Guk Sarebus egiteko erabili ditugun datuak guztion eskura daude. Administrazioak derrigorturik daude, legez, autobus sarearen inguruko datuak ezagutaraztera, eta haien gardentasun webguneetan argitaratu ohi dituzte. Arazoa da datu horien kalitatea ez dela beti onena, egindako tratamendu informatikoa ez delako beti egokia, edo datuak ez datozela beti bat.
Adibide bat jartze aldera, agian autobus enpresa batek Bilboko Intermodal geltokia Intermodal izendatzen du, eta beste batek Bilbo Intermodal, edo Bilbo Geltokia, edo Bilbo Estacion-Geltokia... Nire lagun Enriquek eta biok webgunean sortzeko zera egin genuen: adimen artifizialaren bitartez datu horiek landu eta prozesatzeko tresna bat sortzea, webgune funtzional bat osatu ahal izateko.
Tresna horren bitartez, nik eskuz aukera dezaket eskualde geografiko bat —Bilboko Intermodalaren ingurua, adibidez—, eta hainbat autobus operadorek geltoki hori izendatzeko darabiltzaten izendapen guztiak geltoki bakarrean batu. Horrelako eta bestelako funtzioen bitartez lortu dugu bilatzaile bakar batean integratzea Hego Euskal Herriko lurraldean zerbitzua ematen duten autobus linea eta operadore guztiak.
Ipar Euskal Herriko zerbitzuak ere integratzeko asmoa duzue?
Bai, gustatuko litzaiguke. Baina Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboa aski ez —aldundi bakoitzak bere zerbitzu propioa baitu—, eta Iparraldearen kasuan jada beste estatu bateko legediarekin arituko ginateke, eta horrek are konplikazio handiagoa sortuko luke. Hala ere, Europa osoko garraio publikoak antzeko arazoak ditu, eta, beraz, esango nuke geroago gure webgunean Ipar Euskal Herriko eta Euskal Herri inguruko lurraldeetako zerbitzuak txertatzeko moduan izango garela.
Nolako harrera izan du 'Sarebus'-ek erabiltzaileen artean?
Oso harrera ona izan du, uste baino hobea. Horrelako webgune batek bisita asko jasotzeko, normalean hilabete asko igaro behar dira. Bada, guk uztailean abiatu genuen egitasmoa, baina abuztuan jada loraldi antzekoa izan zuen. Hasieran, hogei edo 30 erabiltzaile zituen eguneko, gero 50, gero 100, eta irailaren erdialdean-edo ikusi genuen webguneak ohiko 10.000 erabiltzaile-edo zituela. 12.000 inguru izango dira orain, eta egunero laurehun edo bostehun bisitari ditugu.
Beharrezkoa zen zerbitzu bat dela erakusten du horrek. Administrazioek huts egin al dute garraio publikoaren digitalizazioan?
Argi eta garbi. Nik enpatia handia sentitzen dut garraio publikoko zerbitzuak antolatzen dituztenekin, badakidalako zer-nolako lana dagoen atzean. Baina lan horrek ez du balio gero publikoarengana iristen ez bazara, eta gaur egun, garraio publikoak, funtzionatuko badu, Interneten erraz aurkitzeko modukoa izan behar du. Beraz, esango nuke kontratu publikoak berrikusi beharko liratekeela, esparru digitalean berebiziko gabezia baitago hor.
Zertarako balio du Arababusen moduko sare zabala izateak, gero herritarrek erabiltzen ez badute, Google Mapsen agertzen ez delako eta, beraz, ez dutelako ezagutzen? Gainera, sektoreko webak eta programazio lanak enpresa gutxi batzuek egiten dituzte beti, eta entregatzen duten lana oso eskasa da. Bada garaia garraio publikoa behar den moduan digitalizatzeko.
Zein autobus zerbitzuk du webgunerik okerrena?LOTSABAKO
Pesak, zalantzarik gabe.Autobus zerbitzuren baten falta sumatzen duzu?
Zerbitzu oso ona dugu; behar den bezala bultzatzea falta da.