Diseinatzailea

Maria Lopez de Subijana: «Gaur egun dena mugitzen denez, marka batek ere mugitu behar du»

Lopez de Subijana mugimenduan oinarritutako diseinuan dago espezializatuta, eta markentzat egiten du lan. «Markak ekosistema oso zabalak dira, biziak. Gauza asko mugi daitezke horren barruan».

Maria Lopez de Subijana. RAUL BOGAJO / FOKU
Maria Lopez de Subijana. RAUL BOGAJO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Webgune edo aplikazio batean sartzean, bertako elementuak mugitzen ikusteak inor gutxi harritzen du dagoeneko. Are, badirudi indar ikusezin batek mugituak direla. Bada, oraindik ikusezin samarrak diren arren, indar horiek izen-abizenak dituzte, eta mugimenduan oinarritutako diseinuan egiten dute lan. Horietako bat da Maria Lopez de Subijana (Gasteiz, 1997).

Zure lanak argi erakusten du diseinua ez dela kontu estatiko bat, dinamikoa baizik.

Hori da. Nire ustez, kanpotik ikusita nahiko ezezaguna da diziplina. Argi dago gaur egun munduan dena mugitzen dela, mugimenduz inguratuta gaudela, baina, akaso, kanpotik ikusita badirudi gauzak bakarrik mugitzen direla, eta ez duzu pentsatzen jendeak horretan lan egiten duela, industria bat dagoela arreta horretan jarrita... Bai, lan bat da, existitzen da, baina ez da oso ezaguna.

Zertan datza, bada, mugimenduan oinarritutako diseinua?

Diseinuaren elementu propioak hartzen ditugu, eta mugitu, animatu eta denborak ematen duen dimentsio gehigarri horrekin jokatzen dugu. Edozer gauza mugi daiteke: mugimenduan oinarritutako diseinatzaile batzuk animazio tipografikoetan espezializatuta daude, beste batzuek pertsonaiak mugitzean jartzen dute arreta, beste batzuk webguneen edo aplikazioen interfazeak mugitzen aritzen dira... Azpidiziplinak ere badaude.

Zu zertan aritzen zara zehazki?

Niri gehien gustatzen zaidana markak dira, eta horretan aritzen naiz gehien: mugimenduaren eta marken arteko harremanean. Noski, marka bat ez da logotipo bat soilik; nire lana ez da logoak mugitzea. Markak ekosistema oso zabalak dira, ikusten, entzuten eta sentitzen diren elementuz osatutako ekosistema biziak. Orduan, gauza asko mugi daitezke horren barruan.

Nola lortzen da elementu horien arteko koherentzia gordetzea mugimendua ekuazioan sartuta?

Markak bizirik daudela ulertzea da garrantzitsuena, eta, alde horretatik, marka bat nolakoa den definitu behar dugu. Pertsonekin bezala: ni urduria banaiz, nire mugimenduak azkarrak izango dira segur aski, kaotikoak. Izaeraz lasaia baldin banaiz, aldiz, agian polikiago mugituko naiz, patxadaz hitz egingo dut. Markekin, gauza bera. Marka baten izaera definitzean, marka hori nolakoa den ulertu behar dugu, eta, mugimendua planteatzean, horrekin koherentea izan behar du.

Orduan, lehen pausoa horixe da, marka ulertzea?

Bai, hasiera-hasieratik pentsatzen dut horretan. Marka aztertzen dut, haren testuingurua, gertukoak diren beste marka batzuk, eta, gero, haren izaera definitzen dut. Niri oso lagungarria egiten zait marka hori naizela imajinatzea. Ni marka hori izango banintz, nola mugituko nintzateke? 1 Formulako marka bat banaiz, azkar mugituko naiz; meditazioak egiteko aplikazio baten marka, aldiz, polikiago mugituko da.

«Pentsatu nuen hauxe zela ikus-entzunezkoen mundua eta diseinuarena elkartzeko modua»

Nola segitzen du prozesuak?

Mugimenduaren oinarri kontzeptualak ere planteatzen ditugu: hiru printzipio identifikatzen ditugu, oinarrizko hiru mugimendu nagusi, eta horrekin gainontzeko mugimenduak pentsatu. Adibidez, proiektu bat egin genuen dibulgazio zientifikoa egiten duen erakunde batentzat. Nola mugitu behar du halako erakunde batek? Pentsatu genuen zelulen berezko portaerak izatea gure oinarria: aztertu genuen zelulak nola mugitzen diren, nola hedatzen diren… Zelulen hiru portaera identifikatu, eta horrekin osatu genuen markaren mugimendua; aplikazio guztiek edukiko zuten mugimendu hori oinarrian.

Kontsumitzaileak, akaso, ez dira horretaz jabetuko.

Egia da: jendeak normalean ez du ikusten. Nahiko ikusezina da, baina guretzat ez da lagungarria soilik, baizik eta baita funtsezkoa ere. Ez dute atzean dagoen prozesu hori nabarituko, baina azken emaitzak prozesu hori islatzen du.

Eta marka bati asko zabaltzen dizkio bere burua erakusteko aukerak, ala?

Bai. Diseinua nahiko estatikoa izan da historikoki, pantailarik ez zegoen eta, ezta mugitzeko aukera ematen zuten euskarririk ere. Baina gaur egun dena mugitzen denez, marka batek ere mugitu behar du. Oso ohituta gaude mugimendura. Are, marka bat ez mugitzea arraroa da; agian pentsatzen dugu zaharkituta geratu dela.

Nola iritsi zinen zu mundu honetara?

Diseinu digitala ikasi nuen unibertsitatean, eta mugimenduaren kontu hori interesgarria iruditzen zitzaidan, nolabaiteko harremana dauka-eta animaziozko filmekin eta ikus-entzunezko munduarekin. Hori asko gustatzen zait. Ikus-entzunezkoen mundua eta diseinuarena elkartzeko modua hauxe zela pentsatu, probatzera sartu, eta bertan geratu naiz.

Madrilen ibili ostean, Euskal Herrira etorrita zaude. Zertan ari zara?

Atzerriko enpresa batentzat egiten dut lan. Gainera, saiatzen ari gara mugimenduan espezializatuta gauden Euskal Herriko diseinatzaileen komunitate bat osatzen. Mugi du izena, Gipuzkoako garraiobideen txartelak bezala! [Barrez] Gure lana nahiko bakartia izan daiteke, eta komunitate bat sortu nahi izan dugu, elkar ezagutzeko.

lotsabako

Erreferente bat?
Emily Oberman.

Zerk inspiratzen zaitu?
Eguneroko xehetasunek.

Norekin egin nahi zenuke lan?
A24 zinema ekoiztetxearekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA