Juan Mari Beltran Laukoteak —Juan Mari Beltran, Errege Balda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondo musikariek osatua— zuzeneko musika ikuskizuna emango du Oiartzungo Beloaga gazteluan (Gipuzkoa). Musika, historia eta mendia uztartuko dituen kontzertu bat izango da. Nafar kostaldeko soinuak izenarekin, euskal kostako kantutegi tradizionala gogora ekartzea dute xede. Horretarako, Arkale harkaitzen tontorrean berreskuratutako gaztelua baliatuko dute.
Udalerriaren armarrian aspalditik agertzen den arren, neurri handi batean 2010ean bilakatu zen herriaren ikur historiko. Izan ere, urte hartan Beloaga Bizirik elkarteak indusketa eta berreskuratze lanei ekin zien Beloaga gazteluan, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin; sasiz jositako hondarrek garai bateko garrantzi estrategikoa islatzea lortu zuten. Nafarroako Erresumaren parte zen garaian izan zuen garrantzirik handiena, kokalekuak ikuspegi zabala ematen dionez gero. Hain zuzen, Donostiatik Hondarribirainoko (Gipuzkoa) ikuspegia dauka. Â
Gaztelua bera protagonista izatea nahi dute; Euskal Herriko hamaika gatazkaren eta, oro har, Euskal Herriko historiaren lekuko izan da eta
«Beren eskuekin, sasi artetik eta ahanzturatik» errekuperatu zuten Beloaga Bizirik elkarteko kideek. Ondorioz, aitortza ariketa ezin hobea deritzote biharko kontzertuari. Haien lan gogorra gorabehera, gaztelua bera protagonista izatea nahi dute; Euskal Herriko hamaika gertakariren, gatazkaren eta, oro har, Euskal Herriko historiaren lekuko izan da eta.Â
Hori horrela, tradizioa, memoria eta historia ardatz dituen kontzertu bat izatea nahi dute Beloaga Bizirik elkarteak eta Juan Mari Beltran Laukoteak. «Kantuz kantu euskal kostaldetik paseo bat» egitea proposatzen diote ikusleari, kantutegi tradizionala baitute iturburu nagusi. Horren adibide dira Resurreccion Maria Azkueren Cancionero Popular Vasco-tik eta Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia-ren Cancionero Vasco-tik berreskuratutako piezak.
Ahotsak ez ezik, euskal folklorearen berezko soinuak ere erabiliko dituzte. Horretarako, instrumentu sorta zabala baliatuko dute:Â akordeoia, txistua, txalaparta eta panderoa, esate baterako.Â
Memoria ariketa berezia
Laukoteak proposatutako ikuskizuna 2019an abiatu zuten. Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian (Gipuzkoa) estreinatu zuten, eta orduz geroztik hainbat tokitan aritu dira; nolanahi ere, biharko eskaintzak bi berezitasun izango ditu: batetik, gazteluan bertan aurkitutako bi musugitarren erreplikak erabiliko dituzte; bestetik, Beloaga izeneko musika pieza aurkeztuko dute.
Musugitarra euskal kostaldean ohikoa izan zen tronpa txiki bat da: oso antzinakoa eta Euskal Herri luze-zabalean erabilia. Horren lekuko dira Beloaga gazteluan aurkitu zituzten bi piezak; hori aski ez, eta Idiazabalgo txabola batean (Gipuzkoa) eta Amaiurko gazteluan ere (Nafarroa) egin dute topo musika tresna horiekin. Beraz, «Euskal Herriko kantugintzan presentzia handikoa izan da aspaldidanik», ziurtatu du Juan Mari Beltranek.Â
Bestalde, Beloaga musika piezak kutsu berezia izango du. Hain zuzen ere, izenak berak aurreratzen duen moduan, Juan Mari Beltran Laukoteak gaztelu berari eskainitakoa da. Kantu hori, aldi berean, «Baztango mutil dantza estiloan egindako eta musugitarrarekin lagundutako pieza berri bat da», aurreratu du Beltranek.