ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Genero-arrakala AAren erabileran

2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz Harvard Unibertsitateak gidatutako azterlan baten arabera, emakumeek gizonek baino %20 gutxiago erabiltzen dituzte adimen artifizial sortzaileko tresnak (ChatGPT, Dall-E eta halakoak), mundu osoan. Datua ez da oso harrigarria, ikusita nor diren teknologia horien buruak: denak gizonak, eta denak era berekoak, gainera. Haien azpitik dauden profesionalen %78 ere gizonak dira; lautik hiru baino gehiago. Horrez gain, jakina da AAk alborapen sexistak dituela, eta, beraz, zentzuzkoa da pentsatzea pertsona kritikoek zuhur hartuko dituztela AAren emaitzak.

Zientzian, baina, senak dioena ezin da ontzat jo, ez badago ebidentzian oinarrituta. Eta azkenaldian egin diren ikerketetan ikusi dute, sakonean, badaudela beste arrazoi batzuk ere, genero-arrakala azaltzeko. Adibidez, iazko ikerketa horretan ikusi zuten, batez ere, arrazoi sozialak eta etikoak zeudela horren atzean. Baita moralak ere: AA erabiltzean, emakume batzuek iruzur egiten zutela sentitzen zuten. Gizonetan ez zen hori gertatzen.  

Ildo beretik jo dute Erresuma Batuan egin berri duten ikerketa batean. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute, eta frogatu dute fenomenoa bereziki nabarmena dela emakume gazteetan, digitalki trebatuetan, eta kezka sozial, etiko eta ekologiko sendoak dituztenetan. Nonbait, AA sortzailearen ondorioekiko ardura sentitzen dute, eta, beraz, erabiltzeari uko egiten diote. 

Oxfordeko ikertzaileek ohartarazi dute AAren erabileran genero-arrakala egoteak, etorkizunean, emaitzak are sexistagoak izatea ekar dezakeela. Horrez gain, AA erabiltzen ez dutenak bazterrean geratzea eragin dezake.

Bada, aurtengo Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean, AAren erabilerari garrantzi berezia eman dio Nazio Batuen Erakundeak (NBE). NBEren esanean, AAk tresna indartsuak eskaintzen ditu datuen analisirako, osasun-diagnostikoetarako, eta eredu klimatikoak sortzeko, besteak beste. Baina uste du, berariazko neurririk hartu ezean, arriskua dagoela horren guztiaren onurak ez iristeko neska eta emakumeengana. 

Horretarako, ezinbestekotzat jo du gizarte-zientzietako ezagutzetan oinarritzea; soilik horrela lortuko omen da AAko berrikuntzak baztertutako taldeetara iristea. STEM diziplinek, berriz, adimen artifizialeko soluzioak garatzeko behar diren gaitasun teknikoak ematen dituzte, eta hor ere eragin behar da parekidetasuna lortzeko. Azkenik, aldaketa horiek bultzatzeko behar den finantzaketa ere bermatu behar dela esan du NBEk. 

Genero-arrakalak erakusten du teknologia ez dela neutroa, eta horrek era askotako ondorioak dakartzala; bereziki, populazioaren talde baztertuenen kaltetan. Aipatzekoa da NBEren mezua, argi eta garbi esaten baitu teknologia inklusiboa izan dadin modu inklusiboan garatu behar dela, lantalde inklusiboetan. Horri, AA erabiltzeari uko egiten dioten emakume gazteen kezkak gehitu beharko litzaizkioke: alderdi etikoak eta ingurumenekoak ere zaintzea, teknologia onuragarria izan dadin pertsona guztiontzat eta planetarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA