ATZEKOZ AURRERA. Marta Macho. Matematikaria

«Gero eta jende gehiagok ikasten du matematika»

Matematiken irakaskuntzan lan egiten du Marta Macho matematikariak, eta 'Disecciones' liburua idazten parte hartu du: gaitz larriak helarazten ditu liburuak fikzio bidez.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Matematikak zabaltzen eta EHUko irakasle jarduten da Marta Macho (Bilbo, 1962). Esanguratsuak dira zientzietan parekidetasuna lortzeko Machok egin dituen lanak: Emakumeak zientziarekin blogeko testu editorea da, Emakumeek zientzia egiten dute hitzaldi zikloaren bultzatzaile nagusia da... Disecciones liburuan parte hartu du. Fikzioaren bidez, gaitz larriak hurbiltzen dizkio liburuak irakurleari, jarrera zientifikoa mantenduz.

Publikoari gaitz larriak fikzio bidez helarazteko idatzi duzue Disecciones liburua. Nola sortu da ideia?

Nextdoor argitaletxearen ideia da. Kontakizun bat idazteko eskatu zidaten, gaixotasun bat eta nire zientzia diziplina uztartuko dituena.

Zein izan da zuk landu duzun gaia?

Giltzurrun transplante gurutzatu bati buruz idatzi dut. Bizirik dauden pertsonen artean egiten da transplante hori. Demagun zure sendiko bati eman nahi diozula zure giltzurruna, baina ez zaretela bateragarriak; hala ere, ezezagun bati ematen badiozu zurea, berak emango dio zure sendikoari berea. Hori da giltzurrun transplante gurutzatua.

Zertarako erabiltzen dira matematikak kasu horretan?

Bi pertsonaren kasua azaldu dut, baina, normalean, gehiagoren artekoa izaten da. Gainera, aldagai asko daude: noiz egin daitekeen ebakuntza, gaixoaren osasun egoera... Matematikak aldagai horiek guztiak ordenatzen ditu, eta erantzun egoki bat ematen dio egoerari.

Beharrezkoa al da fikzioa bezalako tresnak erabiltzea horrelako egoerak jendarteratzeko?

Bai, planteamendua goitik behera aldatzen du. Kasu honetan, gaixoaren ikuspuntutik zabaldu nahi dugu gaixotasun bakoitzaren atzean dagoen zientzia.

Liburu honetaz gain, beste lan batzuk egin dituzu gizarteari matematikak helarazteko. Zer moduzko erantzuna jaso duzu haien partetik?

Gizarteak matematiken balorazio ona dauka, nahiz eta zailak direla iruditu. Errazagoa da beste zientzia batzuk hedatzea, adibidez, gastronomia; baina emaitza onak lortzen gabiltza, gero eta jende gehiagok ikasten baitu Matematikako gradua. Izan ere, lan aukera asko dauzka.

Nola bizi duzue matematikak irakasten zabiltzatenok gizartearekin harreman hori?

Norbaitekin elkartzen bazara eta matematikaria zarela esaten badiozu, atzera egingo du. Matematikak gustuko dituzu, edo ez. Baina jendeak eskertzen du gure lana: horren zaila, horren korapilatsua den zerbait azaltzeko saiakera.

Zer jarrera dauka gizarteak zientziarekin?

Asko aldatu du zientziaren gaineko ikuspuntua. Duela urte batzuk, ez zen argitaratzen zientziari buruzko informaziorik. Zientzialariak euren lantokietan zeuden, euren lanak egiten zituzten, eta inork ez zekien ezer. Orain, jarduera pila bat daude zientziarekin lotutakoak, helburua gizartea egindako aurrerapenetara gerturatzea da, eta ulertaraztea zientzia pertsonen bizi kalitatea hobetu nahian dabilela.

«Kulturaren zabalpenak gizarte aske eta gaituago bat» egiten duela esan duzue Zientzia Kultura Katedraren aurkezpenean, «bere eta gizartearen etorkizunean eragin ahal izateko».

Zientzia kultura orotariko kulturaren parte da, guztiok jakin beharko genukeena. Zenbat eta gehiago jakin, geroz eta askatasun handiagoarekin aukeratu ahal izango dugu. Adibidez, kontsumitzen ditugun elikagaietan jartzen duena ulertuta, hobeto aukeratuko dugu zer jan.

Matematikek literaturan daukaten presentzia aztertu duzu zure lanetan. Inork ez luke esango literaturan matematikak daudenik.

Matematikak alde guztietan daude. Bestalde, literatura aukeratu dut komunikatzeko bide moduan. Testu bat aukeratzen dut, bertako abenturen berri eman, eta, zati horretan, matematika erabili dutela eta nola erabili duten azaldu. Adibidez, hartu Julio Verneren liburu bat, eta esplikatu nola kalkulu matematiko bat erabili duten definitzeko liburu horretan agertzen den mendi baten altuera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.