Gesaltza Añana harana eraberritzeko lehen fasea ekainean bukatuko dute

2,7 milioi euro kostatuko du proiektuak; guztira 300 larrain baino gehiago eraberrituko dituzte

Añanako Gatz haraneko eraberritze lanak ikuskatzeko eginiko bisita. EUSKO JAURLARITZA.
Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Añanako Gesaltzako larrainak berritzeko lanak martxa onean doaz. Añanako Gesaltza Fundazioak eta URA Uraren Euskal Agentziak 2009ko abenduan sinatu zuten akordioaren ondorioa dira eraberritze lanak. Haranaren hegoaldeko iturburu hipergatzatuak berreskuratzeko xedea dute lanek. 2,7 milioi euroko aurrekontua dute, eta orotara 300 larrain zaharberrituko dituzte.

Iñaki Atxukarro Lurralde Plangintza eta Ur sailburuordea, Iñaki Urrizalki URA Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Mikel Landa Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendariak atzo bisitatu zituzten iturburu eta larrain berreskuratze lanak, horiek gertutik jarraitzeko asmoz.

2010. urtean hasi zituzten lanak eta Santa Engraziko iturburuaren inguruak berritzeari ekin zioten.Lehen fase horretan, lurra txukundu, istripuak saihesteko neurriak hartu, produkziorako guneak eta biltegiak berregin eta larrain, putzu eta iturburuen egokitze lanak egin dituzte, besteak beste. Lehen fase horretako lanak ekainean bukatzea espero dituzte.

Behin lan horiek bukatzen dituztenean, 2012. urtean haranaren beste leku batzuetara zabalduko dira lanak. Aurreikuspenen arabera, 95 larrain berrituko dituzte aurten, eta beste 99 hurrengo urtean.

Larrain bana sustatzaileei

Guztira, Añanako Gatz Haraneko gunerik esanguratsuenetako 300 larrain zaharberrituko dituztela aurreratu zuten. Gesaltza Añana Haranak guztira 5.000 larrain baino gehiago dituen arren,Iñaki Atxukarrok aipatu zuenez, azken zortzi urteetan berreskuratu diren larrainen bikoitza zaharberrituko dira. «Egiten ari garen esfortzuaren neurria ematen digu», esan du Atxukarrok.

Iñaki Urrizalki URAren zuzendari nagusiak azpimarratu zuen Uraren Euskal Agentziak eginiko ekarpen ekonomikoak haranaren hegoaldean dauden iturburu hipergatzatuak berreskuratzea ahalbidetu duela. Bestetik, Urrizalkik URAren eskumenak Añanako Gatz Harana barnean kokatzen direla azaldu zuen: «Ez soilik ezaugarri horiek dituen hezegune artifizial bakarra delako, bazik eta 2002 urtetik nazioarteko garrantzia duen Ramsar Hezegunea delako».

Halaber, Mikel Landa Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari eta URA Uraren Euskal Agentziari larrain bana emango dizkiela iragarri zuen,«gure historiaren berreskuratzearen alde egin duten eta egiten ari diren lanengatik».

Proiektuak turismoarentzat arreta gune berri baten sorrera ekarriko duela adierazi dute lanen sustatzaileek. Añanako Gesaltzak turista gehiago erakarriko dituenez, inguruko herrien ekonomia indartuko duela aurreikusi dute. Bestalde, eraberrituko diren 300 larrainek gatz ekoizpena handituko dutela adierazi dute, gatza goi mailako gastronomia merkatuan finkatuz.

Historikoki garrantzi handia izan dute Gesaltza Añanako larrainek inguruko herritarren bizitzan, eta ekologiaren ikuspuntutik garrantzi handiko gunea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.