Herriko giroa sustatzea dute helburu Hondarribian (Gipuzkoa). Herri Giroa egingo dute bihar, beste urte batez, 33. aldiz. Herri izaera goraipatzea eta bertako produktuak omentzea xede, egun osoko programazioa osatu dute. Janaria, musika, dantza, kirola... denetarik izango dute bertaratutakoek. Alde Zaharra izango dute epizentro, eta Arma plazak hartuko du garrantzia, programazioaren parte handi bat han izango baita. Halere, Arma plazan ez ezik, Herri Giroa San Nikolas eta Bretxa kaleetan zehar ere hedatuko da. Gaur, estropadak direla eta, Arraun Festa egingo dute; beraz, asteburu bete-betea izango da kostaldeko herri hartan.
Bihar, goizean goiz, urteko igande guztietan bezala, txistulari bandak 08:00etan hasiko du bere ibilbidea Alde Zaharrean zehar. Baina Herri Giroaren 33. aldia 10:00etan hasiko da. Arma plazan, San Nikolas kalean eta Bretxa kalean artisau azoka jarriko dute. Hogei artisau baino gehiago izango dira bertan. Janaria, eskulanak, bitxiak, tresnak... denetarik eskainiko dute. Azokaz gain, bisitariek ikasteko aukera izango dute. Txalaparta tailerra antolatu dute, helduei eta gazteei zuzenduta. «Artisauek beren produktuak erakusteko aukera ederra izaten dute Herri Giroan, eta hori sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu», adierazi du Hondarribiko Kultura zinegotzi Ortzi Alonsok.
«Euskal folklorearen erakusleiho bat da biharko eguna»
ORTZI ALONSOHondarribiko Kultura zinegotzia
Azoka martxan dagoen bitartean, 12:00etan, Izugarria konpartsak hartuko ditu kaleak. Buruhandi eta erraldoi taldeak Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu, dantzan, txistuek eta dultzainek lagunduta. Baina Alde Zaharrean ez ezik, Portua auzoan ere izango dira. San Pedro kaletik Arma plazarako bidea hartuko dute, goraka. Goian gelditu egingo dira, eta erraldoiekin dantzaldia eskainiko dute, 12:30ean. Ordu berean, Bretxa kalean sagardo dastaketa egingo dute. Hainbat sagardo dastatzeko aukera izango da, dena doan. Ondoren, 13:00etan, dantza ikuskizun bat izango da. Klink elkarteko dantzariek beren abilezia erakutsiko dute, Arma plazan berriro ere. Erromeria moduan egingo dute; beraz, edozeinek parte hartu dezake. «Euskal folklorearen erakusleiho bat da biharko eguna», esan du Alonsok.
Bihar ere, KAE ligako estropadak izango dira, 11:00etan. Ondoren, Abiyuan txarangak herriko kaleak zeharkatuko ditu, hondartzatik Portua auzora, 13:00etan.
Bazkalostean
Bazkalorduan geldiune bat izango dute. Ondoren, 17:00etan, berriro irekiko dute artisau azoka. Horrekin batera, Zubietako joaldunek ibilaldia hasiko dute. Erraldoiek egingo duten antzera, portura jaitsiko dira. Joareen soinuak Arma plazan hasiko dira, eta Juan Laborda kaletik behera egingo dute, San Pedro kalera iritsi arte. Bertan, kalea luzeran zeharkatu, eta berriro ere gora joko dute. 18:00etan berriro irekiko dira kupelak Bretxa kalean, goizean sagardoa dastatu ez dutenek beren aukera izateko.
Txotx oihuak entzuten diren bitartean, herri kirolen erakustaldia egingo dute Arma plazan. Aratz Mugerza aizkolari mutrikuarra Julen Kañamares ateztarrarekin batera izango da. Aizkorekin arituko dira lehenik, eta, ondoren, harri jasotzaileen txanda izango da. Udane Ostolaza eta Goenatxo III.a arituko dira harriekin. Azkenik, 19:00etan, Eingo trikitilari taldeak bere ikuskizuna eskainiko du, 20:00ak arte.