Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Txosnagunea. Iñaki Ortiz de Villaba. Betagarriko abeslaria

«Gustuko ditut jaiak, baina ez jendetzan bete-betean sartzea»

Hogei urte bete ditu Betagarri taldeak taula gainean, eta, aurreko zuzenekoa atera zutenetik hamar urte igaro direnez, Gasteizko jaietako kontzertua grabatu egingo dute.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bereziak dira aurtengo Gasteizko jaiak Iñaki Ortiz de Villabarentzat (Gasteiz, 1971). Izan ere, Betagarrik hogei urte bete dituenean, eta azken lana kaleratu berri dutenean, kontzertu bat emango dute. Hain zuzen ere, bihar izango da kontzertua, txosnetan. Kontzertua eskaini ez ezik, Andre Maria Zuriko jaiez gozatzeko aukera ere izaten ari da Betagarriko abeslaria.

Zuzenekoa eskainiko duzue bihar, non eta Gasteizen, txosnetan. Noiz eta hogei urte bete dituzuenean taulan. Berezia izango da, ezta?

Bai. Berezia izango da; alde batetik, Gasteizko jaietan joko dugulako, gure hiria delako, jaiotzen ikusi gaituen hiria delako eta azken hogei urteak hiri honetan eta kanpoan eman ditugulako. Baina, bestetik, berezia izango da kontzertu hori grabatu egingo dugulako, baita Donostian eta Bilbon egingo ditugun kontzertuak ere, eta zuzenekoekin disko berria kaleratuko dugulako datorren urtean. Gasteizko kontzertuan soinua bakarrik grabatuko dugu, eta, irudiak, berriz, Donostian eta Bilbon. Duela hamar urte grabatu genuen zuzeneko bat Gironan (Herrialde Katalanak). Horrenbestez, azken hamar urteotako ibilbidea biribiltzeko eta hogei urte bete ditugula ospatzeko erabaki dugu zuzeneko bat kaleratzea datorren udaberrian.

Uda sasoian han eta hemen ibiltzen zarete Betagarrikoak, kontzertuak ematen, ia-ia atseden hartzeko betarik gabe. Gasteizko jaiez gozatzerik izaten al duzue?

Saiatu egiten naiz, bai. Txupinazo eguna, esaterako, sakratua izaten da niretzat. Gustuko ditut jaiak, baita kalean ibiltzea ere, baina neurri bateraino. Alegia, ez dut gustuko jendetzan bete-betean sartzea, blusekin eta abar. Nik jaiak beste modu batera gozatzen ditut, etxean lagunekin elkartuz, bazkalduz, buelta txiki bat emanez... Egunez ere giro polita izaten da Gasteizen; Aihotz plazan, esaterako, garagardo bat edo bermut bat bertan hartzea oso gustuko dut.

Txosnetara joateko ohitura duzun horietakoa al zara? Bertako giroa gustatzen al zaizu?

Bai, txosnak gustuko ditut. Baina iruditzen zait gune horrek ghetto kutsua duela. Trenbidearen beste aldean kokatuta egoteak ahalegin berezia eskatzen dio jendeari hara joatea. Uste dut txosnek erdialdean egon beharko luketela. jaien atal nagusi bat izateko, Bilbon gertatzen den bezala. Badakit Gasteizko txosnak ez direla sekula izango Bilbokoak bezalakoak, baina uste dut kokapena aldatzea ezinbestekoa dela. Txosnak gerturatu egin behar dira.

Hasiera batean hala zen, Florida parkean egon ziren hainbat urtez, eta, gero, Louis Heintz kalean jarri zituzten. Gogoan al dituzu garai horiek?

Bai, bai, orduan hirian barneratuagoak zeuden. Gogoratzen naiz Cojon Prieto y Los Guajolotes taldeak jo zuenekoa. Ni orduan Irlandan nengoen, baina taldearen zati bat Gasteizen zegoen, eta haiekin jo zuten, txosnetan. Oroitzen dut, halaber, Fermin Muguruzarekin ere jo genuela, bigarren disko kaleratua genuenean, 1998. edo 1999. urteen bueltan, txosnak Louis Heintz kalean zeudenean.

Zein da Gasteizko jaietan gogoratzen duzun kontzerturik onena?

Gogoan dut Kutxi kaleko taberna batean lan egiten nengoela, Betagarri taldea sortu berritan, eta jaietan kontzertu sorpresa bat egongo zen zurrumurrua zabaltzen hasi zela. Egun horretan Fermin Muguruzak deitu zidan anplifikadore batzuk eskatzeko, talde batek etorri behar zuelako Gasteizera zuzenekoa eskaintzera. Zein talde zen ez zidan esan nahi, baina hala eskatu nion, eta Mano Negra zela esan zidan. Mano Negra eta Tijuana No taldeek eman zuten kontzertu hura. Egun horretan, tabernatik atera eta zuzenean txosnetara joan nintzen; Mano Negra ikusi, eta txundituta geratu nintzen. Oraindik etxean dut Egin-ek kontzertu horri eskainitako azala.

Oroitzapen onak, beraz.

Bai, bai. Kontua da kontzertuaren ostean izerdi patsetan nengoela eta belarretan etzanda geratu nintzela eta hurrengo egunean pneumonia itzela izan nuela. Bi egun ohean pasatu behar izan nituen, gaixorik.

Orduko kontzertu erraldoirik ez dago aurten, baina talderen bat ikusteko gogoz al zaude?

Riot Propaganda ikusteko asmoa dut, txosnetan. Hogei urte bete dituzte, eta azken diskoan kolaborazio bat egitera gonbidatu ninduten.

Zeure burua ikusten al duzu hamar urte barru txosnetan jotzen?

Ez dakit. Galdera bera egin izango bazenit duela hamar urte, seguru ezetz esango nizukeela. Baina ez dakit nola ikusiko dudan neure burua 50 urterekin. Ez dakit, ideiarik ez daukat. Ez dakit beste proiekturen bat egingo dudan, ez baitakit jauzika eta saltoka neure burua ikusiko dudan hamar urte barru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.