Ania Saenz de Buruaga Fernandez de Gobeo gasteiztarrak irabazi du 2025eko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa, Guztion jaiak, guztiontzat lanarekin. Beraz, abuztuaren 4tik 9ra ospatuko diren udal jaien irudia izango da. Sariarekin batera, egileak 2.000 euro jasoko ditu.
Gasteizen jaioa da Saenz de Buruaga, eta Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren ibilbide profesionala hirugarren sektoreko erakundeekin lotuta egon da batez ere; haren lan grafikoak, berriz, lotura zuzena izan du gizarte mugimenduekin, erreibindikazioekin eta ekinaldi sozialekin. Haren esanetan, horrek aukera eman dio diseinuari zentzua emateko eta aldarrikapenaren ikuspegitik lan egiteko. 2025eko jaietako irudi ofiziala izango den kartelak inklusibitatea, aniztasuna eta partaidetza irudikatu nahi ditu, Gasteizko jaietan guztientzat lekua dagoela aldarrikatuz.
Lehiaketan 57 egilek hartu dute parte. Lehen fasean, Arabako diseinuaren arloko bost profesionalek osatutako epaimahaiak bost finalista hautatu zituen. Finalista bakoitzak 500 euroko ordainsaria jaso du. Bigarren fasean, epaimahaiak bost proposamen finalisten artean Ania Saenz de Buruagaren kartela hautatu zuen garaile. Epaimahaia erakunde hauetako ordezkariek osatu dute: Gasteizko Udaleko Komunikazioko teknikari bat, DIGA Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkartea, IDarte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskola, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola, eta IES Ekialdea BHI institutuko Arte Batxilergoko saila.