30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Gozategi taldeak, eta oraindik ere bete-betean dabiltza plazaz plaza. Euskal Herriko hamaika oholtza eta eszenatokitan ibili ondoren, Elgoibarren txanda izango da bihar. Orioko taldeak bere doinuekin girotuko du festa.Â
22:30ean hasiko da kontzertua, herriko plazan, San Bartolome jaietako egitarauaren barruan. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.Â
Gozategi taldeak hainbat belaunalditako jendearen arteko zubi bihurtu ditu bere kantuak. Iñigo Goikoetxea Gozategiko kideak azaldu duenez, badirudi gizartea asko aldatu dela azken 35 urteotan. «Baina orain dela 35 urteko kantuak gaur-gaurkoak dira oraindik ere, eta horrek esan nahi du gizartea aldatu arren kantuek aipatzen dituzten arazoek bere horretan jarraitzen dutela».Â
Makina bat kontzertu eman dituzte urteotan, eta bakoitzak bere ezaugarriak dauzkala dio Goikoetxeak. Azaldu duenez, alde handiak daude herri batetik bestera, eta are handiagoak herrialde batetik bestera: «Ez da gauza bera Zuberoan jotzea, Lapurdin jotzea eta Bizkaian jotzea...». Hala ere, gaineratu du denek dutela euskara oinarrian eta horrek elkartzen dituela guztiak.Â
Oroitzapen ona Elgoibarren
Taldea sortu zutenetik, behin baino gehiagotan eman dute kontzertua Elgoibarren; Goikoetxeak zehaztu duenez, azkena «orain dela hiru urte inguru» egin zuten, eta «oso oroitzapen ona» daukate. Gozategi taldeko kideak uste du Elgoibarreko publikoak kantu gehienak dakizkiela eta prest dagoela «festa jator bat bizitzeko». Taldeko kideentzat «hainbat belaunaldik eta pentsatzeko moduk bat egiteko tokia sortzea» da festa jatorra. Gaineratu du beti izan dutela giro on hori Elgoibarren. «Eta aurten ere hala izango da, ziur». Biharko kontzertua «arnasgune» bat izan daitekeela uste du Goikoetxeak. Izan ere, haren ustez, garai honetan jendeak «modu ezberdinean» bizi ditu harremanak. «Sakelakoari adi-adi egoten gara». Â
1992an jaio zen taldea, Kantauri itsasoaren kostaldean, Orion. Ainhoa eta Asier Gozategi anai-arrebak ezagunak ziren ordurako, erromerietan ibiltzen baitziren. Iñigo Goikoetxearekin bat egin zuten gero, eta 1994an lehen maketa kaleratu zuten; arrakasta handia izan zuten. Ordutik Euskal Herrian eta atzerrian aritu izan dira, eta gaur egun herriz herri ibiltzen dira. Goikoetxeak esan du «musika egitea gustuko dutelako» segitzen dutela jotzen, eta lana «oso pisutsu» bihurtzen zaiola gustura egiten ez duenari. Taldea egokituz joan da urteotan, eta gaur egun seikote bat dira. Goikoetxeak ziurtatu du «kantuak bizitzeko eta ulertzeko oso modu antzekoa» dutela sei kideek. «Gure artean konexio bat sortzen da kantuak interpretatzen ditugunean».