Inaxio Perurena

«Harriak jasotzea mendekotasun moduko bat da niretzat»

Bost urtetan hasi zen Inaxio Perurena harriak jasotzen, hamabi urterekin entrenatzeari ekin zion, eta gaur egun oraindik harrapatuta daukala dio. Harriak altxatzeak ba omen du «zerbait».

2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Plazan sartu, gerrikoa ondo estutu, gorputza berotu, eta gora! Aitak lagunduta hasieran, bere kabuz ondoren, hamaika erakustaldi egin ditu Inaxio Perurenak (Leitza, 1984) han-hemenka. Gazte askok lurretik altxa ere ezin dituen pisuak jaso ditu leitzarrak, baina oraindik badu gainditzeke duen muga bat: 300 kiloko harria.

Zer moduz doa 300 kilokoaren erronka?

Gaizki, gaizki! Badirudi erronka horrek pixka batean itxaron beharko duela... Gerrialdeko minez nabil, eta harriak jasotzerakoan dezente nabaritzen dut. Erresonantzia egin didate, eta hernia bat atera zaidala esan didate medikuek...

Eta orain zer? Herniarekin harriak jasotzen aritzeko nahiko lan izango duzu...

Bai... Hernia ez da oso handia, eta ez dago oso aterata, baina harria jasotzeko atzerantz etzaten naizenean min ematen dit. Nik ez dut kirurgiarik nahi, hori azken aukera da niretzat. Beraz, orain zaindu egin behar dut, luzatu, masajeak...

Orduan erakustaldiak bertan behera utzi dituzu?

Ez, ez, egiten ditut, baina lasaiago nabil... Adibidez, duela aste pare bat erakustaldi bat izan nuen, eta 230 eta 263 kiloko harriak eraman nituen, baina 263 kilokoa ezin izan nuen altxa. Kontua da gure kirol honetan ez dagoela inolako diru laguntzarik eta izaten den diru pizarra horrelako erakustaldietan lortzen dela. Hortaz, erakustaldiak egiten jarraitzea komeni!

Hara! Diru laguntza aldetik eskas, beraz...

Oso. Herri kiroletan gabiltzan guztiok lana ere egin behar izaten dugu. Harri-jasotzea oso kirol polita da, ederra, baina norberak ordaindu behar izaten du dena, eta sakrifizio hori gure gain hartu behar dugu. Jakina da herri kirolak ez direla gaurko kirol modernoak bezalakoak. Futbolari edo pilotari bati fitxa egiten dio enpresak, eta medikuak, masajistak... enpresaren kontura izaten dira, hemen ez!

Dena dela, gustura ibiliko zara, ezta?

Bai, bai! Harriak jasotzea mendekotasun moduko bat da niretzat! Bost urterekin hasi nintzen, eta pixkanaka erabat barneratu naiz. Azkenean, gustatuko ez balitzaigu edo ez bagenu biziko, ez ginateke horrela ibiliko.

Eta zu oraindik gaztea zara. Erakustaldiekin-eta parrandak egiteko aukerarik bai?

Bai, tira... Parrandak ere justu xamar! Askotan, gainera, afari batean zaude, gustura, eta alde egin behar izate horrek izorratzen du, bai! Kar-kar-kar. Baina gero erakustaldian ondo aritzen bazara, poz horrek ere merezi izaten du! Baina bai, batzuetan lagunekin-eta trago bat hartzen ari naizenean haiekin gustura geratuko nintzela ezin uka!

Tira, baina harri-jasotzearen aitzakian kanpora ateratzeko aukera ere izan duzu...

Batez ere Euskal Herri inguruan ibiltzen gara, baina Parisen, Malaga aldean (Espainia)... ibili izan gara, bai. Gustura, egia esan.

Eta jendeak nola erreakzionatzen du?

Ondo. Kirola nondik datorren azaltzen dugu pixka bat. Baina, hala ere, gaur egun jendea harritzea zaila da. Orain, telebistan milaka gauza ikusten dira, eta jendea gauza harrigarriak ikustera ohituta dago. Hala ere, harriak altxatzen saiatzeko proposamena egiten dugu, eta orduan animatu egiten dira. Batzuetan, adibidez, ikusleen artetik gimnasioko mutil gihartsuak ateratzen dira, baina ez dute 111 kiloko borobila lurretik altxatzen, eta, gero, guk lepoan bueltaka darabilgula ikustean, egoera politak sortzen dira!

Horrek halako poz bat emango dizue, ez?

Bai... Guk ondo ezagutzen dugu, badakigu nola den... Baina, bai, barregarria izaten da!

Euskal Herrian ere berdintsua izango da, ezta? Gaur egun, kaleko jende asko dago eta...

Baietz esango nuke, pixka bat aldatu dela... Lehen, normalean jendea animatu egiten zen 100 edo 111 kiloko harria jasotzen saiatzera; orain, aldiz, bakarren bat ateratzen da, baina askotan hori ere ez. Uste dut jendeak beste bizimodu bat duela orain, indarra edo kiloen gose hori alde batera utzita daukala. Gaur egun 250 edo 500 kilo esatea berdin zaio jendeari.

Eta zenbat aldiz galdetu dizute harriak jasotzeko txuleta asko jaten dituzun?

Topiko hutsak dira horiek. Nik haragia egunean bitan jaten dut, proteina asko duelako. Baina ez ditut, noski, horregatik altxatzen harriak. Bestela, elkarte gastronomikoak harri-jasotzailez gainezka egongo lirateke!

Inaxio, bada, zaindu zaitez!

Bai! Erabat sendatzea zaila da, baina hor ibiliko naiz oraindik gerrikoa sendo-sendo lotuta eta tente-tente, gehiegi etzan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.