Piztu dute festaren sua

Kanoiak eztanda egin du, eta hasi da Donostiako Aste Nagusia. Amara Berri auzo elkartea eta Gipuzkoako Elikagai Bankua omendu ditu Donostiako Udalak. Kantuz eta dantzaz ekin diete jaiei.

Gastronomiako Euskal Anaiarteko kideak, gaur, Donostiako udaletxean. JON URBE / FOKU
Gastronomiako Euskal Anaiarteko kideak, gaur, Donostiako udaletxean. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko abuztuaren 9a
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Donostiarrak ez gara oso zaratatsuak, baina kanoikada bota behar da festak has daitezen. Beste leku batzuetan ez dute pizgarririk behar, baina hemen bultzadatxo bat behar dugu. Nahiko hotzak gara, eta kanoiak berotzen gaitu». Bideokamera eskuetan, bisera buruan eta eguzkitako betaurrekoak sudur gainean, Guillermo Esponda prest dago, urtero bezala, Donostiako udaletxearen aurrean. Inguruan ditu musika bandakoak, harago erraldoiak eta buruhandiak, lainoa sartu bezain pronto betaurrekoak gorde dituzten herritarrak, eta militar tankerako beste herritar ugari. 

Handik hurbil dago Digna Albeniz. Suak Kontxako barandatik ikusi ohi ditu, eta hastera doan ekitaldia ere, antzera. Aurrean ditu udal ordezkariak, baita arrantzaleen zapidun eta boluntarioen peto urdindun herritarrak ere, elkarri helduta dantzan, lelo bat ahoan: «Artillero, dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero…». Gustura ari dira hura abesten Olaia Sagredo eta Itsasne Da Silva ere, Alderdi Ederren. Su Festen Nazioarteko Lehiaketako epaimahai gazteko kideak dira, eta, nabarmendu dutenez, traka indartsu bat ezinbestekoa da su festa balekoa izateko.

Dirudienez, donostiarrek badute zerbait suarekin, eztandekin. Artillero abesteari utzi diote udaletxe aurrean. Gastronomiako Euskal Anaiarteko artillari nagusia, Onintza Mokoroa, igo da kanoiaren atzera… eta danba! Su eman dio kanoiari, eta, hortaz, piztu da festaren sua.

Zazpiak pasatuta

Zazpiak pasatuta bota dute gaur kanoikada, eta horrela hasi da Aste Nagusia. Amara Berri auzo elkarteko eta Gipuzkoako Elikagai Bankuko ordezkariak izan dira protagonistak, haiek omentzea erabaki baitu Donostiako Udalak. «Ilusio handia pizten digu hemen egoteak. Datorren urtean 30 urte egingo ditu Amara Berri auzo elkarteak, 30 urte festak antolatzen. Guretzat ohore bat da hemen egotea», nabarmendu du Nerea Albisuk, Amara Berri auzo elkarteko kideak.

Albisuk bezala, Olatz Azpeitiak ere lepotik lotuta darama Amara Berriko karmenetako zapi zuri-urdina. Han egoteko aukera eskertu du berak ere: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu udala auzo elkarteez gogoratu izana. Gu Amara Berrikoak gara, baina auzo elkarteek lan handia egiten dute, eta hori aitortzea oso garrantzitsua da». Edonola ere, gogorarazi du ez dela beti erraza izaten udalarekin lankidetzan aritzea: «Udalarekin lan egitea gogorra da beti; lan asko egin behar da zerbait lortzeko. Udalaren babesa behar dugu, eta haiek ere behar dute gurea, festak antolatzeko. Festa hiri osora zabaltzeko eskatzen dugu: ea auzoetara zabaltzen den».

Haien inguruan dabiltza peto urdindunak: Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideak. Juanjo Amunarriz kideak ere «ohoretzat» jo du kanoikadan parte hartzeko aukera izatea: «Gure ustez egin behar dugun hori egiten dugu. Oso garrantzitsua da jendeak jakitea zer egiten dugun, nola eta zergatik. Eta lanean segituko dugu. Beharrezkoa da».

Denak nahastuta ari dira dantzan, baita zinegotziak ere… Hor dabil Jon Insausti Donostiako Udaleko Turismo, Kultura eta Euskara zinegotzia, Aste Nagusiaren hasiera ospatzen: «Gure lana da zortzi egunotan dibertimendua izatea kalean, eta mimo handiz prestatutako laurehun jarduera egongo dira. Festak topagune izaten dira, lagunekin 
eta familiartean gozatzeko garaia: horixe desio diet donostiar guztiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.