Hego Euskal Herriko jatetxeek Michelin izarrak pilatzen jarraitzen dute

Lehen aldiz Michelin izar bat jaso dute Mungiako Bakea jatetxeak, Bilboko Islaresek, Donostiako Itzulik eta Zornotzako La Reveliak. Arzakek, Martin Berasategik, Akelarrek eta Azurmendik eutsi egin diete hiruna izarrei.

Mungiako Bakea jatetxeko lantaldea. BAKEA
Mungiako Bakea jatetxeko lantaldea. BAKEA
unai zubeldia
2025eko azaroaren 26a
09:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste lau. Lehia moduko bat bihurtu da gastronomia arloko Michelin izarrena, eta Hego Euskal Herriko jatetxeek goi mailan jarraitzen dute. Atzo iluntzean egin zuten Michelin izarrak banatzeko gala, Malagan (Espainia), eta Hego Euskal Herriko lau jatetxek lehen aldiz jaso zuten Michelin izar bat: Mungiako Bakea jatetxeak (Bizkaia), Bilboko Islaresek, Zornotzako La Reveliak (Bizkaia) eta Donostiako Itzulik. Alatz Bilbao da Bakeako sukaldaria, Julen Bergantiños Islaresekoa, Fernando Gonzalez La Reveliakoa, eta Iñigo Lavado Itzulikoa. Lavadok duela urte erdi eskas zabaldu zuen jatetxea, Igeldon.

Itzuli jatetxea, Igeldon.
Itzuli jatetxea, Igeldon. ITZULI

Koska bat gorago, orain arteko hiruna izarrei eutsi diete Arzak jatetxeak (Donostia), Akelarrek (Donostia), Martin Berasategik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) eta Azurmendik (Larrabetzu, Bizkaia).

Izar berdeak ere banatzen dituzte urtero-urtero, gastronomia jasangarria saritzeko, eta bost izar berde horietatik lau Hego Euskal Herriko jatetxeek jaso zituzten: Tolosako (Gipuzkoa) Amak (Gorka Rico eta Javier Ribero), Villabona-Amasako Hikak (Roberto Ruiz), Mungiako Bakeak eta Dimako (Bizkaia) Garenak (Julen Baz).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.