Komunikazioa. Mikel Estarrona. Tas-Tas irratiko sortzaileetako bat

«Helburuak aurrera atera ezin ditugulako itxiko dugu irratia»

Bilboaldeko irrati entzuleak umezurtz geldituko dira udan: Tas-Tas irrati libreak emititzeari utziko dio denboraldia amaitzean.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Tas-Tas irratiaren hastapenetatik dabil buru-belarri lanean irrati librean Mikel Estarrona (Bilbo, 1957). Denboraldia amaitzean, uztail bukaeran, ez da gehiago entzungo Tas-Tas Bilboaldeko irrati komunitarioa. 21 urteko jardunarekin amaituko dute, urte horietan guztietan egindako lanaz harro: ahotsa ez dutenei eman.

Zergatik itxiko duzue Tas-Tas irratia?

Zaila da erantzutea. Laburbilduz, gure helburuak aurrera atera ezin ditugulako itxiko dugu irratia. Gainera, ezinezkoa egiten zaigu gauden tokian mantentzea. Hastapenetatik egon gara amildegiaren ertzean, gizarte mugimendu askoren antzera, eta desorekarik txikienak hondarrezko gaztelua desegitea dakar.

Zuen artean desadostasunak izan al dituzue?

Bakoitzak bere aldetik, eta asmo onenarekin, aurrera ateratzeko modua aurkitzen du. Bi irrati eredu planteatu ziren, nahiz eta askok esan eredu berbera zela. Alde batetik, mugimendu sozialak oinarrian harturik kalitatezko irratia egiten saiatzen ginen, gizartean eragiteko helburuarekin. Beste edozein irrati komertzialekin lehiatzea genuen xede. Konplikatua da, soldatapeko langileak eta finantzaketa iturri egonkorrak behar-beharrezkoak baitira. Garai honetan zaila da, militantzia, guk ezagutu dugun bezala, gainbeheran dagoelako. Bidea oso zaila zen. Beste alde batetik, sektore batek atzera egin nahi zuen irratia egonkortzeko xedez. Soldatapeko langileak eta beste gauza batzuk bazterrean utzi nahi zituzten. Hor desadostasun bat egon zen, eta nahiko ahulduak geratu gara aurrera jarraitzeko.

Oso zaila izango zen ixteko erabakia hartzea.

Nahiago izan dugu orain ixtea, duintasun osoz eta egoera onean. Gure konpromisoekin eta zor guztiekin beteko dugu, eta era ordenatu batean itxiko dugu. Ez dugu nahi planteatu 'ai ze pena, irratia erori zaigu' bezala. Baizik eta 'a ze zortea eduki dugun horrelako irrati bat 21 urtez mantentzea'.

Alderdi ekonomikoak zerikusia izan al du?

Alderdi ekonomikoa beti izan da konplikatua, baina ez da izan, nire ustez, garrantzitsuena. Antolakuntza, funtzionamendua, eta lan gaitasuna mugatuak genituen.

Helburuak aurrera ateratzea ezinezkoa zaizuela aipatu duzu. Zeintzuk dira helburu horiek?

Gizartean eragitea nahi dugu,agenda publikoan gaiak jartzeko ahalmena izatea. Komunikazio alorretik, gizartean gure harri koxkorra jartzea. Entzule kopuru handiak lortu, eta gainontzeko hedabideekin lehiatzea nahi genuen. Urrun geunden oraindik, baina bide horretan aurrerapausoak ematen ari ginen. Sarbiderako eskubidea zen gure helburuetako bat, maila guztietan. Eragile sozial batek agian ezin du saio bat sortu, baina, zerbait komunikatzeko beharra badu, egitura eta komunikazio proiektu komun bat behar dugu.

Nola hartu duzue erabakia hastapenetatik irratian zaudetenak?

Hasieratik daramat hemen, eta orain horrela bukatzea inoiz pasa zaidan gauzarik tristeena da. Niretzat, bizitzeko era bat zen, niretzat eta beste askorentzat. Baina alderdi baikorrari begiratu behar zaio. Gauza onak egitea lortu dugu, nahiz eta gauza asko kontra eduki. Gizarteak egindako lana aitortu digu, bai Euskal Herrian, bai kanpoan. Merezi duen zerbait sortu dugu, eta hor egongo da norbaitek etorkizunean lekukoa hartu nahi badu.

Nola sortu zenuten Tas-Tas irratia?

1980ko hamarkadan irrati asko sortu ziren Bilbo inguruetan. Hamarkada bukaeran desagertuz joan ziren, eta horietako irrati batzuk elkartu, eta irrati libre bat egitea eztabaidatu genuen, kalitate handikoa eta gizartean eragina izango zuena.

Zergatik dira beharrezkoak gizartean irrati libreak?

Komunikazioa oinarrizko eskubidea da. Sektore pribatuak gehienbat etekina ateratzea du xede. Sektore publikoak, nahiz eta gizartearen mesedetan lan egin behar lukeen, alderdien menpe daude. Hirugarren sektorea da, zuzenean gizartetik sortzen dena,gizartea beraren komunikazio beharrak hoberen asetzen dituena; gainontzeko interesetatik at daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.