Larunbat goiz batez, miru gorriak zeharkatzen ditu Gasteizko Salbatzailearen hilerriko lursailak. Haren begietatik ikusita, behean hektarea bateko lursail xume baten inguruan biltzen diren 25 pertsonak gauza txikiak dira. Figura horiek, ordea, gai handiak ari dira eztabaidatzen: heriotza, natura, jasangarritasuna, ekologia... Gai horiek guztiak uztartzen ditu lurperatze naturalaren eta hileta ekologikoen praktikak. Zer dira, ordea, hileta ekologikoak?
«Osagai erabat biodegradagarriekin eta jasangarriekin egiten den hileta da hileta ekologikoa: kartoizko hilkutxa, desegiten diren oihalezko jantzi ekologikoak, eta abar», azaldu du 25 pertsonako talde hori gidatzen duen hizlariak, Jordi Mirallesek. AEN Lurperatze Naturalaren Elkarteko presidentea da Miralles, biologoa ogibidez, eta ekologista militantziaz. «Gorpuak zuzenean lurrean bertan ehorztea proposatzen dugu, horrela desegin eta hilerri naturaleko landarediarekin bat egin dezaten», zehaztu ditu lurperatze naturalaren nondik norakoak Mirallesek.

Euskal Herriko hilerrietan porlanezko hobiak, usteltzen ez diren hilkutxak eta burdinazko urnak nagusi direla ikusita, askorentzat arrotza eta bitxia izango da lurperatze naturalaren kontzeptua. Alta, munduan zehar oso zabalduta dagoen eredua dela ziurtatu du Mirallesek: «AEBetan 400 bat hilerri natural daude; Erresuma Batuan, 250; Herbehereetan, 70 bat...». Frantzian ere hamazazpi bat hilerri natural badira. Euskal Herri osoan, berriz, bat bera ere ez dago.
Heriotzaren negozioa
Zergatik ez da iritsi Euskal Herrira beste lurretan hain ohikoa den praktika? «Heriotza negozio bat delako. Ehorztetxeek diru asko ateratzen dute hilkutxak saltzen, hiletak antolatzen, hilarriak egiten, eta, finean, momenturik zaurgarrienean familiei beren zerbitzuak eskaintzen», erantzun dio galderari Nuria Valverdek, elkarte bereko kideak. Bat etorri da Miralles: «Hemengo hilerriak porlanezko oihanak dira, eta horren arrazoi nagusiak bi dira: ekonomikoa bata, eta kristautasunaren eragin handia duen legedi zaharkitua bestea. Izan ere, ez da ahaztu behar Espainiako Estatuan ehorzteak erregulatzen dituen legea 1974koa dela».Â
Horren aurrean, lurperatze naturalak alternatiba askoz ekonomikoagoa eskaintzen du, Valverderen eta Mirallesen arabera. «Pertsona bat kartoizko hilkutxa ekologiko batekin zuzenean lurperatzea harrizko hilobian ehorztea baino askoz merkeagoa da», baieztatu du Valverdek. «Gaur egungo eredua ez da jasangarria, irabazia bilatzen baitu, ez jasangarritasuna. Balio ekologistak ditugunok eskubidea dugu heriotzan ere horiei eusteko», gehitu du Valverdek.
«Gaur egungo lurperatze eredua ez da jasangarria. Balio ekologistak ditugunok eskubidea dugu heriotzan ere horiei eusteko»
NURIA VALVERDEÂ AENeko kidea
Hain zuzen ere, lurperatze naturalaren balioen eta koherentzia etikoaren inguruko hitzaldia eman zuen Valverdek, elkarteak joan den asteburuan Gasteizen antolatutako kongresuan. «Ez da kontu ekonomikoa edo ekologikoa soilik: koherentzia kontua ere bada. Gure eguneroko bizimoduan planeta babestu eta natura zaintzeko erabakiak hartzen baditugu, zergatik ez dugu arlo hori zainduko, baita hil ondoren ere?», bota du galdera Valverdek.Â
Gasteiz, hilerri naturalen aitzindari?
Arrazoi horiengatik, lurperatze naturalaren praktika defendatzen du elkarteak, eta hura zabaltzeko lehen kongresua antolatu du Gasteizen. Zergatik Arabako hiriburuan? Han bertan hilerri natural bat sortzeko aukera aurreikusten dutelako. Izan ere, «gorpuak zuzenean lurrean ehorztea erabat legezkoa bada ere, leku gehienetan ez da hala egiten, ohitura falta eta hilerrien prestaketarik eza tarteko», deitoratu du Mirallesek.

Gasteizko Salbatzailearen hilerrian, ordea, bada salbuespen bat. Musulmanentzako prestaturiko lursaila dago bertan, eta, haien erlijioaren sinesteen arabera, zuzenean lurrean ehorzten dituzte zenduak islamaren jarraitzaileek, hil oihalarekin soilik jantzita. «Gure ustez, horrek frogatzen du lurperatze naturalaren eta hilerri naturalen existentzia erabat posible dela. Gasteizen jada egiten da musulmanekin, baina bestelako sinesmenak dituztenekin ere egin ahalko litzateke, edozein fede eta pentsaeratako hilak hartuko lituzkeen lursail bat sortzeko. Udaleko teknikariarekin hitz egin dugu, eta interesatua zirudien», kontatu du Mirallesek.
Hildakoekin bueltaka
Aukera hori posible dela erakusteko antolatu du AENek Gasteizko Salbatzailearen hilerrirako bisita gidatua, eta horregatik daude 25 bat pertsona Mirallesi adi-adi begira, hilerriko zeruetan hegaka dabilen miru gorriaren begiradapean. Hilerriko 113. partzelaren ondoan daude, eta bertan hilerri natural bat nola egin ahalko litzatekeen azaltzen ari da Miralles. «Hemen hilak ezarriko genituzke, demagun dozena erdi bat, sei metroko tartearekin. Hektarea bateko lursail honetan, 400 bat gorpu sartuko lirateke horrela».
Gorpu horiek, ordea, ez lukete hilarri edo gomutakirik, oraindik ere hilerrietan ohikoa den bezala. «Lursailean zehar, tokiko landare eta zuhaitzak landatuko lirateke, biotopo berezia sortzeko. Sarreran, estela edo plaka bat legoke, bertan lurperaturik daudenen izenekin», deskribatu du Mirallesek. Hildakoak gogoratzeko leku finkorik ez? Arbasoak zehazki non ehortzirik dauden jakitera ohituta dagoen gure gizartean, jendeari gogorra irudi lekioke, Mirallesek berak aitortzen duenez. «Hala ere, nork ukatuko du naturan, baso antzeko batean paseatzea hildakoak oroitzeko modu askoz ederragoa dela, hilarri soil batean loreak jartzea baino?», defendatu du bere ikuskera biologoak.Â
«Nork ukatuko du naturan, baso antzeko batean paseatzea hildakoak oroitzeko modu askoz ederragoa dela, hilarri soil batean loreak jartzea baino?»
JORDI MIRALLESÂ AENeko presidentea
Entzuleak, behintzat, badirudi konbentzitu dituela. Horietako bat da Naiara Perez de Mendiola gasteiztarra. «Nik ez nuen lurperatze naturala ezagutzen, baina hiltze emagin ikastaro bat egin nuen, eta Jordi [Miralles] etorri zen hitzaldi bat ematera, eta orduan ezagutu nuen», azaldu du bertaratzearen arrazoia gasteiztarrak. «Nire balioekin erabat koherentea iruditzen zait, heriotza bi zentzuetan naturalizatzeko modu bat. Gainera, fede guztietako biztanleentzako hilerriak sortzeko modu bat litzateke. Uste dut hor musulmanek ireki diguten abagunea baliatu beharko genukeela horrelako espazioak eraikitzeko», xehatu ditu bisitaren ondorengo bere inpresioak Perez de Mendiolak.
Hain zuzen ere, hilerriaren lursail musulmanean izan du bisita gidatuak bigarren geldialdia. Mekara begirako hilarrien artean, gorpuak lurrean bertan lurperatzea posible dela erakutsi nahi izan dute Mirallesek eta Valverdek. Edurne Huesa ordiziarra, entzuleetako bat, konbentzituta ageri da. «Hilerriaren eta herriaren arabera, baina nik uste dut posible dela gure herrietan horrelako esparruak zabaltzea. Ekologismoaren inguruko aktibista izan naiz urte luzez, eta uste dut ez dela egokia gure hilerriak porlanezko kutxak izatea. Bada garaia gure herrietan horrelako hilerri naturalak eraikitzen hasteko», esan du ordiziarrak.Â
Udalei eskaera
Asmoak asmo, oraingoz ez dago Euskal Herriko hilerrietan horrelako esparrurik. «Aukera badago, baina borondate politikoa falta da», deitoratu du Mirallesek. Gasteizen, ordea, udaleko langileekin harremanetan izan dira elkarteko kideak, eta bertan lehenengo hilerri naturala sortzea gustatuko litzaieke. «Gasteiz aitzindari litzateke, eta oso ongi egingo luke bat green capital markarekin. Hiriaren irudirako eta turismorako ere lagungarria izango litzateke», zerrendatu ditu arrazoiak elkarteko presidenteak.Â
Gasteizko Udala soilik ez, beste herri batzuetako erakundeak ere horrelako esparruak sortzera animatu nahiko lituzke elkarteak. Horretarako, bertaratutakoei beren udaletara gutunak idazteko eskatu diete, aukera planteatzeko. Behin horrelako bat sortuta, zabalkundea oso azkarra izan daitekeela aurreikusten du Mirallesek. «Frantzian lehen hilerri naturala ireki zutenean, oso gauza txikia izan zen. Bigarrena ireki zutenerako, ordea, leku guztietatik iristen ziren hildakoak, bertan lurperatzeko».
Hemendik urte batzuetara, baso erako esparru naturalak izango al dituzte Euskal Herriko hilarriek, defuntuak bertan modu naturalean lurperatzeko? Batek daki. Elkarteak horren alde lan egiten jarraituko duela ziurtatu du Mirallesek, bai Euskal Herrian, bai Iberiar penintsulako gainerako lurraldeetan. Benito Lertxundiren kantako desioa galdera bihurtuz, hilerrietako lur emankorretan isurtzen diren asmoak gogotsu hartuko al ditu lur gozoak?Â