PROPOSAMENAK

Herri mugimenduak, Izarran

Iraultza Txikien Akanpada egingo dute asteazkenetik igandera bitarte, Izarran (Araba). Hitzaldiak «egitura klasikotik» urrundu eta gogoeta kolektiboa hauspotzea izango dute xede

Iraultza Txikien Akanpadako 2021eko harrera ekitaldia, Artean (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Izarra
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko herri mugimenduak eta borrokak saretzea» du helburu Iraultza Txikien Akanpadak. 2018an Zubietan egin zuten (Gipuzkoa), eta 2021ean, Artean (Bizkaia). Aurten egingo dute hirugarrena, Izarran (Araba), datorren ostegunetik igandera. Horrela erabaki dute antolatzaileek, pixkanaka Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa baitute. Gainera, «txikitasunak» daukan garrantzia aintzat hartuta, landa eremuko herri batean egiteko hautua hartu dutela adierazidu Andere Ormazabal antolatzaileak: «Ikuspuntu deszentralizatua hauspotu dugu antolatzaileok».

Saretzeko, eztabaidatzeko, elkar elikatzeko eta kontraesanak sortzeko gunea izango da Ostuño parkea. Hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jarduerak, kultura eskaintzak, jolasak eta abar izango dira kanpaldiko «txinpartak». 30 hitzaldi eskainiko dituzte guztira, eta hiru gune prestatu dituzte horretarako. Urtero legez, orotariko gaiak jorratuko dituzte: ekologismoa, feminismoa, antirrazismoa, LGTBI kolektiboa, euskalgintza...

Hitzaldiak «egitura klasikotik» urrundu nahi ditu antolakuntzak. Hizlariek taldeetan egiteko ariketa espezifikoak proposatuko dituzte horretarako, eta «gogoeta kolektiboaren ekarpena egingo dute». Mugatua izango da haien mintzaldia, taldearen gogoetari arreta berezia eskaini nahi diote eta.

Egitarau ludikoa prestatu dute. Izan ere, hausnartzeko ez ezik, gozatzeko eta dantzatzeko tartea ere egongo da. Esaterako, plana familiarekin egiteko aukera izango du nahi duenak, adin guztientzako espazioa izango da eta. Horrez gain, nerabeentzako zein helduentzako ekintzak egongo dira. Umeentzako jarduera ugari antolatu dituzte: ipuin kontaketa, zirku tailerra, irteera bat basora... Asteazkenean egingo diete harrera ekitaldia, 16:00etan.

Egun bakoitzean badago zerekin gozatu. Haragizko erreformak poesia liburuaren emanaldi musikatua aurkeztuko dute ostegunean, 22:00etan; ostiralean, berriz, bertso afaria egingo dute, 21:00etan.

Musikak eta arteak presentzia garrantzitsua izango dute kanpaldian. Arabako Atrikipunk bertsio taldeak girotuko du festa larunbatean, 13:30ean. Igandean, azken egunean, Borroka ezberdinak eta zeharkatzen gaituzten antzerako arazoak murala margotuz hasiko dute eguna, 10:00etan. Azkenik, Dantzaplazarekin agurtuko dute kanpaldia, 16:00etan.

Autogestioan oinarritzen den ekinaldi bat da Iraultza Txikien Akanpada, eta antolatzeko prozesua irekia da. Oinarri asanblearioa dauka antolakuntzak: asanblada bat dago, eta lantaldeak osatzen dituzte. Gainera, eztabaida gaiak aukeratzeko, herri mugimenduaren barruko kolektiboetako kideen benetako kezkak eta ardurak zeintzuk diren aztertzen dute aurrena.

Aurten, otorduak besterik ez da ordaindu beharko, gainerako jarduera guztiak doan izango baitira. Egunez eguneko egitarau osoa eskuragarri dago Ita.eus webgunean.

Iraultza Txikien Akanpada



Ostegunetik igandera, egun osoan, Izarran (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.