Aurten ere Iruñeko O-ko Andre Maria plazan txosnak jarriko ditu Herri Sanferminak plataformak. Askotariko egitaraua osatu nahi izan dutela adierazi dute antolatzaileek, eta Iruñeko talde hasiberriei ere lekua egin nahi izan dietela. Uztailaren 6an, txupinazo propioa izango dute 14:00etan, eta orduan hasiko da besta: Trikiteens, Ezpika, Los Benis, Siwanaba DJa eta Hiru Hirukiak DJa arituko dira oholtzan lehen egunean.
Bazkariak, tailerrak eta bingo musikatuak izango dira aurtengo sanferminetan, besteak beste. Kontzertuez gain, egunero antolatuko dituzte arrats antitaurino deiturikoak, zezen plazatik kanpoko kultur aukera bat eskaintzeko asmoz. Bestalde, plataformakoek bat egingo dute uztailaren 10erako deituta dagoen Palestinaren aldeko manifestazioarekin.
